Urtarriletik martxora arteko bidea egin du BERRIA txapelketak. 24 taldek hasi zuten txapelketa, eta bi onenak baino ez dira jada gelditzen. Zehaztuta gelditu da finala: Irurtzunek eta Hernanik jokatuko dute heldu den larunbatean (17:00) Urnietako pilotalekuan (Gipuzkoa). Txapelketako irabazteko hautagai nagusien zerrendan egon dira hasieratik bi talde horiek. Amezketako Zazpi Iturri indartsuari irabazita lortu zuen finalerako txartela Irurtzunek, eta Baztango Txarutari irabazi zion Hernanik. Final gogorra espero da.
ZAZPI ITURRI (Amezketa)56
IRURTZUN61
KADETEAK: Sukia -- Arzelus19
Ansotegi -- Pazos22
GAZTEAK: Ropon -- Leunda15
Idoate -- Galarza22
NAGUSIAK: Baez II.a -- Garmendia22
Ollo -- Mariñelarena17
Emozioa eta joko ona. Denetik izan zuen larunbatean Zugarramurdin, Nafarroan, jokatutako kanporaketak. Maila horretan ari diren bi bikoterik onenetakoak aritu ziren kadeteetan. Partida ederra jokatu zuten, baina Irurtzungo Ansotegi aurrelariaren jardunak erabaki zuen norgehiagoka. 18na zeudela bere gain hartu zuen erantzukizun guztia, eta 22raino joan.
Ona izan zen gazteen partida ere. Kolpea eta indarra dituzte alde nafarrek, eta tantoak amaitzeko erraztasuna gipuzkoarrek. Galarza ongi nagusitu zen atzean, baina Idoate lagunak ez zuen tantoak amaitzen asmatu. Roponek aukera gutxiago izan zituen, baina hobeto baliatuak, 15nakoan min hartu zuen arte. Leundak lan eskerga egin zuen, baina Irurtzungoak iritsi ziren 22ra.
Hamar tantoko errentarekin hasi zuten nagusien partida Irurtzungoek. Maila handiko bikotea du, ordea, Zazpi Iturrik, eta ez zen inor fio. Haiek hasi ziren aurretik (8-4 eta 14-7). Kanporaketa alde izan zuten (20-10), baina orduan agertu zen Ollo nafarra eta behar zituzten tantoak egin (22-17).
TXARUTA (Baztan)42
HERNANI63
KADETEAK:Bereau -- Madariaga1
Arrieta-- Bolinaga 22
GAZTEAK: Juanenea -- Barberena22
Mendizabal -- Esnaola19
NAGUSIAK: Zerezo -- Elizalde22
Ojuel -- Gorrotxategi12
Joan den astean ere elkarren kontra aritu ziren bi taldeak Donostiako Altza auzoko frontoian, eta berriz ere toki berean aritu ziren igandean. Lehenengo kanporaketa haren antza izan zuen azkena jokatutakoak ere. Kadeteetan apurtu zuen norgehiagoka Hernanik (1-22). Koska nabarmena dago une honetan bi bikoteen artean, eta Arrieta-Bolinagak gauzak ongi eginda irabazi zuten.
Gazteen partida izan zen kanporaketako onena. Barberenaren indarra baliatu zuten nafarrek, eta lan asko egin zuten defentsan gipuzkoarrek -Esnaolak, batezere-. Juanenea eta Mendizabal aurrelariek badakite tantoa amaitzen, egin zituzten tanto ikusgarriak, baina hutsak ere bai bat baino gehiago, gehiegi arriskatzeagatik. Azken txanpara arte joan zen norgehiagoka orekatuta, baina nekatu egin zen Esnaola amaieran, eta horri esker irabazi zuten Txarutakoek (22-19).
Nagusien partida hasterako kontuak ongi aterata zituzten hernaniarrak. Bost tanto behar zituzten finalera sailkatzeko, eta berehala egin zituzten. Berdinduta joan zen hortik aurrerakoa, 17nakoa arte. Hernanikoek, ordea, azken txanpa hobea egin zuten.
Finala jokatzea baino ez da falta
Irurtzun eta Hernani ariko dira BERRIA txapelketa nork irabaziko, larunbatean, Urnietako pilotalekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu