Giancarlo Fisichella italiarrak lortu zuen atzo Belgikako Sari Nagusirako pole-a, erabat zoroa izan zen saioan. Sailkapena ikusita, euripean jokatu zela pentsa daiteke, baina eguzki distiratsupean ospatu zen. Fisichella Ferrarin kokatzen dute zurrumurruek, eta horrek piztu egin zuen antza italiarra, taldeari historiako lehen pole-a eman baitzion. Beste italiar batek, Jarno Trullik (Toyota), osatuko du gaur lehen lerroa.
Aurtengo denboraldia inoiz baino bitxiagoa da. Desagertzekotan egon zen talde bat dago txapelketa buru, eta Rubens Barrichellok (BrawnGP), txapelketako gidari zaharrenak irabazi zuen azken lasterketa. KERSaren alde gehien egin zuen taldeak, BMWk, hura alboratu eta gainera 1 Formulatik doala iragarri zuen. Eta orain, titulua erabaki behar denean, Jenson Button (BrawnGP) txapelketako liderra 14.a aterako da gaur. Lewis Hamilton (McLaren), iaz munduko txapelketa irabazi zuen gidaria aurten arrastaka zebilen, baina bat-batean bi lasterketatan garaipena lortzeko lehian sartu da, baina Belgikan atzean gelditu da berriro: 12.a.
Eroa, eroa da sasoia. Urteko lehen lasterketan uler daitezke halako gorabeherak, autoak justu samar iritsi ohi baitira Australiara. Baina dagoeneko 12. lasterketa da, eta zirkuitu batetik bestera ez da ezer errepikatzen. Beti dago aldrebeskeriaren bat. Eta atzokoan Force India talde xumearen txanda izan zen, zeina pixkanaka eta etenik gabe autoa hobetuz doan. Saria Fisichellak jaso zuen, bere ibilbidearen amaieran badago ere, atzo bikain gidatu zuen.
Lehen hiru postuetan diren gidariak gutxi ikusi ditugu horren aurrean. Eta esanguratsua da hiruetako inork ez duela ziurtatuta datorren urtean 1 Formulan jarraitzea. Laugarren postuan dagoen Barrichello da lehen izen garrantzitsua, eta Valentzian (Herrialde Katalanak) garaipena lortu ondoren, Belgikan horri segida eman diezaioke, eta Buttoni aldea jan berriro. Izan ere, bien artean lehia baimendu du euren taldeak.
Kanpotik ikusita zaila da halako emaitza bitxi eta aldakorrei esplikazioa topatzea. Eta barrutik, zergatia jakin badezakete ere, askotan ez dakite nola bideratu. Baina pneumatikoen tenperatura da emaitza zoro hauen atzean dagoen arrazoi nagusia. Pneumatikoek ongien erantzuteko, tenperatura tarte batean egon behar dute, eta auto bakoitzak modu desberdinean zigortzen ditu. BrawnGP autoa oso gozoa da pneumatikoekin, ez ditu asko behartzen, eta kosta egiten zaio tenperatura egokira iristea. Aldiz, McLaren autoak itsaspen gutxiago duenez, pneumatikoek gehiago egiten dute irrist, eta gehiegi urratzen dira. Pistaren tenperaturaren arabera, auto mota batek edo besteak mantenduko ditu pneumatikoak puntu egokian.
Barrichellorentzat aukera
Atzo ere halako zerbaitek lagundu zion Fisichellari. Inork ez zuela espero italiarra postu horretan, baizik eta Mark Webber, Sebastian Vettel, Barrichello edo Button. Baina gidariok kikilduta daudela dirudi. Vettel goraka hasi zenean, Hungarian eta Valentzian punturik gabe gelditu zen. Hortaz, Webberren txanda iritsi zen, baina hark ere kale egin zuen Valentzian. Buttonek aukera balia zezakeenean, lau puntu eskas pilatu ditu azken bi lasterketan.
Eta hor agertu da Barrichello, urte hasieran taldearekin kexu zena, ez omen baitzioten trataera berdina ematen. Orain, autoa lehen bezain nagusi ez denean, brasildarra da ondoen ari dena, sendo. Gaur aukera berria du titulurako lehian zeresanik baduela frogatzeko. Gazteen zain ziren guztiak, eta beteranoek eman dute aurpegia. Atzo Fisichellaren eguna izan zen; gaur Barrichellorena izan daiteke.
Fisichellak miraria lortu du
Force India taldeko gidari italiarrak ezustekoa eman du, Belgikako Sari Nagusiko 'pole'-a lortuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu