Liverpool-Chelsea partida gaur (20:45), eta Bartzelona-Manchester United bihar (20:45). Ingalaterrako hiru talde finalerdietan. Ingelesen fight spirit (borrokarako grina) ospetsua gailendu da Europan. Azken boladan kanpotik fitxatu dituzten jokalari handi guztiek ingelesen espiritu lehiakorra barneratu dute, eta talentua gaineratuta, ez da harritzekoa maila honetara iritsi izana.
Bartzelona da ingelesa ez den talde bakarra. Ohorea izan beharko luke kataluniarrentzat. Eta lotsagatik, besterik ez bada ere, orain arte erakutsi ez duten profesionaltasunari eutsi beharko dio taldeak. Eta egingo du, Europa osoa erne izango baita. Profesionaltasuna baino gehiago dute jokoan, ordea. Izarrek badakite zein den distira erakusteko agertokirik aproposena. Ikuspegi horretatik, alde galanta dago ingelesen eta gainerakoen artean. Ingalaterrako taldeek azken muturreraino eramaten dute indar neurketa, aurkaria edozein dela ere; Bartzelonako hainbat jokalari izenetik bizi dira. Salbuespenak salbuespen.
Liverpool-Chelsea atsedenik gabeko kanporaketa izango da, 2005ean eta 2007an bezala. Ekitaldi horietan Londresko taldeak indartsuago ematen zuen. Azkenean, ordea, Liverpool sailkatu zen finala jokatzeko. Ñabardura txiki-txiki batzuek egin zuten aldea taktikoki maisu diren bi talde horien artean. Aurtengo lehian hutsune handia izango da. Ez dago Jose Mourinho. Horrek tentsioa kendu dio Premier Leagueko bi aurkari sutsuen arteko lehiari. Zelaitik kanpoko lehiaz ari gara. Hedabideen ikuspegitik puztuta iristen baitzen elkarren arteko borroka. Orain protagonista nagusiak, ez bakarrak, futbolariak dira. Hamaika lehia txikik osatuko dute zelaiko azterketa handia: taktika zurruna, presio latza eta talentu handia. Steven Gerrard eta Frank Lamparden arteko borroka -Chelseakoak parte hartuko duen zalantzan dago- interesgarria izaten da beti; Ingalaterrako erdilaririk bortitzena nor den jakiteko balio dezakeena. Mascherano eta Makeleleren artekoa ere ikustekoa izango da. Skrtel eta Terry erdiko atzelarien lehia sutsua ere gertutik jarraituko dugu. Baina kanporaketak area barruan izango du giltza: Fernando Torres eta Didier Drogba dira protagonista nagusiak.
GOLEGILE BORTITZAK. Bi horien ibilbidea oso bestelakoa da. Fernando Torresek Atletico Madrilen kateak hautsi zituenetik ardura handia kendu du bizkar gainetik. 17 urte zituenetik denerako erreferentzia bihurtu zen. Horrek haren bilakaera baldintzatu zuen. Rafa Benitezek arrisku handia hartuta (36 milioi euro), Anfieldera eraman zuen, eta Torres aske sentitu da zelaian. Jada ez da kapitaina, ez da klubaren harmarria, tituluak lortzeko itxaropen nagusia... Lidergoa banatua dagoen talde batera iritsi da, eta bat-batean eztanda egin du. Benitez harrituta dago erakusten ari den mailarekin. 30 gol sartu ditu Liverpoolera iritsi zenetik, eta partida garrantzitsuetan erabakigarria gertatu da. Horretan egiten dute aldea jokalari handiek.
Kanporaketaren beste ertzean Didier Drogba ageri da. Boli Kostakoak hasiera berantiarra izan zuen goi mailan. 24 urterekin iritsi zen Lehen Mailara. Hemezortzi hilabetean Bigarren Mailan ordezko izatetik Marseillako Velodrome hankaz gora ipintzera igaro zen. Han arrakasta lortzen duenak jokalari handia izateko bermea dauka. Drogbak urtebete nahikoa izan zuen Olympique Marseillan Abramovitxek bere diru kutxa zabaltzeko. Mourinhoren nahia bete zuen errusiarrak ia 40 milioi euro ordainduta. Boli Kostako golegileak tituluak irabazten hasteko urratsa egin zuen. Segurutik, munduko aurrelaririk bortitzena izango da. Duen jokoak hunkitu egiten du, lanerako duen prestasunagatik, eta sen bortitzagatik. Haurtzaroan bizitakoak ondo barneratu ditu; badaki nondik datorren eta nora doan. Bost urterekin familia utzi eta Frantziara abiatu zen, futbolari profesional ari zen osabaren altzora. Harekin hamaika jira-bira egin zituen herrialdean zehar. Boli Kostara itzuli zen zortzi urterekin. Baina krisi ekonomikoak bultzatuta, familiak berriro bidali zuen osabarengana. Guingamp taldean Florent Malouda ezker zorrotzarekin egin zuen topo, eta orain elkarrekin ari dira Chelsean. Naturaren indarra dira biak ala biak.
Fernando Torresek sasoi bakarrean Didier Drogbaren marka guztiak hautsi ditu. Nolanahi ere, Boli Kostakoak makina bat arazo fisiko izan ditu lau denboraldi hauetan. Baina partida handietan beti azaltzen da. Horrek bereizten du beste hainbat izarrengandik. Torres The Kop tribuna ospetsuaren idolo bilakatu da. Handik aurrelari handiak igaro dira: Dalglish, Keegan, Beardsley, Rush, Aldrigde, Owen... Torres haiek utzitako ondareaz jakitun da.
JOKOAREN BIHOTZETIK. Futbola ibai luze eta zabal bat bezala da. Aurrelariak itsasoratzeko unea gorpuzten du, eztanda, bere handitasunean golegileek eskuratzen baitute sonarik handiena. Golaren itsasoratzeak harrapatzen du futbolzalea. Aurrelariak ur handitako jokalariak dira. Baina ibaiak nonbait du jatorria; askotan ezkutuko lekua izaten da, isila, txoko galdu batean dagoena. Traza horretakoak dira erdilariak: ibilbide luzekoak, jokoaren iturburu eta muina.
Erdilarien izaerak egiten du berezia Bartzelonaren jokoa. Cruyffek Guardiola asmatu zuen aspaldi. Kataluniarrei buruz ari garelarik, 4 zenbakia aipatzen denean zenbaki soila baino gehiago da. Burmuina. Guardiolak beste ikuspegi bat eman zion jokoaren antolaketari. Buruargitasunari ikusmira panoramiko zorrotza erantsi zion, eta hamaika osagaien lokarri bilakatu zen. Harrezkero, Masia zentrotik igaro diren gaztetxoek Guardiolaren irudia dute gogoan, erreferente gisara. Estilo bat baino gehiago, futbola bizitzeko era bat sortu zuen 4 zenbakiak. «Guardiolarena egiten du» entzuten da hainbatetan futbolari bati buruzko xehetasunak ematen direnean. Baina Guardiola bakarra da. Haren ondotik hamaika gaztetxo atera dira Masiatik, askotariko erdilariak, bakar bat ere ez, ordea, Guardiolaren ordezko izendatzeko modukoa. De la Peñak begi zorrotza eta pase zitala zuen, baina Guardiolaren patxadarik ez. Gerardek gol sena zuen, baina ez zen joko antolatzailea. Arteta erasoko erdilari dinamikoa zen. Agian, Xavi hurbiltzen zen gehien Guardiolaren dohainetara. Hortxe dirau geroztik. Andres Iniesta izan da azkena.
Iniesta 12 urterekin iritsi zen Masiara. Artean Guardiolak lehen taldean jokatzen zuela, mutikoa entrenatzen ikustera joaten zen. Behin Iniestari buruz galdetu zioten. «Harrobian ikusi dudan erdilaririk onena da», erantzun zuen. Bartzelonako erdilari izatea ez da samurra. Dohain onak baino gehiago behar da horretarako. Nortasun berezia esan genezake. Hori guztia du Iniestak. Entrenatzaile guztiek nahiko luketen jokalaria da: lehen ukituan zehatza, beti laguntzeko prest, eta azken boladan lotsa galdu dio area zapaltzeari. Barruko pasabideak baloia azkar bidaiatzeko korridore bihurtu ditu. Nekez egiten du akatsik, berezkoa du leku egokia aukeratzeko trebetasuna, eta harekin beti izaten du irtenbide erosoa baloiak.
Manchester Unitedek ere badu harribitxirik erdialdean: Paul Scholes. Isila oso, Iniesta bezala. Oliver Twist pertsonaia ondo gorpuztuko lukete bi horiek. Azken hamabost urteetan kolore guztietako futbolariak igaro dira Old Traffordetik, eta Scholesek hor jarraitzen du, talentu itzelak ematen dion ukitu zehatzarekin. Edozein egoeratan, nahasketa ona egiteko moduko jokalaria da. Hartu, eman, eta kokapen egokia aurkitu, etengabe, jokoari irtenbide egokia emateko.
Scholes Alex Fergusonen lider isila da. Ez diote alferrik silent hero (heroi isila) esaten. Harrobiko bere belaunaldiak Eric Cantonarekin ikasi zuen irabazten. Frantziarra joan zen, gero Roy Keane, David Beckham, Nicky Butt... Ryan Giggs galestarrarekin leialtasuna gorpuzten du Manchesterren: klubarekiko leialtasuna, eta jokoaren espiritua. Futbolak ilegorriaren marka du; deabru isila.
Kanporaketak badu muina. Bartzelonari gau berezietan agertzeko duen grina besterik ez zaio geratzen. Ingelesen erritmoari eusten ez badio, arean itsasoratu baino lehen ibai ertzean itotzeko arriskua dauka.
Finala, ate-joka
Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoak gaur eta bihar jokatuko dira. Distira handiko jokalariak ariko dira. Hamaika lehia partida bakoitzean. Indarra, klasea eta nortasuna neurtzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu