Freireren belarria

Munduko Txapelketako lehen tituluak profesionaletako bidea leundu zion. Bigarrenak elitera eraman zuen, eta hirugarrenak, Olinpora. Laugarrenak historiako onena eta bakarra bilaka dezake Oscar Freire. Espainiarra ondoen ezagutzen duen pertsonarekin egon da BERRIA; haren masajista Joseba Nuñezekin, alegia

ANDONI URBISTONDO DIMA
2007ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Astelehena. Madrildik Iruñera, Iruñetik Abadiñora, eta Abadiñotik Dimara. Rabobank taldeko autoan Denis Mentxov, Pedro Horrillo eta Joseba Nuñez (Zeberio, 43 urte). Asteazkenaz geroztik Stuttgarten daude Mentxov eta Nuñez, eta asteartean familiarekin egon beharreko tarteari koska txiki bat jan zion BERRIArekin kontu-kontari jarduteko. Nuñezek. 12 urte daramatza masajista jardunean. Afizionatu mailako Olarra taldearekin hasi zen, Ruben Gorospe kirol zuzendaria zela. Bizpahiru urte egin zituen talde hartan, eta ondoren Espainiako emakumeen selekzioarekin hasi zen lanean. 1999an Veronan egon zen, Munduko Txapelketan, Freirek txapelketa irabazi zuen lehen urtean hain zuzen ere. Han elkar ezagutu zuten, eta Freirek Mapei talderako fitxatu zuen bizkaitarra.

«Hiru urte egin nituen Italian, baina Stefano Garzellik positiboa eman ondoren, egoera asko okertu zen eta taldea desagertu egin zen. Freirek Rabobank taldearekin sinatu zuen kontratua, eta hasieran larri samar ibili nintzen, Holandako talde horrek ez duelako bertakoak ez diren laguntzaileak fitxatzeko ohiturarik. Nirekin salbuespena egin zuten, eta dagoeneko bost urte daramatzat Rabobank taldean».

Italia eta Holanda zeharo ezberdinak direla dio Nuñezek. Italian pribilegiatu baten moduan ikusten omen zuten: «Freireren kapritxo bat nintzela uste zuten, baina hiru urtean itxurak egiten ibiltzea ezinezkoa da». Holandan erabat ezberdina omen da egoera. «Konfiantza handia eman zidaten hasieratik, eta horrela gustura egiten da lana». Holandan Freireren masajista ez, Rabobank taldeko masajista da Nuñez. Freireren masajista da, baina taldeko beste txirrindulari guztiena ere bai.

Zeberiokoak 170 bat egun egiten ditu etxetik urrun, eta denboraldia bukatzeko irrikan da, dagoeneko (Paris-Tours klasikoa da haren aurtengo azken proba). Asteazkenaz geroztik Stuttgarten dago, Oscar Freireren hanka zuztarrak goxatzen. Nekez aurkituko dugu Freireren sekretuak hobeto dakizkien pertsonaren bat. Harentzat lan egiteaz gain Freireren lagun mina ere badelako Nuñez.

Hitzaren zentzu zabalean, gainera. Masajea ematen, mahai bueltako solasaldietan, Freirek egunero logelan, autoan edo edozein lekutan ahazten dituen gauzak jasotzen... «Despistatu hutsa da, erremediorik gabekoa. Sakelakoa, ordularia, giltzak, diru zorroa...». Izaera berezi hori onuragarria dela uste du Nuñezek, halere: «Bizikleta gainean dagoenean ez dauka parekorik, baina bere jarduna bukatzen duenean erabat aldatzen da. Hurrengo eguna iritsi arte ahaztu egiten du txirrindulari profesionala dela, eta hori ona da. Munduko Txapelketa irabazi, eta gai da mendiren batetik parapentean botatzeko. Ez da txirrindularitzako gaixo bat».

Kantabriakoak daukan talentua handia da, baina giharrak ahalik eta gutxien nekatzen ditu. Lehiaketa egun gutxi pilatzen ditu urteak joan, urteak etorri, eta hori ere bada haren arrakastaren gakoetako bat. Joseba Nuñezen ahotan, kirolarien ahalmena diruaren parekoa da: «Xahutzen baduzu, ez daukazu. Xahutzen ez baduzu, badaukazu. Freirek asko gordetzen du. Frantziako Tourra eta Munduko Txapelketa prestatzen ditu ondoen, klasiko batzuekin batera. 10 bat proba urtero. Entrenatu, ez da asko entrenatzen, gutxieneko maila lortzeko behar dena».

Alor horretan ñabardura garrantzitsu bat aipatu behar da. Freirek ohikoa ez den dohaina du. 10-15 egunean gorputza zigortu eta azkar lortzen du sasoi ona, gorputza sobera zigortu gabe. Haren masajistak ez omen du altxor horren jatorria aurkitu oraindik: «Genetikoa izango da, noski, baina ikusgarria da». Adibide argigarria ematen du Nuñezek: «Urtarrilean egiten diren kontzentrazioetan ikaragarri sufritzen du entrenamendu saioa lau ordukoa bada. Beti azkena iristen da hotelera, ezinean. Hilabete eta erdi barru, ordea, Milan-San Remo irabazteko gai da».



LAUGARRENAREKIN TEMATUTA. Bere kirol ibilbideko hitzordu garrantzitsuena du gaur Oscar Freirek Stuttgarten. Munduko Txapelketa irabazten ez badu, ez da porrota izango, espainiarraren lorpen zerrenda ikusi eta hitz horrek ez duelako zentzurik. Batez ere dagoeneko hiru Munduko Txapelketa irabazi dituelako. Garaipena lortzen badu, ordea, lau Munduko Txapelketa irabazi dituen historiako txirrindulari bakarra izango da, eta hori handia da, iraganean karrerista handi asko egon direlako.

Nuñezi Freirek garaipena lortuko duen galdetu, eta ez dauka zalantzarik: «Bai, Munduko Txapelketa baino proba hoberik ez dagoelako berarentzat. Talde osoa haren mesedean arituko da lanean, eta hori gutxitan gertatzen da. Freirek, normalean, bere kabuz bilatzen ditu garaipenak». Garaipena esprintean erabakitzen bada eta Freire talde horretan baldin badago garaipena lortuko duela dio masajistak: «Bera da azkarrena. Bettini da aurre egin diezaiokeen bakarretakoa, baina Bettini arduratuta dabil oso Freireren indarrarekin. Vueltan ia egunero galdetzen zidan ea zer moduz zegoen Freire».

Zerk edo nork ken diezaioke garaipena Freireri? Ez du esan Nuñezek, «ez dagoelako, indartsuena bera da». Izen bat bota du, dena den: «Denisekin kontuz [Mentxov]. Oso ondo bukatu du Vuelta, eta Arcalisen ere erakutsi zuen esprintean aukera eduki dezakeela». Zerk galdetuta erantzun hau bota du: «Freire tematu samar sumatu dut laugarren txapela lortzeko aukerarekin. Normalean neurri ona ematen du aukeratzen dituen probetan, baina batzuetan gertatzen da ilusio handiena duzun erronketan hartzen dela muturreko handiena». Bestelakoan, aurkariren baten trikimailuren baten susmoa du bizkaitarrak, «italiarrena, batez ere». Vueltan, Luarcan bukatu zen etapan Bettinik Freireri bidea itxi ziola gogoratu du, eta gaur ere antzera gerta daitekeela pentsatzen du. «Bettinik berak egin dezake, edo taldekideren batek».

Espainiako selekzioaren inguruan ere badu mesfidantza pixka bat Nuñezek. «Samuel Sanchezek munduko txapeldun izan nahi duela esan du, baina Samuelek bakarrik helmugaratu behar du garaipena lortzeko, eta asmo hori baldin badu, Freireren hautagaitza ahuldu dezake». Ahulduko ez duena Freireren izaera da. Laugarrenez irabazten badu nola ospatuko duen, duten, arrastorik ez dauka Nuñezek, baina garbi du ospakizun bereziren bat izango dela. Dakienaren hitzak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.