Futbola-Lehen Maila

Finalak itxaron dezala (4-0)

Athleticek zazpigarren postua nahi duela erakutsi du, eta 4-0 irabazi dio Getaferi. Aritz Adurizek ireki du bidea, lehen bi golak sartuz

Athelticeko jokalariak elkar besarkatuta, Adurizen bigarren gola ospatzen. MONIKA DEL VALLE / ARP
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 19a
09:57
Entzun

Ernesto Valverde pozik egon daiteke. Athletic Espainiako Kopako finalerako sailkatu zenetik behin eta berriz  ari da esaten ligako lanak oraindik ez direla bukatu. Zazpigarren postuak Europako postua ziurtatuko lieke zuri-gorriei, eta teknikariak eztena astindu du bere jokalariak xaxatzeko. Atzoko partida erabakigarria zen bide horretan, arre edo so, eta Athleticek bikain erantzun zuen.  Malagak hiru puntuko aldea du oraindik baina sei partida falta dira liga bukatu eta hura ehizatzeko. Javi Graciaren taldea maldan behera doa gainera eta lehoien hatsa lepatzean sumatzeak are gehiago urdurituko du.  
Bere asmoan Valverdek bi aliatu on ditu taldean. Hutsuneak hutsune, beteranoak dira tiraka dabiltzanak. Andoni Iraolak eta Aritz Adurizek bikain baliatu zuten Getaferen ahulezia. Bien artean 800 partidatik gora dituzten Lehen Mailan, eta haiei inork ez die azaldu behar zazpigarren postuan amaitzea sari handia dela, eta ligan ondo ibiltzea dela finala prestatzeko modurik onena.
Athleticek anbizioz ekin zion partidari. Getafek baloia oparitu zion eta gustura hartu zuen. Beñatek hartu zuen lema eta bere erritmoa ezarri zion. Athletic ondo mugitu zen zelaian, baina erasoa sortzea kosta zitzaion. Bizitasun puntu bat falta izan zitzaion Getaferen lubakian zirrikituak egiteko. Halakoetan ez daudenekin oroitzea normala da, eta bat baino gehiago oroituko zen Muniainen erritmoarekin. Hala ere, susto bat edo beste eman zuen, Adurizek gaizki loraturiko jaurtiketan bezala (21. min.). Guaitaren aurrean bakarrik gelditu eta kanpora jaurtiki zuen.
Aginte antzua zuen Athelticek, baina hari esker ez zuen sufritu. Area ertzeraino ondo iritsi zen eta erdiraketak eta faltak eragin zituen. Getafe baino gehiago zen, baina futbolean puntuetara irabazteak ez du balio. Atsedenaldiaren aurretik (45. min), baina, Mateu Lahozen laguntza jaso zuen Athleticek. Velazquez Getafeko atzelariak Viguerari falta egin zion aterantz zihoanean, eta epaileak hura egotzi eta penaltis adierazi zuen. Txartel gorri garbia zen, azken atzelaria zen, baina penaltia ez, gutxigatik baina areaz kanpo zeuden. Adurizek ez zuen barkatu 11 metroetatik.
Athleticek bigarren kolpe bat behar zuen Getafe botatzeko. Aurkaria hamar jokalariekin egonda, bigarren gola erabakigarria litzateke, eta berehala lortu zuen. Bigarren zatiko lehen minutuan kontraeraso bat josi eta Adurizek ate aurrean ez zuen barkatu (46. min.). Hamalaugarrena da ligan aurrelariarentzat. Golaren erdia baino gehiago, dena den, Iraolarena izan zen. Pase bikaina eman zion areako zulora. Sasoi bukaeran atzerrira doala diote. Bere perfume tantak ordezkatzea ez da erraza izango. 
Getafe, birrinduta
Athleticek hirugarrenaren bila jarraitu zuen. Minutuak pasa hala Getafe hondoratzen joan zen, eta zirimolak irentsi zuen. Adurizek bi aukera garbi huts egin zituen, baina Ibaik jarri zion ginga partidari. Buruz sartu zuen gola (82. min.), Susaetaren erdiraketa neurtua baliatuz. Sei minutu geroago eibartarra izan zen laugarrena sartu zuena (88. min). Biek behar zuten bultzada animikoa zen. Euren buruaren aurka ari dira sasoi osoan eta elkarrekin egin zuten terapia. Horretarko ere balio izan zuen partidak.

Golak. 1-0: Adurizek (pen, 45. min.); 2-0: Adurizek (46.min.); 3-0: Ibaik (82. min.); 4-0: Susaetak (86. min).

Epailea. Matehu Lahoz. Txartel gorria Getafeko Velazquezi (45. min.)Txartel horia Athleticeko Beñat eta Etxeitari eta Getafeko Castro, Leon eta Alexisi.

Bestelakoak. 37. 220 ikusle San Mames estadioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.