Frantziako Sari Nagusia, bertan behera

Antolatzaileek adierazi dute 1 Formula uztailaren 5ean hasteko asmoa dutela, Austriako Sari Nagusian.

Charles Leclerc Ferrariko gidaria, iaz, Paul Ricard zirkuituan. VALDRIN XHEMAJ / EFE
2020ko apirilaren 27a
10:54
Entzun

Ekainaren 28an hastekoa zen 1 Formulako txapelketa, baina, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren eraginez, txapelketa moldatu egin dute antolatzaileek; bertan behera utzi dute ekainaren 28ko ekitaldia, Frantziako Sari Nagusia, eta astebete geroago hasiko da, uztailaren 5ean, Austriako Sari Nagusiarekin.

Frantziako lasterketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, herrialde horretako gobernuak debekatua du jendetza elkar daitekeen ekitaldi oro, eta, beraz, adierazi dute ezin dutela sari nagusia egin aurten: «Ikusleen, bazkideen eta 1 Formulako eragile guztien osasuna eta segurtasuna da lehentasuna».

Frantzian bertan, beste kirol ekitaldi batzuk atzeratu edo bertan behera utzi dituzte; Roland Garros tenis txapelketa maiatzetik irailera geroratu dute, eta Frantziako Tourra abuztu amaieran abiatuko da.

Frantziako Sari Nagusia bertan behera geratuko dela jakin ostean, Chase Carey 1 Formulako zuzendariak adierazi du egutegi oso bat lantzen ari direla, eta ahalik eta azkarren emango dutela horren berri. Antolatzaileen asmoa da Austriako Sari Nagusiarekin abiatzea, uztailaren 3-5eko asteburuan, eta hamabost eta hemezortzi lasterketa bitarteko txapelketa bat osatzea. Abu Dhabin amaituko litzateke denboraldia, abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.