Frantziako Federazioak Esku Pilota deitu du batzorde bat osatzeko

Berezkoen elkarteak eskaerari muzin egiten badio, federazioak txapelketetatik kanpo utz ditzake pilotariak

Erredakzioa
Baiona
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Pilota Federazioak Elite Mailako trinketa antolatuko duen batzorde bat osatu nahi du, eta hor parte hartzera deitu du Esku Pilota. Berezkoak batzen dituen elkarteak, baina, uko egin dio lehen eskaerari; hala azaldu du, behintzat, Phillipe Karrikart federazioko presidenteordeak Le Journal du Pays Basque kazetari emaniko elkarrizketan. Pilotari ohiak, halaber, Esku Pilota mehatxatu du, eta elkarteak batzordean sartzea onartzen ez badu bere pilotariak txapelketetatik kanpo utz ditzakeela aurreratu.

Aspaldiko liskarrak trinketera itzul daitezkeela dirudi. Karrikarten iritziz, trinketaren egoerak «bilakaera»bat behar du, eta derrigorrezkoa ikusten du Esku Pilota eta federazioak bat egitea, txapelketak eta Elite Pro zirkuitua eratzeko. Haren esanetan, pilotariek eskatu duten zerbait da, eta, besteak beste, maila igotze eta jaitsierak ezarri nahi ditu.

Eskaintzak mehatxu kutsua ere badu, Karrikartek 2012aren bukaeran jartzen baitu baiezkoa jasotzeko muga, eta, hala izan ezean, «agian erradikal» jokatu beharko duela ohartarazi du: «Gaur, edozein elkartek aurretik izan behar du federazioaren baimena. Bihar, federazioarekin bat egiten ez duen jendeak txapelketetatik kanpo gelditzeko arriskua izango du».

Zortzi bikoteko txapelketa

Binakako txapelketa hilaren 16an hasiko da, Senperen, eta zortzi bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. A multzoan, Waltary-Bonebeltxe, Agirre-Ezkurra II.a, Ibarrola-Arizmendi eta L. Lanbert-Kurutxarri elkartuko dira. B-an, berriz, Alfaro-Etxeto, Lerretxea-Jeannots, Etxeberri, X.Lanbert eta Bielle-Ozafrain. Finala apirilaren 28an jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.