AAthletic joan den maiatzaren 23an aritu zen denboraldi honetan azkenekoz bere zaleen aurrean, Atletico Madrilen kontra, eta 1-4 galdu zuen. Normalean, behintzat, behin azken lehia hori bukatuta, talde bakoitzaren zaleek euren jokalarien denboraldiko lana epaitzen dute. Txistu jotzen diete batzuetan, txalo egin besteetan, eta tarteka, ez bata eta ez bestea. Azken hori izan zitekeen, hain zuzen, Athleticen jarraitzaileen hautua, baina ez zen hala izan: txalo egin zieten; nabarmen, gainera. Taldeak oso denboraldi gorabeheratsua egin du; ez da gai izan erregularra izateko, eta boladaka baino ez ditu batu puntuak; gol asko sartu dizkiote, eta jokorik ez duela erakutsi du, jokoaren kontzeptua erlatiboa izan daitekeen arren. Bada, hori guztia kontuan hartuta ere, txalo; modu sutsuan, gainera. Izan ere, Athleticek Espainiako Kopako finala jokatu du 25 urteren ondoren, eta lorpen hori irailetik ekainera egindakoa baino gehiago baloratu dute bai zaleek, bai entrenatzaileak, baita zuzendaritzak ere. Joan den maiatzaren 13an Bartzelonaren kontra finalean aritzeak, partida haren argiak, ilusio horrek, itzalean utzi ditu gabeziak. Hortaz, argi eta garbi esan daiteke finalak, galdutako finalak, 2008-2009 denboraldia baldintzatu duela.
Zenbakien esklabo
Zenbakiek ez dute engainatzen. Athleticek 44 puntu batu ditu 38 partidetan. Kopako finala jokatu izan ez balu gehiago izango zirela? Auskalo... Kontua da kopurua eskasa dela. Aurreko sasoian 50 izan ziren, eta Javier Clementerekin hainbeste sufritu zenean, 2005-2006an, 45. Gainera, 62 gol sartu dizkiote, azkenekoan baino 19 gehiago; Sportingi (79) eta Numantziari (69) soilik sartu dizkiete gehiago Espainiako Ligan. Era berean, 18 partida galdu ditu, eta asko dira; horietako zortzi, gainera, etxean. Halere, Athleticek San Mamesen emaitza pattal samarrak ateratzea ohiko bihurtu da azken denboraldietan.
Boladaka
Joan den irailaren 21ean Valladolidi San Mamesen 2-0 irabazi eta gero, zuri-gorriek ia bi hilabete pasatu zituzten alerik irabazi gabe, zazpi jardunaldi; egia da tartean Sevilla, Real Madril, Bartzelona eta Vila-realen kontra aritu zela. Halere, ez lehen itzulian, ezta bigarrengoan ere, Athletic ez da talde horien aurka puntu bakar bat ateratzeko gai izan.
Baina Osasunari 2-0 nagusitu zitzaion azaroaren 16an, eta hurrengo 11 jardunaldietan 23 puntu batu zituen. Bolada on horri esker arnasa hartu ahal izan zuen, eta, urtarrilaren 31n Malagari etxean 3-2 irabazita, UEFA Kopako postuak lau puntura izan zituen bigarren itzulia hasi berritan; jaitsierakoak, berriz, 12ra zeuzkan. Otsail osoa, baina, Sevillaren kontrako Espainiako Kopako finalaurrekoan pentsatzen pasatu zuen, eta berriro atzera. 22. jardunalditik 28.era, bi puntu baino ez zituen atera. 31. jardunaldian Deportivoren kontra 0-1 galdu zuen etxean, eta alarma guztiak piztu ziren atzera, azaroan bezalaxe. Baina hurrengo lau jardunaldietan hamar puntu batu, eta akabo kezka guztiak. Maiatzaren 9an, San Mamesen, Betis 1-0 mendean hartuta, hurrengo denboraldian ere onenekin jokatuko zuela jakin ahal izan zuten zuri-gorriek. Argi dago, hortaz, taldea ez dela erregularra izan eta boladaka batu dituela beharrezko puntuak; premia izan duenean soilik eman duela eman beharrekoa.
Kopako fenomenoa
Ama-ama sailkatu zen Athletic Kopako final-zortzirenak jokatzeko. San Mamesen Recreativori 2-0 irabazi eta gero, itzulikoan, Huelvan, 2-0 galtzen joan zen, baina Llorentek penaltia barrura, eta aurrera. Osasuna eta Sporting ongi kanporatu zituen, eta Gijonen, adibidez, garaipen handia lortu zuen. Azken hilabeteetako euforia, ordea, finalerdietan hasi zen egosten, Sevillari San Mamesen, itzulikoan, 3-0 irabazita. Martxoaren 4a zen, eta gau hartan Bilbo eta Bizkai guztia lehertu ziren. Bi hilabete falta ziren artean finala jokatzeko, baina final horrek den-dena baldintzatu du, zaleen ikuspegia ere bai. Hori bai, gero Valentzian gertatutakoak apur bat apalduta egon zitekeen Athletic sentimendua piztu du berriro. Izan ere, jokalariek eta zaleek bat egin dute berriro, eta batura horri esker sekulako ilusioa piztu da Athleticen inguruan. Horrek, baina, beste gauza asko estali ditu.
