Futbola

Freskotasunik gabe, puntu bakarra

Joko bizirik egin ezinik eta golik gabe jarraitzen du Realak, eta 0-0 berdindu du Malagaren aurka. Txuri-urdinak Bartzelonaren aurka ariko dira asteartean, Nou Campen (20:00).

2013ko irailaren 21a
18:38
Entzun

Beti esaten da Txapeldunen Ligak nekea sortzen duela, eta horixe ari zaio gertatzen Realari ere. Joko landurik egin ezinik eta goleko jokaldi apurretan huts eginez, partidak irabazi ezinik jarraitzen dute txuri-urdinek. Gaur ere makal antzean aritu dira Malagaren aurka, eta, gutxien-gutxienik, puntu bat eskuratu dute, 0-0ekoari esker. Lehen bost partidak jokatuta, sei punturekin daude donostiarrak, behin-behinean zazpigarren postuan. Egutegia daukate aurka Jagoba Arrasateren jokalariek, datorren asteartean Nou Campen jokatu beharko dutelako, Bartzelonaren aurka (20:00), eta hurrengo larunbatean Sevillaren aurka, Anoetan (20:00). Txapeldunen Ligaren txanda iritsiko da jarraian, Leverkusenen, Alemanian.

Realak goleko aukera bakarra sortu du lehen zatian, 8. minutuan, Mikel Gonzalezen jaurtiketa batean. Baloia mugitu bai, baina aukera argirik sortu ezinik aritu dira txuri-urdinak gehienean. 20. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Iñigo Martinezek argi-argi eskuarekin sartutako gola, eta lehen zatiko azken minutuetan estutu egin dute bisitariek. El Hamdaouik, Portillok eta Sergio Sanchezek eduki dituzte aukerarik onenak, baina, donostiarrentzat zorionez, ez dute asmatu.

Baloia Malagari kenduta, itxura hobearekin ekin dio Realak bigarren zatiari, eta 54. minutuan aukera argi-argia eduki du Agirretxek, area barruan bertan ezkerrez egindako jaurtiketarekin. Gutxigatik kanpora joan da, ordea, usurbildarraren errematea —atzelaria elastikotik heltzen ari zitzaion, eta penaltia adierazteko modukoa zen jokaldia—. Lehen zatian egin bezala, Malaga esnatu egin da bigarren zatiaren hondarrean, eta gola sartzeko aukera onak eduki ditu. Griezmann zelairatuta, bizitasun gehixeago izan du etxekoen jokoak, baina ez Griezmannek eta ez Seferovicek azken minutuan ez dituzte baliatu euren aukerak. 0-0, bizitasun faltan, golik gabe, puntu bakarra donostiarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.