Finalik desiratuena

Los Angeles Lakersek eta Boston Celticsek NBAko finalari ekingo diote gaur gauetik aurrera

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko ekainaren 5a
00:00
Entzun


Los Angeles Lakerseketa Boston Celticsek NBAko finalari ekingodiote gaur gauetik aurrera
imanol magro

Garai zaharrak berpiztea ikusmina handitzeko ohiko formula da. Kirol profesionalean, oro har, eta are gehiago AEBetan, lehia klasikoen xarma galtzen ari da, eta askotan atzera begiratzea da zirrara berpizteko modu bakarra. NBAk ez du arimarik, ezta bihotzik ere, eta globalizazioari errua botatzeko joera dago. Oso lehia eta talde gutxi dira kantxa gainekoaz gain zaleen arreta bereganatzeko ahala dutenak, hiri handietakoak, klasikoak, euren elastikoa inoiz aldatu ez duten horiek. Eta handienen artean bi neurtuko dira gaurtik aurrera (03:00, Cuatro): Boston Celtics eta Los Angeles Lakers.

Lakers eta Celticsen partaide izatea ardura eta ohorearen arteko erdibidea da. Etxean jokatu eta sabaira begiratzean eskegitako oihal handiek iragan oparoa gogorarazten diete jokalariei: hamasei aldiz txapeldun Boston, hamalau aldiz Lakers, horietatik bederatzi Los Angelesera iritsi zirenetik. Bi talde baino gehiago dira, bi mito, harrokeria irlandarraren eta ikuskizunaren oinordekoak.

1970eko hamarkada oso gogorra izan zen NBArentzat. Krisi ekonomikoak eta ABA ligaren sorrerak min handia egin zion ligari, eta Celtics eta Lakersen lana izan zen1980ko hamarkadan ikusmina berpiztea. Hogei urte geroago, krisia ez da hain larria, hein handi batean munduan barrena irabazi dituelako AEBetan galdutako zaleak. Aurten, ordea, David Stern NBAko komisionatuak desiratutako finala izango du, zirkua berpiztu eta telebistak pitzaraziko dituena.

Ikusmina neurtzea ez da erraza, baina telebista ikusleen batez bestekoa baremo egokia izan daiteke. Azken lau urteetako finaletan, hirutan, ikusle kuota oso kaskarra izan da, eta NBAk aurten datu horiek lokatzetatik ateratzea espero du. Finaletako ikusle kuotak 2003an izan zuen emaitzarik txarrena (San Antonio-New Jersey), %6,5eko ikusle kuotarekin. Ordutik ez dira askoz hobeak izan. 2004an (Lakers-Pistons) gora egin zuen (%12), Lakersen eraginarengatik, baina azken hiru urteetan berriz ere ikusle kuota mailak txarrak izan dira: %8,2, 2005ean (San Antonio-Detroit); %8,5 2006an (Miami-Dallas) eta %6,2 iaz (Cleveland-San Antonio); denetan okerrena.

AEBetan ikusle kuotak 1978. urtetik neurtzen dira, eta NBAko finalen batez bestekoa %12,5 da. Krisia hasi aurreko azken finalak, 1998koak (Chicago-Utah), %18,7 ikusle kuota izan zuen.



FABORITOEN LANA. Berpizkunde hitza erabiltzea ez da gehiegikeria, datuak bere kasa mintzo baitira. Aurten, kanporaketetan, ikusle kuotak gora egin du, eta ligako buruek 2004ko batez bestekoak hobetzea dute xede; amu onenei zuku guztia atera nahi diete. Izan ere, badirudi Bostonek eta Los Angelesek nahita egin dutela liga irabaztearen alde, bi taldeek ahalegin handiak egin baitituzte finalera iristeko.

Boston izan zen ligako talde onena, eta etxean hasiko du finala. Lehen eta bigarren partidak Bostonen jokatuko dira, eta, beharrezkoak balira, baita seigarrena eta zazpigarrena ere. Urte osoko lanarekin irabazitako eskubidea da, eta kanporaketetan berretsitakoa. Danny Ainge managerrak apustu ausarta egin zuen liga hasieran, taldeko gazteen ordez eskarmentudun izarrak fitxatuta. Hiru jokalariren artean talde osoko soldaten %80 osatzen dute: Paul Pierce, Kevin Garnett eta Ray Allen. Ekimen ausarta bezain eroa, eta eraztunak bakarrik ase dezakeena. Ahalegina, baina, premia bezain handia izan zen. Bostonek 21 urte zeramatzan finalik jokatu gabe, eta 24 urte titulua irabazi gabe.

