Finalerako, lau partida

Espainiako Kopak ilusio itzela eragin du Iruñean, baina badakite final-laurdenetan Racing menderatzea erronka gogorra dela

Iruñea
2010eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako finala lau partidara du Osasunak, eta aukera horrek gorritxoen inguruan ilusioa piztu duela ukaezina da. Jose Antonio Camacho entrenatzailea, dena dela, zuhur mintzatu da final-laurdenen atarian. Kopan lehiatzen hasi zirenean zortzi partida zituzten finalaren aurretik, eta une honetan lau geratzen zaizkie. Bidearen erdia besterik ez dute egin nafarrek, beraz. Eta argi dago erdirik zailena geratzen zaiela orain. Camachok badaki hori, eta Osasuna talde apala dela ez du ahazten. Hargatik, ametsa betetzen saiatuko direla ziurtatu du Osasunako entrenatzaileak, eta horretarako lehen pausoa Santanderren eman nahi dute gaur gorritxoek. El Sardineron golen bat sartzea eta itzulerako lehiara emaitza on batekin iristea da Osasunaren asmoa.

«Erdia besterik ez dugu egin. Hasi ginenean finaletik zortzi partidara geunden, eta orain laura. Berdin jarraitzen ahalegindu behar dugu, baina besterik ez. Real Madril eta Bartzelona lehiaketatik kanpo egon arren, oreka handia dago lehiaketan jarraitzen dugunon artean», esan zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak, Kopak eragindako ilusioaz zipriztindu ote den galdetu ziotenean. Finala oraindik urrun ikusten duela eman zuen aditzera Camachok, baina entrenatzaile espainiarrak badaki final bat jokatzea arrakasta itzela izango litzatekela Osasunarentzat, eta ez dio aukera horri muzin egin nahi: «Talde txiki batek titulu bat irabazteko aukera izatea oso tartean behin gertatzen den gauza bat da, baina saiatu ez garelako ez da izango behintzat», esan zuen atzo Taxoaren.

Final-zortzirenetako itzulerako lehian Herculesen aurka hasieratik jarritako hamaikakoarekin alderatuta, berritasun bakarra izango da gaur gorritxoen hamaikakoan: Sergioren ordez Josetxo ariko da gaur hasieratik, atzeko lerroaren erdialdean. Beste behin, beraz, ligan gutxien jokatu duten jokalariek euren dohainak erakusteko aukera izango dute Kopan. Miguel Angel Portugal Racingeko entrenatzaileak «duen guztiarekin» ariko dela ziurtatu zuen atzo. Hala eta guztiz ere, kanporaketa gaur iluntzean erabakita geratzea zaila izango da, eta hain zuzen ere hori da gorritxoen lehentasuna: gaur joaneko partidan galdu arren, golen bat sartzea eta kanporaketa datorren astean Nafarroako Erresuman erabaki ahal izatea. «Kanporaketa datorren astean Iruñean erabakiko da teorian, eta joaneko partidara golen bat egiteko helburuarekin goaz», esan zuen Camachok atzo.

Dena den, gaur gola sartzeko zenbaterainoko arriskuak hartuko dituen galdetu ziotenean ez zuen erantzun zehatzik eman Camachok: «Ez da arriskuak hartzea edo ez hartzea, jokatu egin behar dugu, eta datorren astean Iruñean jokatu behar dugula jakinda jokatu behar dugu Santanderren, gainera».

Ligan, berdinketa

Osasuna sasoi honetan El Sardineron lehiatuko den lehendabiziko aldia ez da izango gaur iluntzekoa. Pasa den urriaren 25ean, gorritxoek liga jardunaldia jokatu zuten Santanderren, eta neurketa bana amaitu zen, azken une arte nafarrek hiru puntuak lortuko zituztela zirudien arren. Partida ikusgarria jokatu gabe, Osasunak aise eutsi zion Racingi, eta 50. minutuan Pandianik Arandaren pase ona baliatu zuen 0-1ekoa sartzeko. Lehia amaitzear zenean, ordea, Aranak berdinketaren gola sartu zuen.

Aurrekari horrek ez du ondorio askorik ateratzeko balio. Racing etxean partidarik irabazi ezinik zebilen orduan, eta joko eskasa erakutsi zuen Juan Carlos Mandiak zuzendutako taldeak. Mandiaren ordez entrenatzaile lanetan Portugal jarri zenez geroztik, dena dela, Racingen jokoak hobera egin du nabarmen. Harekin etxean jokatutako hiru liga jardunaldietan bi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu Racingek, eta Kopan Alcorconen aurka 0-0 berdindu zuten. Besteak beste Sergio Canales izar gaztearen une gozoari esker, Racing behetik gora datorren taldea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.