Ez dago zer eginik, eta zerbait gertatzen bada, ustekabe latza izango da. Lance Armstrongek zalantzarako zirrikiturik ez zuela uzten esaldi jakina da, errepikatua oso. US Postal taldea ere bere liderra bezain sendo zegoela susmoa baino gehiago zen Tourraren atarian. Aitzin-etapan gertatutakoa ikusita (talde horretako lau karrerista sailkatu ziren lehen 13en artean) eta atzoko taldekako erlojupekoaren ostean, haizeak eraman ditu susmo guztiak. Errealitate gordinak agintzen du, eta errealitate horrek kolore urdina du, US Postalen maillotaren kolorea, hori hala izatea askoren gustukoa ez bada ere.
Armstrongek ez zuen gainditu ezin den errenta mamitsurik lortu. Estatistikak gordin-gordin aztertuta, 30 segundo bakarrik jan zizkion ONCE-Eroskiri, Joseba Belokiri, eta 43 segundo Jan Ulrrichi, Team Bianchi taldeari. Ezer ez. Estatistikei baino gehiago, ordea, hain agerikoa ez den lehia psikologikoari erreparatu behar zaio. Eta lehia horretan koska handia bereganatu zuen US Postalek. Lasterketako agintea hartu dutelako eta zailduak direlako oso maillot horia babesten. US Postal delako aurrerantzean beste taldeen mugimenduen zain geratuko dena, eta ez alderantziz, ONCE-Eroskik edo Team Bianchik nahiago luketen moduan. Baina, batez ere, Armstrong eta US Postalen gainbehera sumatu ere egiten ez delako.
Victor Hugo Peñak jantzi zuen maillot horia. Tamainako balentria lortzen duen lehen kolonbiarra da. Lorpen horretan ere Armstrongek xehetasun oro lotuta dituela dirudi. Peña lidergoan dela, prentsari derrigor egin beharreko adierazpenak, podiuma eta beste lan nekagarriak saihestuko ditu estatubatuarrak, egun pare batean, behintzat.>
Bigarren zati ikusgarria egin zuen US Postalek
Banesto eta ONCE-Eroski izan ziren behin-behineko sailkapen buru. Banesto ordekan espezialistak diren hiru errusiarrekin ari da Tourrean, Karpets, Mentxov eta Petrov, eta Txente Garcia-Acosta, Lastras eta Xabier Zandio iruinsemea ere ez dira makalak. Oso indartsu hasi ziren, justu antzean bukatzeko, Mercado igotzailearen ezinak eraginda, ziurrenik. Laugarren postuan sailkatu ziren, US Postalengandik 1,05era, eta ONCE-Eroski eta Bianchiren ostean.
Ullrichen Bianchik lan txukuna egin zuen. Becke, Steinhauser, Angel Casero, David Plaza eta Aitor Garmendia errodadore onak dira, eta erlojupeko erregularra egin zuten. Tarteko helmuga guztietan ONCE-Eroskirengandik 20 segundo baino gutxiagora sailkatu ziren, eta 13ra helmugan.
ONCE-Eroskik ere lan dotorea egin zuen. Manuel Saiz kirol zuzendaria trebea da taldekako erlojupekoak prestatzen, gehien atsegin duen diziplina da, baina min hartuko zuen atzo US Postalen garaipenarekin. ONCE-Eroskiko bederatzikoa elkarrekin mantendu zen ia bukaeraraino, baina Serranok eta Alvaro Gonzalez Galdeanok ezin izan zuten laguntza handiegirik eman hondarrean, eta erabakigarria izan zen hori.
US Postal lasai hasi zen eta oso-oso indartsu bukatu. Sei segundoko atzerapena zuen ONCE-Eroski taldearekiko 18. eta 44. kilometroetan, baina 59.an 18 segundoko aldea zuen AEBetako taldeak. 25 segundo kendu zizkion Belokiren taldeari 15 kilometroan. Saioko azken tartean, 18 segundo horiek hazten joan ziren, minutu erdia bilakatu arte. Helmugara bederatzi karreristekin iritsi zen talde bakarra izan zen US Postal. Esanguratsua benetan.
Kontent egoteko moduan direnen artean, atzerapen txikia izan zutelako, hiru talde: Virenqueren Quick Step, Botero eta Vinokouroven Telekom eta Chaurreau eta Astarlozaren AG2R. Bi euskaldunen taldea bederatzigarren postuan sailkatu zen, 1,38 galduta US Postalekiko.
Galtzaileei dagokienez, bi izen propio beste guztien gainetik: Saeco eta Euskaltel-Euskadi. Simoniren Saecok 3,02 galdu zituen, espero baino gehiago. Euskaltel-Euskadiren jardunak irakurketa bi ditu. Aurreko bi taldekako erlojupekoetan baino denbora gutxiago galdu zutela atzo da lehena. 4,45 eta 4,22ko atzerapena pilatu zuen 2000 eta 2001 urteetan, eta 3,22koa atzo. Bigarrena, 3,22 galera handia dela, handiegia; talde euskaldunak diziplina horretan ezer gutxi hobetu duela adierazten duen atzerapena.>
FRANTZIAKO TOURRA. LAUGARREN ETAPA. EZ DAGO ZER EGINIK. EZ DAGO ZER EGINIK
US Postalek erakustaldia eman du taldekako erlojupekoan, eta Victor Hugo Peña kolonbiarrak jantzi du maillot horia; ONCE-Eroskik 30 segundo galdu ditu, eta Bianchik 43; Euskaltel-Euskadik ere tarte handia galdu du, 3,22
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu