Txirrindularitza

Froomek astindua eman dio Tourrari

Pirinioetako lehen etapan erakustaldi handia eman du Skyko britainiarrak, lider jarri da, eta lehertuta utzi ditu faborito guztiak. 51 segundora dauka Richie Porte taldekidea eta 1.25era Alejandro Valverde (Movistar).

unai zubeldia
2013ko uztailaren 6a
17:08
Entzun

Iazkoak, aurtengoak eta denboraldi guztikoak gogoan izan ditu gaur Chris Froomek (Sky). Amorratuta amaitu zuen iaz Tourra, Bradley Wiggins taldekidearen mesedetan lanean, eta eskura eduki duen lehen aukeran kolpe handia eman du britainiarrak. Castres eta Ax 3 Domaines artean, Pirinioetako lehen etapan, Skykoak atzean utzi ditu faborito guztiak eta alde handia lortu du sailkapen nagusian. Richie Porte taldekidea iritsi da bigarren postuan, 51 segundora, eta atzerago iritsi dira gainerakoak. 1.08 galdu du Alejandro Valverdek (Movistar); 1.10era Bauke Mollema (Belkin); 1.16ra Laurens Ten Dam (Belkin); 1.34ra Mikel Nieve (Euskaltel); 1.45era Roman Kreuziger, Alberto Contador (Saxo), Nairo Quintana (Movistar) eta Igor Anton (Euskaltel); 2.06ra Joaquim Rodriguez (Katuxa); 3.04ra Haimar Zubeldia (RadioShack); 4.13ra Cadel Evans (BMC)... Horixe da hasterako kolpe harrigarria ematea. 

Froomeren mugimenduaren aurretik, Jean Marc Marino (Sojasun), Johnny Hoogerland (Vacansoleil), Rudy Molard (Cofidis) eta Christophe Riblon (Ag2r) ibili dira ihes eginda, eta Quintana mugitu da gero Paileheresen gora. Baina, Sky, itxuraz, aurreko urteetan baino larrixeago zebilen arren, Portek erritmo bizi-bizia jarri du tropelean, eta den-denak lehertu ditu... Froomek erasoa jo aurretik. Bost kilometro falta zirela mugitu da britainiarra, eta gozatu ederra hartu du Ax 3 Domaineseko helmugara bidean. Oso maila ona emanda, sailkapen nagusian 14. eta 15. postuan daude orain Nieve eta Anton. Saint Girons eta Bagneres de Bigorre artean, Pirinioetako bigarren etapa jokatuko da bihar, euskal zale asko errepide bazterrean elkartuko dituena. 30,5 kilometro daude Hourquette d'Ancizaneko mendate pankartapetik helmugara, den-denak maldan behera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.