Txirrindularitza

Froomek Tourra, Quintanak etapa, eta Rodriguezek podiuma

Nairo Quintanak handikiro amaituko du Frantziako Tourra. Kolonbiarrak irabazi du Alpeetako azken etapa, eta, bigarren postuaz gain, mendiko maillota eta gazteena ere jantziko ditu bihar Parisen. Chris Froomek irabaziko du Tourra eta podiumera igoko da Joaquim Rodriguez.

unai zubeldia
2013ko uztailaren 20a
17:41
Entzun

A zer Tourra egin duena Nairo Quintanak. Estreinako urtean, Alpeetako azken etapa irabazi du kolonbiarrak, eta, bide batez, sailkapen nagusiko bigarren postua, mendiko maillota eta gazteen maillot zuria ere eskuratu ditu. Joaquim Rodriguezek (Katuxa) jo du erasorik serioena Annecy Semnoz maila bereziko mendatean, eta kataluniarrak sakabanatu du taldea. Berehala lehertu dira Alberto Contador eta Roman Kreuziger (Saxo), eta podiumetik kanpo amaituko du Tourra espainiarrak, laugarren postuan. Chris Froomek (Sky), Quintanak eta Rodriguezek elkarrekin egin dute igoera guztia, podiuma buruan Katuxakoa lanean zela. Azken kilometroan mugitu da liderra, baina erantzun hobea eman dio Quintanak, eta merezi zuen etapa garaipena eskuratu du. Froomek irabaziko du Tourra bihar, Parisen, 5.03ra amaituko du Quintanak, eta 5.47ra Rodrigezek. Contadorrek 7.10 minutu galduta amaituko du Tourra.

Zalaparta handia izan da etapa garaipenerako, eta ihesaldian sartu dira Igor Anton eta Mikel Astarloza ere (Euskaltel-Euskadi). Movistarrek gogotik lan egin du, ordea, etapa guztian, Alejandro Valverde edo Quintanaren balizko garaipena buruan, eta une oro oso apala izan da aldea. Jens Voigtek (RadioShack) estutu du gehien aurrean, baina Annecy Semnozeko azken igoeran harrapatu du tropelak, Sky bizi-bizi egurrean zela. Mikel Nievek (Euskaltel) hamahirugarren postuan amaitu du etapa, eta hamabigarren Tourra, Froomengandik 20.44ra. Leitzarra da euskaldunik onena. Arratsalde-gau partean, txirrindulari guztiek omenaldia jasoko dute bihar Parisera bidean. Froomek Tourra, Quintanak eta Rodriguezek podiuma, kolonbiarrak berak mendiko sailkapena eta gazteena, Peter Saganek (Cannondale) erregulartasunekoa eta Saxo-Tinkoffek taldekakoa. Horiexek izango dira biharko irabazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.