Finlandian bai, Europan ez

Helsinki da Finlandiako talde indartsuena, baina Europako lehiaketetan onenen mailatik urrun dagoela erakusten du urteroAthletic mendean hartzen badu, historiako lorpenik garrantzitsuenetakoa egingo du

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Europako lehiaketen atariko kanporaketa gehienek ezaugarri bertsuak dituzte: handia txikiaren kontra. Txapelketarik indartsuenetako taldeak zerrendaburu izaten dira. Hala, talde horientzat aparteko ahaleginik egin gabe gainditu beharreko kanporaketak izaten dira abuztukoak. Mentalitate horrekin prestatzen dituzte, behinik behin, abuztuko kanporaketak, eta horregatik egoten dira ezustekoak. Haien prestaketa, gainera, lehiaketak erabakitzen direnerako dago bideratuta. Nahiz eta Athletic kopa altxatzeko hautagai nagusien artean egon ez, multzo horretan sartu behar diren taldeetako bat da. Goi mailako taldeen aurkariek, berriz, oso bestelako helburuak dituzte. Gehienak talde apalak dira, liga txikietan aurrean ibiltzen direnak. Euren txapelketetan lortzen dutenarekin konformatu ez, eta abuztuan indartsu egon ahal izateko entrenatzen dira. Multzo horretan sar genezake HJK Helsinki, jarraitzaile zuri-gorrientzat ezezaguna.

1. FinlandiakoReal Madril

HJK Helsinki da Finlandiako talderik garrantzitsuena. Guztira hogeita bost aldiz irabazi du hango txapelketa, eta beste 11tan eskuratu du Kopa. Finlandian erreferentzia da. Aipaturiko erregulartasun lehiaketa guztietatik azken hirurak erreskadan irabazi ditu azken hiru sasoietan. Beraz,egungo txapelduna da. Etxeko txapelketan dominatzaile argia izan den arren, Europan ez da asko nabarmendu. Taldearen lorpenik garrantzitsuena Txapeldunen Ligako ligaxka baterako sailkatzea izan da —1990eko hamarkada bukaeran—. Gainerakoan, ez dauka azpimarratzea mereziduen lorpenik. Finlandiako iragan sasoiko txapeldun gisa, parada izan du Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duten atarikoetan lehiatzeko. Baina aurten ezin izan du erdietsi duela dozena bat urte lortutakoa: Eskoziako Celtic taldeak utzi zuen txapelketa garrantzitsuenetik kanpo —2-1 Eskozian, eta 0-2 Finlandian—.

2. Finlandiako txapelketa, amaitzear

Finlandia paraje hotza da; neguak gogor samarrak izaten dira. Horregatik, futbol txapelketa udaberrian eta udan jokatzen da. Beraz, azken txanpan dago Veikkausliiga —horrela deitzen da Finlandiako txapelketa—. Orain arte, hogeita bi jardunaldi jokatu dira. Hortaz, erritmo aldetik Athletic baino askoz hobeto dago HJK Helsinki. Talde landuagoa da, denbora asko izan baitu teknikariak txarto zegoena konpontzeko. Arlo horretan, abantaila izango du zuri-gorrien aurkariak. Hala ere, ez dirudi Antti Muurinen entrenatzaileak zuzentzen duen taldea garai gozoan dagoenik: azken norgehiagoka irabazi bai, baina aurreko hiruretan puntu bakarra eskuratu zuen. Uzta txikia titulua irabazteko asmotan dabilen talde batentzat. Ondorioz, txapelketa hankaz gora jarri zaio. Egun, Inter Turku taldeak baino lau puntu gutxiago ditu.Beraz, Helsinkirentzat sasoiko garairik garrantzitsuena da. Aste hauetan ondo jarduten ez badu, ezer gabe gera daiteke: ez Veikkausliiga, ez Europako Liga.

3. Harrobia oinarri

Finlandiako talderik indartsuena izanik, ez da harritzekoa HJK Helsinki izatea selekzioaren zutabe nagusietako bat. Hala ere, Europan ez dira futbolari ezagunak. Makela finlandiarra, Savage ganbiarra eta Ashraf egiptoarra dira jokalaririk nabarmenenak. Ezagunena, berriz, erretiroa hartu berri duen bat: Jari Litmanen. 2000ko hamarkadan Ajaxekin ezagun egin zen futbolari horrek 41 urterekin utzi du futbola, berriki. Halaber, Athleticen antzera, harrobiari arreta berezia jartzen dio HJK Helsinkik. Bai etxekoek eta bai kanpotik fitxatutako jokalariek Sonera Stadium-en defendatzen dute Helsinki; belar artifiziala du, eta harmailakez dira oso handiak: 11.000 lagun eskasentzat dago lekua. Urrundik ikusita, ez dirudi oso estadio beroa denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.