Frantziak gorriak ikusita irabazi du, eta finalean da

Sam Warbuton Galesko kapitaina 17. minutuan egotzi izanak, finalerdia goitik behera baldintzatu du (8-9)

Eneritz Zabaleta.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Begirada batzuek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Burua erdi apal, irribarre faltsu bat eta besoak nola edo hala gora. Horrela zeuden frantziarrak, atzo, Galesi irabazi berritan (8-9). Galesak, berriz, gertatu zitzaiena ezin sinetsita, burua gora eta porrota duintasunez hartzen. Kirolean, irabaztea beti da merezimendua, baina batzuetan merezi duenak ez du irabazten. Atzo Frantziak irabazteko balentria egin zuen, eta Munduko Kopako finalean ariko da gaur zortzi, baina Galesek merezi izan zuen finalerdia irabaztea.

Partida baldintzatu zuen jokaldia 17. minutuan gertatu zen. Eskas baten ondoren Warburtonek Clerk gogor plakatu zuen. Frantziarrari hankak lurretik kendu, airean itzulikatu eta buruz behera bota zuen. Alain Rolland epaile irlandarrak ez zuen dudatu: txartel gorria eta Galesek hurrengo 63 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharra.

Kolpea gogorra izan zen Galesentzat. Hamar minutu lehenago, bere uztartzearen liderra galdu zuen, Adam Jones harroina. Harroinaren ondotik, kapitaina galdu zuen Warren Gatlanden taldeak. Ordura arte partida orekatua izan zen. Galesek Frantzia sorpresaz hartu zuen, baloiak zentzu berean jokatu ordez behin eta berriz joko aldaketak eginez.

Txartel gorriaren ondotik, baina, gauzak aldatu ziren. Galesek estrategia aldatu behar izan zuen, errugbi minimalista jokatzera kondenatuta. Pase bat, bi pase, ostikada eta defentsan presioa. Frantzia, berriz, egoera baliatzen saiatu zen. Jones gabe, eta jokalari bat gutxiagorekin, Galesen uztartzean ezinean zebilen. Galesek faltak egin zituen, eta Morgan Parrak bere hiru ostikoak ederki jo zituen: 3-9.

Baina partida aitzina joan ahala, Gales erosoago sentitu zen. Uztartzean Galesek Frantziaren nagusitasuna eten zuen. Jokoan ere Galesek heldutasun gehiago erakutsi zuen. Bere joko minimalista bikain kontrolatu zuen, eta Frantzia zailtasunetan ezarri. Frantzia hondoratu egin zen, joko ezean itoz. Baloiak Galesi itzuli zizkion, eta ez zuen sekula hiru-lau fase baino gehiago egiterik izan. Galesek aukerak izan zituen, baina zangoz hamalau puntu bidean utzi zituen: Hook, Jones eta Halfpenny errudun izan ziren haien ostikadetan.

Hala ere, Gales Frantzia baino gehiago izan zen. Deabru gorrien erasoaldi batean, Mike Philipsek baloia hartu zuen eta Frantziako defentsaren erditik entsegua sartu zuen: 8-9. Azken minutuetan, Galesek izan zuen baloia, eta Frantziaren zelaian aritu zen. Azken bost minutuetan Frantzia defentsan itxi zen. Bereak eta bi sufritu zituen, baina azkenean Galesek aitzin pasa egin zuen.

Etxekoen hutsuneak

Zeelanda Berriak eta Australiak gaur jokatuko dute bigarren finalerdia (10:00), Aucklanden (Zeelanda Berria). Etxekoak dira faborito, txapelketa bikaina eginda baitatoz, baina hutsune garrantzitsuak dituzte. Hasieratik aritu beharreko lau jokalari min hartuta daude, tartean Daniel Carter irekitzaile eta taldeko izarra. Australiak, gainera, badu ezustekoa emateko moduko taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.