Hiru izarrek ondo jokatu dute, eta Rondo eta Perkins gazteek taxuzko bostekoa osatu dute. Gabezia, berriz, ordezko jokalarietan dute. Allenek txakalaldia igaro du kanporaketetan eta Bostonek ez du lan erraza izan Atlanta (4-3), Cleveland (4-3) eta Detroiti irabazten (4-2). Defentsa da arma, eta jokalarien maila erasoko bidea. Garnettek bihotza jartzen du, Piercek arima eta Allenek eskumutur fina. Hiruretako inork, baina, ez du inoiz jokatu NBAko finalik.

Los Angeles Lakers, berriz, uste baino urrunago iritsi da. Liga hasiera oso ona izan zen. Bryant, Odom eta Bynumek osaturiko hirukoteak sailkapeneko goi aldean finkatu zuen taldea. Ezpala bazegoen, baina Bynumen lesioak itxaropenak zapuztu zituen. Bryant maila bikainean jokatzen aritu arren -berak jaso zuen ligako jokalari onenaren saria-, taldea hankamotz zebilen uztaipean, eta otsailean Pau Gasol pibot kataluniarra fitxatu zuten. Gasolek hasierako boskotea sendotu zuen, eta puntako jokalari hirukotea batu.

Bostonek eta Los Angelesek bi aldiz jokatu zuten elkarren aurka ligan, eta biak Bostonek irabazi zituen; Gasol gabe, baina. Kanporaketetan, aldiz, Phil Jackson entrenatzailearen talentua urazaleratu da, eta aldian aldiko xehetasun eta ñabardura txikiak konponduz egin dute aurrera. Lehenbizi Denver kanporatu zuten (4-0), gero Utah (4-2), eta, azkenean, San Antonio, iazko txapelduna (4-1). Lakersek etxean jokaturiko partida guztiak irabazi ditu orain arteko kanporaketetan eta finaleko xedea Bostonen -dagoeneko ez da Garden historikoa, TD Bank North Garden berria baizik- partida bat irabaztea da.

Alderaketa eta baliabide teknikoei dagokienez, zaila da asmatzen. Bostonek lanak izango ditu Bryant gelditzen, Allen ez delako defendatzaile bikaina, eta Pierce astunegia delako. Lakersen buruhaustea, berriz, Pierce da. Hegaleko garaia izaki, bizkorregia da pibotentzako eta uztaitik gertu jokatuta Bryanten faltak eragin ditzake. Zazpi partidako seriea luzea da, eta nekeak partidaz partida eginiko zuzenketa txikiak erabakigarriak izango dira.



FInaLeKo ParTIDaK
1. Ekainak 5 Boston-Lakers

2. Ekainak 8 Boston-Lakers

3. Ekainak 10 Lakers-Boston

4. Ekainak 12 Lakers-Boston

5. Ekainak 15 Lakers-Boston

6. Ekainak 17 Boston-Lakers

7. Ekainak 19 Boston-Lakers





Aurkari kutunak

Los Angeles Lakerseketa Boston Celticsek hamar aldiz jokatu dute elkarren aurka NBAko finalean. Txapelketako lehiarik klasikoena da.
i. magro

Saskibaloi lehia klasikoena da euren artekoa. NBAk dena zor dio. Grinaren, garbizalekeriaren, ikuskizunaren eta adorearen isla dira. Denak bat. AEBetako bi kostaldeen ikurrak, Pazifikotik Atlantikora, bi ikuskera, eta bi izaera. Baloi laranja eskuetan hartu duen edonork irudikatu du bere burua Boston Celtics edo Los Angeles Lakerseko elastikoarekin. Munduan barrena NBA zabaltzen lagundu zuten, Showtime-aren sortzaileak eta Irish Pride-aren (Harrotasun Irlandarraren) jarraitzaileak. Gaur gauean hasiko dena euren arteko hamaikagarren finala izango da; aurretik beste hamarrek sortu zuten legenda.

Lehen zazpiak Bostonek irabazi zituen, 1959tik 1969ra. Red Auerbachek maisuki gidaturiko saskibaloiaren iraultzak Bill Russell, Bob Cousy eta enparauak elkartu zituen euren agintea luzatzeko. Hamaika aldiz irabazi zuten NBAko eraztuna, eta Lakers izan zen euren biktima kutunena: 1959 (4-0), 1962 (4-3), 1963 (4-2), 1965 (4-1), 1966 (4-3) eta 1968 (4-2).

Garaipenik esanguratsuena, baina, aro hartako azkenekoa izan zen, 1969koa. Celtics ligako talderik zaharrena zen, eta Russell bere azken denboraldian zegoen. Lakersek finaleko lehen bi partidak irabazi zituen etxean, eta madarikazioa hautsiko zuela zirudien. Los Angelesen Jerry West antolatzaile fina eta Wilt Chamberlain erraldoia ziren izarrak. Talde bikaina harrokeria apaltzeko.

Bostonek zazpigarren partida behartu zuen, Los Angelesen. Pilaturiko nekearen poderioz, etxekoak ziren faborito eta festa prestatuta zuten. Russellek, baina, nola edo hala zapuztu nahi zuen, eta hasi aurretik taldekideak xaxatu zituen. «Dibertigarria izango da puxkarriak banaka-banaka nola jasotzen dituzten ikustea». Pibot historikoak 21 errebote hartu zituen partida hartan, Chamberlain kate motzean lotu, eta Celticsek jantzi zuen eraztuna. Finaleko jokalari onena, ordea, Jerry West izan zen, eta Volkswagen Bettle auto bat jaso zuen opari; berde kolorekoa.

1980ko hamarkada magikoa izan zen NBArentzat. ABAren sorrera eta 1970eko hamarkadako beherakadaren ostean saskibaloia puntara itzuli zen. Berpizkundeko gakoetako bat Earwin Magic Johnson eta Larry Birden arteko lehia izan zen. Unibertsitate garaian aurkari, euren harreman pertsonala ona zen, baina bi mundu ezberdin islatzen zituzten, nazioko bi errealitateak. Johnson, Michigangoa jaiotzez, beltza, jatorra, hiztuna eta hiritarra zen. Bird, berriz, zuria, metodikoa, uzkurra, eta Indianako lautadako herri txiki batekoa.



LAKERSEN MENDEKUA. 1984ko finalean Celticsek madarikazioa luzatu zuen (4-3). Bird, Maxwell, Dennis Johnson, McHale eta Parish, Jabbar, Magic eta Worthy baino gehiago izan ziren. Lakersek ezin zuen Boston Garden mitikoan irabazi, eta bertan etxekoen uztaia babesten zuten mamuak zeudenaren legenda zabaltzen hasi zen.Partida erabakigarrian Maxwell izan zen onena. Final guztian, berriz, Bird.

Lakersen mendekua 1985ean eta 1987an iritsi zen. Ordurako bi eraztun irabaziak zituen taldea madarikazioa hausteko gai izan zen. Lehen partidan jipoi galanta jaso, -Gardeneko sarraskia esaten zaion partidan, 148-114- eta faborito ez izan arren, Lakersek buelta eman zion finalari (4-2). Historian aurrenekoz kanpoko talde bat Bostonen bilakatu zen NBAko txapeldun. Abdul-Jabbarrek partida bikaina jokatuz bukatu zuen finala (29 puntu).

1987an egoera oso desberdina zen. Lakersek inoizko saskibaloirik alaiena egin zuen sasoi guztian, eta eurak ziren titulua irabazteko hautagai nagusiak. Jabbar zahartuta zegoen, baina oraindik ondo babesten zituen Magic, Worthy, Scott, Cooper eta besteen bizkarrak. Lakersek 4-2 irabazi zuen, baina partida erabakigarria bosgarrena izan zen, Bostonen jokaturikoa. Bi segundoren faltan etxekoak puntu bakarreko aldearekin ziren aurretik. Jabetza, baina, Lakersek zuen. Magikek baloia hartu eta, hiru aurkari gainean zituela, kakoz jaurti zuen jaurtiketa libreen marratik. Uztairik ukitu gabe sartu zen, garbi.

Lakersek etxean erabaki zuen finala, eta 1980ko hamarkadako bosgarren eraztuna lortu zuen zaleen aurrean. Bi aurkari kutunen arteko hamargarren finala zen, eta garai hartan inor gutxik uste zuen beste 21 urte igaro beharko zituztela hamaikagarrena ikusteko. Gaurtik aurrera izango da, eta saskibaloiaren historiak orrialde bat du prest idazten hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.