Maribor Branik 28. San Antonio 34

Finalerdiak, esku-eskura

San Antoniok sei golen aldeaz irabazi du Eslovenian, Errekopako final-laurdenetako joaneko partidan

Niko Mindegia, jaurtitzen, Izvidacen aurkako joaneko partidan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun


Maribor Branik. Cudic, Ostir (2), Razgor, Nikolic (1), Ivancic (3), Gajic (6), Tominec (4) —hasierako zazpikoa—; Grm, Pucnik, Vrecar (1), Gregorc (3), Fister, Klec (2) eta Mackovsek (6).

Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Guardiola (11), Vargas, Humet (5), Crowley (1), Rasic (2), Agirrezabalaga (5) —hasierako zazpikoa—; Lucau, Selvajevic (4, 3p), Mindegia (1), Meoki, Alvarez (2), Urdiales eta Eloy (3).

Markagailua. 3-5, 4-6, 6-8, 9-12,12-14, 13-18 (atsedenaldian); 15-20, 16-24, 17-27, 19-31, 22-32 eta 28-34.

Epaileak. Brunovsky eta Canda (Eslovakia). Bi minutuz kanporatuak: Maribor Branikeko Tominec, Ostir eta Pucnik; eta San Antonioko Humet, Crowley, Rasic eta Eloy.

Bestelakoak. 2.000 ikusle inguru Mariborko Dvorana Tabor pabiloian.

Amaya Sport San Antoniok Europako Errekopako finalerdietara iritsi zen joan zen denboraldian, eta sasoi honetan ere beste horrenbeste egingo du okerrik ezean. Hondamena gertatu beharko luke hori horrela izan ez dadin. Izan ere, atzo sei goleko aldeaz irabazi zuen Eslovenian, Maribor Braniken aurka, final-laurdenetako joanekoan (28-34). Datorren larunbatean jokatuko dute nafarrek eta esloveniarrek itzuliko partida Iruñean. Egun horretan izango du aukera San Antoniok atzo Eslovenian bikain hasitako lana biribiltzeko aukera.

Emaitza bikaina da, are gehiago kontuan hartuta Iruñeko taldeak atzo arte urte honetan etxetik kanpo jokatutako partida guztiak galdu zituela —Asobal ligako lau eta Errekopako bat—. Halere, nafarrek izango dute ere pena pixka bat, partida amaitzeko hamar minutu falta zirela hamabi goleko aldea baitzuten (19-31), baina etxekoek azken minutuetan izandako susperraldiak erdira murriztu zuen aldea. Nolanahi ere, ezin esan emaitza ona ez denik. Hobeagoa izan zitekeen, bai, baina itzulikoa etxekoen babesean jokatuko duela aintzat hartuta, argi dago San Antoniok oin bat eta erdi dituela finalerdietan.

Atzo Mariborren egindako partida bikainak, gainera, nahikoa motibo da baikor izateko. Oso serio jokatu zuten nafarrek, eta une oro izan zuten kontrolpean partida. Hasieratik jarri ziren aurretik markagailuan, eta minutuek aurrera egin ahala, aldea handitzen joan ziren. Hala, atsedenaldian, lau gol ziren aurretik (13-17). Bigarren zatiko lehen minutuetan kolpea eman zuten, partida hautsi zuten, eta aldea bikoiztu. Jokoaren bi alorretan, defentsan eta erasoan —Guardiolak 11 gol sartu zituen—oso lan egona eginez lortu zuten. Pabiloiko bi mila zaleen presioak ez zituen kikildu bisitariak. Ez, behintzat azkeneko txanpara arte. Orduan, eta epaileen laguntzaz, etxekoek gora egin zuten. Baina berandu zen jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.