Iraupena. 1.05.38.
Pilotakadak. 540
Saketik. Xalak 3; Arretxek 2.
Markagailua. 1-0, 1-1, 4-1, 4-3, 8-3, 8-5, 10-5, 10-8, 13-8, 13-10, 15-10, 15-12, 18-12, 18-15 eta 22-15.
Bestelakoak. 300 ikusle inguru Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuak 100-40ri irten ziren gorrien alde, eta bosgarren tantorako artekariak harmailetan eseri ziren.
Iritsi, egin beharreko lana egin, eta kontzientzia lasaiarekin itzuli etxera. Xalak eta Laskurainek euren soldata merezimenduz irabazi zuten atzo Tolosan. Betebeharra egin zuten, beste munduko distirarik gabe, baina eraginkor, administrazio publikoko funtzionario onek bezala. Funtzionarioek ospe txarra dute, askotan agindutakoa baino ez dutelako egiten egozten zaielako, baina horrek ez du ezer txarrik, hori da neurria, egin beharrekoa. Eta hori egin zuen Aspeko bikoteak, irabazteko behar zuena. Serio demonio, eta lanari esker, ligaxkako seigarren garaipena lortu zuten, eta bateko aldea dute orain atzeko hirukotearekiko.
Erritmo gutxiko partida izan zen, zozo antzekoa. Tanto onak ikusi ziren, dezente, baina emozioa eta erritmoa falta izan zitzaion. Arretxe eta Begino pare bat aldiz hiru tantora hurreratu ziren euren pilota baliatuz, baina ez zirudien gorrien garaipena arriskuan zegoenik. Lanera behartu zituzten aurkariak, baina estutu gabe. Atzelariak pilotakada bikainak jo zituen, hasieran bereziki, eta bost tanto egin jokoan, baina Arretxek ez zuen baliatu kidearen agintea. Saiatu zen arriskatzen, baina zorterik gabe.
Xalak eta Laskurainek ondo ekin zioten partidari. Lekuinekoa beherakoarekin egon zen goizean, eta ez omen zen bere onenean, baina hala ere 11 tanto egin zituen, eta hura hasi zen hobekien (4-1). Ordurako artekariak harmailako lehen ilaran zeuden eserita, berehala sumatu zuten ez zela apusturako aukera handirik egongo. Beginok, hala ere, erne mantendu zituen. Autzakoak txapelketako pilotakadarik onenetarikoak jo zituen. Lau tanto ikusgarri lortu zituen atzean, eta partida orekatu zuen (10-8). Sortako azken tantoan Laskurainek pilotakada jo zion Xalari besoan.
Alde handia zegoen bi bikoteen piloten artean. Aspekoenak arinak ziren eta Asegarcerenak zakarrak. Xalak enpresa goratu zuen partidaren bukaeran, eurek eskatutako pilotak aurkitu dituztelako. Partidaren erdi aldera Laskurainek Begino baretu zuen haren ezkerra bilatuz eta gorriek tartea ireki zuten (15-10). Soraluzekoak lan oso txukuna egin zuen, eta aurkariari bizkarra erakutsiz bukatu zuen partida.
Asegarcekoak bi aldiz hurreratu ziren hiru tantora (15-12 eta 18-15), baina ez gehiago. Iheslaria harrapatzeko adina indarrik ez izan arren, hala eta guztiz saiatzen den txirrindularia ziruditen. Aurkarien itzala ikusi zuen bakoitzean, baina, Xalak eragotzi zuen emozioa. Irabazleak goraka egiten ari dira txapelketa hasiera txarraren ondoren, eta sasoiko iritsiko dira une erabakigarrietara. Faboritoak estutzeko hautagai nagusiak ziren hasi aurretik, eta izaera hori indartzen ari dira.
Irujo eta Zubietaren probak
Juan Martinez de Irujok pilotaleku proba gogorra egingo du gaur goizean Mutiloabeitin (Nafarroa), eta sentsazioen arabera erabakiko du ostiralean jokatuko duen ala ez. Iberokoak, hazizurriak jota, ez ditu jokatu txapelketako azken bi partidak. Aspen baikorrak dira, baina probak argituko ditu zalantzat. Aitor Zubietak ere bere eskua probatuko du gaur. Etxarrikoak ere ez du jokatu azken bi asteetan, eta Kepa Peñagarikanok bete du haren lekua.
Xala-Laskurain 22. Arretxe II.a-Begino 15
Funtzionario onen lana
Xalak eta Laskurainek goraka doazela erakutsi dute berriz, ligaxkako seigarren puntua estutasunik gabe lortuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu