Bartzelona, Milan eta Real Madril Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan dira. Lau partida jokatzearekin nahikoa izan dute kanporaketak jokatuko dituzten hamasei talderen artean toki bat ziurtatzeko. Ligaxka, baina, ez da oraindik amaitu. Bi jardunaldi falta dira jokatzeko, hain zuzen ere, final-zortzirenak jokatuko dituzten beste hamahiru taldeak nortzuk izango diren zehaztuko duten azkeneko bi jardunaldiak.
Gaur eta bihar artean jokatuko den bosgarren jardunaldia erabakigarria izan daiteke. Ez da gutxiagorako, sailkatzeko falta diren hamahiru taldeak gaur eta bihar artean gera daitezkeelako zehaztuta: gaur, zazpi, eta bihar, sei. Horretarako, baina, hamaika konbinazio eman behar dira.
A multzoan, Bayern Munichek eta Manchester Cityk gaur bertan lor dezakete kanporaketetan sartzea. Alemaniarrek dute lanik samurrena. Gaur etxean Vila-realekin berdintzearekin nahikoa lukete. Galduta ere sailka daitezke, Napolik etxean Ingalaterrako taldeari ez badio irabazten. Hain zuzen ere, Manchester Cityk Italian irabaziz gero, alemaniarrak eta ingelesak sailkatuko lirateke.
B multzoan, Inter eta CSKA Mosku sailka daitezke gaur. Horretarako, irabazi egin behar dute biek: italiarrak, Trabzonsporren zelaian, eta errusiarrak, etxean, Lilleren aurka. Hain justu, CSKAk irabaziz gero, Inter zuzenean sailkatuko litzateke, Istanbulen gertatzen dena gertatzen dela.
C multzoan, Benfica eta Manchester United gaur izan daitezke final-zortzirenetan, Lisboan berdintzen badute eta Basileak Otelul Galatiren zelaian galtzen badu. Suitzarrek berdinduz gero, Benficak nahikoa izango luke berdintzea sailkatzeko. Errumaniara begiratu nahi ez duen taldeak argi du zer egin behar duen: Old Traffordeko neurketa irabazi.
D multzoan, berriz, Ajaxek lor dezake jokoan dagoen bigarren txartela —Real Madril sailkatuta dago—. Herbehereetako taldeak nahikoa du gaur Olympique Lyonen zelaian berdintzea, beti ere hutsean berdintzen ez baldin badu, bi taldeok hutsean berdindu baitzuten lehen itzulian.
Biharko jardunaldiari dagokionez, Chelsea eta Bayer Leverkusen sailka daitezke E multzoan; Arsenal eta Olympique Marseilla F multzoan; eta Apoel eta Zenit G multzoan. H multzoan, Milan eta Bartzelona aurrez aurre izango dira San Siron, lehen postua zehazteko lehia erabakigarrian.
Final-zortzirenak jokatuko dituzten taldeak zehaztuta gera daitezke
Zazpi taldek gaur bertan ziurta dezakete toki bat kanporaketetan, eta beste seik, bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu