Oscar Freire (Espainia, 1976) Rabobank taldeko txirrindulariak irabazi du gaur arratsaldean Frantziako Tourrean, hamalaugarren etapan: Nimes-Digne les Bains (194,5 kilometro). Esprintean bukatu da, eta itzuli honetako bere lehen garaipena lortu du Freire hiru aldiz munduko txapeldun izandakoak. Tourrean aurretik beste hiru garaipen zeuzkan.
Leonardo Duque (Cofidis taldea) eta Erik Zabel (Milram) izan dira bigarren eta hirugarren. Mark Cavendish-ek (Team Columbia) -lau esprint irabazi ditu Tourrean-, ezin izan du bukaeran esprinta jokatu, kilometro batzuk lehenago atzean geratu baita laugarren mailako mendatean.
Cadel Evansek (Silence Lotto) segitzen du lider, atzoko alde berarekin. Frank Schleck (CSC) segundo batera dago, Chris Vandevelde (Garmin) 38ra.
Bihar korrituko dute hamabosgarren etapa, Alpeetako aurrena: Embrun-Prato Nevoso (183 kilometro). Lehen mailako mendatean bukatuko da. Aurretik, 58. kilometroan, Agnel maila berezia izango dute, eta hirugarren mailako bat 157.ean.
Astelehenean atseden eguna izango dute, Tourreko bigarren eta azkena. Asteartean, atzera berriz mendia: maila bereziko bi -Lombarde eta Jausiers-; etapa ez da tontorrean amaituko. Asteazkenean, Alpe D’Huez maila bereziko mendian bukatuko da etapa. Aurretik, maila bereko beste bi mendi izango dituzte.
Hilaren 27an bukatuko da Tourra. Aurreko egunean 53 kilometroko erlojupekoa edukiko dute.
Txirrindularitza
Freire irabazle Tourrean, Alpeetako etapen atarikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu