Chris Froomek txirrindularitzan aspaldian ikusitako ausardia erakustaldia eman du aurtengo Giroko etapa nagusian. Ikaragarria egin du. Sailkapen nagusirako borrokatik kanpo, eta onenak emanda zegoela zirudienean, beste garai bateko erasoa jo du. Helmugatik 80 kilometrora, Finestreko igoerako lehen kilometroan, bakarka egin du aurrera, eta amaierara arte eraman du bere ihesaldia. Bakarrik helmugaratu da Jafferaun, eta 3.22ko tartea sartu dio Tom Dumoulini, bosgarren etapan. Herbeheretarrak zuen tarte guztia jan dio, eta, gainsariei esker, Froomek 40 segundoko aldea du orain harekiko. Hirugarren Thibaut Pinot da, 4.17ra. Larunbatean Dolomitetako hirugarren etapa jokatuko da.
Eta Simon Yates? Liderrak pott egin du erabat eta 38 minutura helmugaratu da. Herenegungo ezina egun txar bateko kontua baino gehiago zela ikusi da, eta hondoratu egin da sailkapenean. Finestren aurrekoen arrastoa galdu eta minutu asko galduta helmugaratu da. Bi etapa falta dira Giroa bukatzeko, baina Yatesek agur esan die podiumean sartzeko aukera guztiei.
Etapa ikusgarria izan da oso, eta behin Yates lehertuta, Froome eta Dumoulinen arteko lehian zegoen interesa. Froomek bakarrik igaro ditu Finestre, Sestriere eta Jafferau. Dumoulin, aldiz, ez zen bakarrik, Richard Carapaz, Thibault Pinot eta Miguel Angel Lopez zeuden berarekin, baina ez diote lagundu ehiza lanean. Are gehiago, azken metroetan erasoa jo, eta orden horretan helmugaratu dira, bigarren, hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Pello Bilbaok, bere aldetik, etapa handia egin du, eta 10. helmugaratu da, Froomengandik 8.23ra. Gernikarrak postu bat egin du gora sailkapen negusian eta orain zazpigarren da Froomengandik 11.08ra.