Llorente lehertu da
2005eko urtarriletik, Ernesto Valverderekin debuta egin zuenetik, Fernando Llorentek gaia bazuela esaten zen, eta, egia esan, aurrelari ilehoriak erakutsi zuen, tantaka bazen ere, gaia bazuela, bai. Halere, sasoi honetan lehertu da. 14 gol sartu ditu -asko erabakigarriak-, eta bere bizkar gainean hartu du talde guztiaren zama. Egia da, era berean, berarentzako propio jokatu izan duela taldeak ia une oro. Dena den, horrek ezin dio egin duenari meriturik kendu. Espainiako selekzioarekin debuta egin du, eta hil honetan Konfederazioen Kopa jokatuko du.
Estilo traketsa
Erritmoa jarri, lehertu arte presionatu, baloiak Llorenteri luze bidali eta aldaratzeak ahalik eta ondoen aprobetxatu, horixe egin du sasoi honetan (ere) Athleticek. Estiloa, egia esan, trakets samarra da ikusle soilarentzat, baina tarteka, Llorente ondo egon denean batez ere, etekina atera dio jokamolde horri. Hori bai, Caparrosek ez dauka beste alternatibarik, eta kontrarioek ondotxo dakite zer egin behar duten Athleticen kontra aritzen direnean. Taldea mugatu samarra dela jokoa sortzeko orduan, alegia.
Artisten egitekoa
Caparrosek estilo hori gogoko duenez, Yeste, Iraola eta Orbaizen kalitatea ez da behar bezainbeste zukutzen. Entrenatzaileak esan izan du dituen jokalarien araberakoa dela estiloa, baina aipatutako hiru jokalariak ez dira nahi bezain gustura sentitzen orain zelaian daukaten egitekoarekin. Iraolak denboraldi ona egin du, ohi bezala. Yeste, berriz, gorabeherekin ibili da, ohi bezala, baina ez da orain bospasei urte zuen mailara heldu, eta Orbaizek nahikoa egin du taldeari eustearekin. Zerbait gehiago egin nahi badu, jokalari horiek benetan zukutu nahi baditu, estiloa aldatzea komeni zaio Caparrosi.
Caparrosen diskurtsoa
Nekez egingo du autokritika Athleticeko entrenatzaileak. Azaro hasieran, taldea pattal zebilenean, amore emanda zebilela esaten zen. Gero, azaroko azken partidan, Numantziari 2-0 irabazi eta gero, San Mamesen bildutako zaleek jarrera bikaina eduki zutela adierazi zuen prentsaurrekoan. Egia esan, partida hartan txaloak baino gehiago entzun ziren txistuak. Denboraldi hasieran, aldiz, bere taldea «munduko onena» zela bota zuen. Eta bukaeran esan du Bartzelona «unibertsitateko» taldea dela, eta beste guztiak, «Manchester United barne, OHOkoak». Saltzaile ona da Utrerakoa (Andaluzia, Espainia) -«hau da San Mames», esan zuen, euskaraz, Kopako finalerako sailkatu ziren egunean-, horretan ez dago dudarik, baina autokritika egiteko motiboak eduki ditu, eta ez du egin. «Inbidia emateko moduko denboraldia egin dugu». Horra hor Caparrosen azken harribitxia.
Harrobiaren ekarpena
Adrien Goñik, Etxebarriak, Eneko Bovedak eta Iturraspek debuta egin dute sasoi honetan, baina apenas jokatu dituzten minutu bakan batzuk. Etxeita, aldiz, Amorebieta eta Ocio erdikoen aurreneko ordezkoa izan da, Ustaritzen aurretik. Joan den denboraldian Susaetak egin bezala, zornotzarrak emandako aukera aprobetxatu duela dirudi, eta entrenatzailearen konfiantza bereganatu du. Lezama gora eta Lezama behera dabil beti Caparros, baina harrobiko jokalariekiko eduki duen tratua kritikatu izan dute egunero Lezaman dabiltzanek. Azkeneko jardunaldian, esaterako, Iker Muniain 16 urteko gaztea eraman zuen Valentziara, baina deialditik kanpo utzi zuen azken unean, denen harridurarako.
Aldagelaren kudeaketa
Ustaritzek epelak bota ditu, aurreko denboraldiaren amaieran Expositok bezala. Biek, Caparrosen kontra. Baztertu egin zituela salatu zuen Expositok, eta gauza bera esan du abadiñoarrak. Kritika gogorrak jasotzen ari da entrenatzailea, taldea, aldagela kudeatzeko moduagatik. Ligarako hala Koparako 14-15 bat jokalariren alde egin du, eta jokalari askok, dezentek, ia-ia ez dute jokatu. Gurpegi, Muñoz, Etxeberria bera, Garmendia eta Del Olmo, adibidez, ez dira 1.000 minutura heldu. Beste askok, ordea, lehertuta bukatu dute denboraldia. Horrek kritikak eragin ditu, eta jokalari asko ez daude gustura.
Zaleak
Ezin zaie meriturik ukatu. 35.000 inguru biltzen dira San Mameseko harmailetan, eta hori ez da txantxa. Halere, beste klubetako zale asko bezala, onean pizten dira eta txarrean itzali.
Finalak baldintzatutakoa
Athleticek denboraldi gorabeheratsua egin du Espainiako ligan, baina Kopan lortutakoak, haren argiak, itzalean utzi ditu taldearen zein klubaren gabeziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu