Frantzia da podiumetik erori ez den bakarra

Munduko Eskubaloi Txapelketako finalerdiak jokatuko dira gaur, Kolonian eta Hanburgon

Julen Etxeberria.
2007ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ezohiko finalerdiak jokatuko dira gaur Munduko Txapelketan, Alemanian. Alemania, Frantzia, Polonia eta Danimarka ariko dira finalerako sailkatzeko ahaleginean. Espainia eta Kroazia, azken urteetan euren garaipen zerrenda loditu duten bi selekzio, txapela lortzeko borrokatik kanpo geratu dira. Final-laurdenetan esan diote biek agur, Alemaniaren eta Frantziaren aurka galdu ostean. Frantziarrak dira, hain zuzen ere, 2005etik hona jokatu diren hiru txapelketa garrantzitsuetan finalerdietan tokia izan duten bakarrak. Haratago doa euren lan ona, bi bider igo baitira podiumera: hirugarren sailkatu ziren 2005eko Tunisiako Munduko Txapelketan, eta txapela lortu zuten iaz, Suitzako Europako Txapelketan.

Hirugarrenezjarraian igo daiteke Frantzia podiumera, gaur etxeko taldeari irabazten badio. Galduta ere, podiumean tokia izateko aukera luke, hirugarren eta laugarren posturako partida irabazita. Frantziarrek, hala ere, ez dute txapela ez den beste sarietan pentsatzen. Omeyerrek, Karabaticek, Abalok eta enparauek orain arte egin duten lan bikainak horretan pentsatzeko bide ematen die.

Alemania da Frantziak bide horretan gainditu beharreko lehen oztopoa, oztopo handia, Kolnarena pabiloi erraldoiaren parekoa. Alemaniak gotorleku bilakatu nahi du Kolnarena. Oraingoz ondo atera zaie apustua, herenegun Espainia, munduko txapelduna, kanporatu baitzuten bertan. 19.000 ikusle baino gehiago bildu ziren harmailetan, eta presio izugarria sortu zuten. Babes hori erabakigarria izan zen garaipena lortu ahal izateko. Babes hori, eta Alemaniako jokalari garrantzitsuenek egin zuten lan ona.Ez zen jokalari bat nabarmendu, eta talde lana izan zuten makulu alemaniarrek. Bakoitza berean, ederki aritu ziren. Erasoan, Jansenek, Glandorfek, Kehrmannek, Zeitzek eta enparauek behin eta berriro zulatu zuten Barrufeten atea. Erasoan ondo, eta horrenbeste defentsan. Schwarzer pibote handi eta beteranoak behin eta berriz utzizituen ezerezean espainiarren ahaleginak. Hori gutxi balitz, alemaniarren horma gainditu zuten baloi askok Fritz atezainaren gorputza zuten zain.

Etxeko taldeak aukera ezin hobea du 29 urte geroago, Munduko Txapelketa irabazteko -1978an irabazi zuen azken aldiz, Danimarkan-. Txapela eskuratuta, gainera, azkeneko urteetan galdu dituzten finalek utzitako zapore gazia gozotuko lukete -bigarren sailkatu ziren 2002ko Suediako Europako Txapelketan, 2003ko Portugalgo Munduko Txapelketan eta 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan-. Alemania eta Frantzia bigarren aldiz ariko dira txapelketa honetan: lehen ligaxkan jokatu zuten elkarren aurka, eta etxekoek lortu zuten garaipena (29-26).



DANIMARKAK GOIA JO NAHI DU BEHINGOZ. Danimarkako selekzioa bitxia da oso. Talde bikaina du, eta entrenatzaile askok eredutzat daukate. Gertutik jarraitzeko selekzio gisa hasi ohi ditu txapelketa guztiak, bainagero, kale egiten du, finalerdietan gehienetan -Europako azken hiru Txapelketetan geratu da finalaren atarian-. Alemanian izen txar hori kendu nahi du gainetik. Horretarako, orain arte erakutsi duen irregulartasuna gainditu beharko du. Kasper, Boesen, Christiansen, Knudsen, Boldsen... selekzioko jokalari garrantzitsuak txukun ari dira, ez bikain, ez ikusgarri, txukun, besterik ez. Horrek ustekabea emateko zirrikitu bat uzten dio Poloniari. Nolanahi ere, danimarkarrak dira finalera sailkatzeko faborito. Hori lortuz gero, inoizko posturik onena berdinduko lukete: bigarren izan ziren 1967ko Suediako Munduko Txapelketan, Txekoslovakia ohiaren atzetik.

25 urte itxaron behar izan du Poloniak berriz Munduko Txapelketa bateko finalerdietan aritzeko. 1982an egin zuen azken aldiz, orduan ere Alemanian, orduko Alemaniako Errepublika Federalean. Ez da kasualitatea bakarra. Poloniarrek Danimarkari irabazi zioten hirugarren eta laugarren posturako partidan, eta podiumeko hirugarren koskara igo ziren.

Txapelketako ustekabekoa dira, zalantzarik gabe, poloniarrak. Baina Alemaniara iritsi aurretik hasi zuten gorako bidea, Munduko Txapelketarako sailkatzeko kanporaketan Suedia utzi baitzuten bidean, munduko eta Europako txapelketa gehien irabazi duen selekzioa -zortzi txapel guztira-. Alemanian, goia jotzeko prest daudela berretsi dute. Estatistikak argigarriak dira oso: zortzi partida jokatu dituzte, eta zazpi irabazi dituzte eta bakarra galdu (Frantziaren aurka, bigarren ligaxkan, 31-22). Bogdan Wentaren hautatzaileak etorkizun handiko taldea du bere aginduetara: Bielecki, Tkaczyk, Lijewski, Jurecki, Jurasik, Tluczynski...



Alemaniako Ligako jokalariak dira nagusi

Munduko Eskubaloi Liga indartsuena da Alemaniakoa, Espainiako Asobal Ligarekin batera. Azken urteetan bi txapelketa horietako taldeek lortu dituzten emaitzak aintzat hartuta, Asobal Liga dago koska bat gainetik. Azpiegitura eta ikuskizun mailan, ordea, ez dago alderik. Alemaniakoa dago gainetik, alde handiz gainera. Eskubaloiaren NBA deitzen diote Bundesligari. Ez da harritzekoa: 19.000 ikusle baino gehiago zenbait partidatan, dirua barra-barra... Eskubaloiaren sehaska da.Munduko Txapelketako finalerdietan ariko diren taldeei erreparatuta argi dago Alemaniako Ligak lehia irabazi diola Asobal Ligari. Finalerdietan ariko diren 64 jokalarietatik 36 ari dira Alemaniako Ligan, erdia baino gehiago.

Etxeko selekzioa finalerdietarako sailkatu eta Espainia kanpoan geratu izanak, noski, badu zerikusirik horrekin, are gehiago bi selekzio horietako hautatzaileek euren Ligan jokatzen duten jokalariz osatutako deialdiak egin dituztela kontuan hartuta. Alemaniako selekzioko 16 jokalariez gain, Alemaniako Ligak beste 20 ordezkari ditu finalerdietara iritsi diren beste hiru taldeetan: sei ditu Frantzian(Karabatic, Omeyer, Narcisse, Abati eta Guille anaiak); bost Danimarkan (Christiansen, Knudsen, Boldsen, Stryger eta Oechsler); eta bederatzi Polonian (Szmal, Krzysztof Lijewski, Bielecki, Bartosz Jurecki, Jurasik, Tkaczyk, Weiner, Tluczynski eta Marcin Lijewski). Alemaniako Lehen Mailan jokatzen duten 18 taldeetatik 12 daude ordezkatuta Munduko Txapelketako finalerdietan: Magdeburgok sei jokalari ditu, Kielek eta Hanburgok bosna, Kronau-Ostringenek, Lemgok eta Flensburgok launa, eta bana Nordhornek, Goppingenek, Wetzlarrek, Gummersbachek, Grosswallstadtek, Wilhelmshavener eta Hannoverrek.

Ez da ere kasualitatea Alemaniarekin muga egiten duten hiru herrialde sailkatu izana: Frantzia mendebaldetik, Polonia ekialdetik eta Danimarka iparraldetik. Hiru herrialdetakoak dira Alemaniako Ligan ari diren atzerritar gehienak. Oraingoan, Alemaniak Espainia gainditu du, eta azken bi txapelketetan gertatukoaren ordaina eman- Alemania ez zen final-laurdenetarako sailkatu Tunisiako Munduko Txapelketan eta Suitzako Europako Txapelketan-. Alemaniarrek argi dute: ez dago etxean jokatzea bezalakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.