Txirrindularitza

Froomeren aztikeria

Maciej Bodnar eta Peter Sagan Tinkoffeko bikoaren mugimendua baliatuta, aurrera joan da Tourreko liderra, Geraint Thomas taldekidearekin, eta hamabi segundo irabazi ditu. Saganek irabazi du etapa.

unai zubeldia
2016ko uztailaren 13a
17:51
Entzun

Jo zuen erasoa aldapa behera, eta jo du haize-babesen eromenean ere. Chris Froome (Sky) oso azti dabil aurtengo Frantziako Tourrean. Aldapa gora gehiegi arriskatu gabe dabiltza faboritoak, baina beste hamabi segundo irabazi ditu britainiarrak esprintean amaitzeko aproposa zen etapan. Erorketek eta haize-babesek erabat baldintzatu dute 11. etapa, eta Thibaut Pinot (FDJ) eta Wilko Kelderman (Jumbo) larri ibili dira, minutua galduta. Baina hamabi kilometro eskas falta zirela iritsi da mugimendurik erabakigarriena.

Haizete gogorrarekin tropel buruan erreleboka ari zirela, aurrera egin dute Maciej Bodnarrek eta Peter Saganek (Tinkoff), eta mugimendu hori baliatu du Froomek erritmoa aldatu eta eurekin bat egiteko. Kostata, baina haren gurpilari heldu dio Geraint Thomas taldekideak, eta laukoteak 25 segundora igo du tropelarekiko aldea. Sei segundo besterik ez dira izan, azkenean, helmugan —Saganek irabazi du esprinta—, baina gainsaria gehituta, hamabi segundoko altxorra pilatu du liderrak. Louis Meintjesek (Lampre), Joaquim Rodriguezek (Katuxa), Sebastien Reinchenbachek (IAM) eta Pierre Rollandek (Cannondale), berriz, 1.09 minutuko galera izan dute.

Sailkapen nagusian Froomek 28 segundora dauka orain Adam Yates (Orica), 31ra Dan Martin (Etixx) eta 35era Nairo Quintana (Movistar). Montpellier eta Mont Ventoux artean hamabigarren etapa jokatuko dute bihar, 184 kilometrokoa, baina litekeena da haizearen eraginez helmugako marra Mont Ventoux gainetik zazpi kilometro behera jaistea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.