Txapelketako bi onenek jokatzen ohi dute finala, eta halako partidetan ezer eskertzerik baldin badago, hori emozioa da. Atzo, baina, ez zen halakorik usaindu ere egin. Fusto eta Lujan nor baino nor gehiago aritu ziren Munduko Pala Txapelketako finalean, eta argentinarrak nagusitasun osoz hartu zuen mendean kubatarra. Oso indartsu kantxaratu zen irabazlea, eta ez zion inolako aukerarik eman aurkariari. Nahikoa izan zituen hiru set bi besoak altxatu eta bigarrenez banakako txapela irabazteko. Zalantzarik gabe, Fusto da egungo palistarik onena.
Emaitzak bestelakoa esaten badu ere, Fustok ez zuen irabazi izerdirik bota gabe. Lehenengo seta, batez ere, oso gogorra izan zen. Partida borrokatu eta orekatua jokatu zuten, eta azken txanpan gehiago asmatu zuen argentinarrak (10-8). Biek izan zituzten irabazteko aukerak, baina ez zuten asmatu tantoa amaitzeko garaian, eta Fustok gutxiago galdu zuelako irabazi zuen. Psikologikoki asko balio izan zuen puntu horrek ondorengo setei begira.
Izan ere, bigarrenak ez zuen aurrekoarekin antzik eduki. Lujanek kale edo bale egiteko erabakia hartu zuen, eta gaizki irten zitzaion. Fustori inolako meriturik kendu gabe, kubatarrak oparitu egin zuen puntua, eta oso zail ipini zitzaizkion kontuak. Sakea egin orduko tantoa amaitzen ahalegindu zen, eta lanik egin gabe ez da erraza helburua lortzen (10-2).
Hirugarren setean, berriz ere, oreka izan zen nagusi, baina fisikoak berebiziko garrantzia izan zuen, eta Fusto osoago heldu zen amaierara. Azkenean 10-8 gailendu zen, eta amaieran erakutsitako poza ez zen berriketakoa izan.
Hirugarren, Ibargarai
Hirugarren eta laugarren posturako lehiak ez zuen finalaren antzik txikiena ere izan. 3-2 nagusitu zen Ibargarai Urkijoren aurka; ikusteko moduko norgehiagoka izan zen. Biek asko asmatu zuten aurreko koadroetan, baina sakeari etekin gehiago atera zion Ibargaraik, eta horregatik nagusitu zen. Presiorik gabe aritu izana igarri zitzaien biei, euren mailarik onena eman baitzuten.
Fustok erraz irabazi dio Lujani Munduko Pala Txapelketako finala
Argentinarra nagusi izan da hasieratik, eta hiru setetan gailendu da; bigarrenez jantzi du banakako txapela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu