Brasilgo selekzioko jokalariek Aita Gurea eta Agur Maria errezatzen dituzte partida hasi baino lehenago. Egia esan, horren beharrik ez dute izaten irabazteko, baina fededunak dira oso. Gaur ere, Alemaniako Munduko Kopan estreinakoz aritu aurretik, gauza bera egingo dute aldagelan. Errezatzeko beharra, baina, ez da eurena, Kroaziarena, kontrarioarena baizik.
Izan ere, askorentzat Brasil da txapelketa irabazteko hautagai nagusia. Nagusia eta bakarra. Gainontzeko selekzioak horren itzalean daude aspalditik; azken hilabeteetan, batik bat. Bai, behintzat, sortutako ikusminari dagokionez. Presioa sekulakoa izanda ere, Brasilek helburu bakarra du: Munduko Kopa seigarrenez irabaztea.
Jokalariek beraiek badakite faboritoak direla. Gainera, uste hori barneratuta dute aspalditik. Ez dira, ez, kontrarioez gehiegi arduratzen. Konparaketak egiten hasi dira. Izan ere, Roberto erdilariaren ustez, esaterako, egungo selekzioa 2002koa baino indartsuagoa da. «Kaka, Ronaldo, Ronaldinho eta Adriano jokalari bikainak dira. Horregatik egungo selekzioa ordukoa baino hobea dela deritzot», adierazi zuen joan den astean.
Lau jokalari horiek lauki magikoa delakoa osatzen dute. Den-denak oso onak dira, apartekoak, baina lana ere beharrezkoa da talde batean. Gainera, kontuan hartuta bi albokoek ere --Cafu eta Roberto Carlos-- une oro gora egiten dutela... Carlos Alberto Parreira hautatzaileak erasoko jokoaren aldeko apustua egingo du, dena den: «Argi eta garbi daukat: erasoko jokoari emango diogu garrantzia. Jokalari aproposak ditu Brasilek horretarako. Bai, arazoak edukiko ditugu beharbada, baina denon artean konponduko ditugulakoan nago».
RONALDOREN JIRA. Brasilgo selekzioa umoretsu entrenatzen da beti. Ronaldo, halere, mikaztuta dabil azkenaldian. Kazetari mordoa dabil bere pisuaren eta bere ekintzen jiran. «Nire pisuarena tontakeria hutsa da. Orain dela hiru urtetik gauza berari buruz ari dira hizketan. Zeini inporta zaio zenbat pisatzen dudan?», adierazi berri du. Lehengo astean gaixo antzean ibili zen. Zurrumurruen arabera, baina, egindako parrandaren biharamunak gaixotu zuen aurrelaria. Ronaldok errespetua zor zaiela uste du: «Hori besterik ez. Ez dut egunkaria hartu nahi, horretan gu goizeko seiak arte parrandan ibili ginela jartzen baldin badu. Arraroa al da hori? 2002an ereatseden egunak eduki genituen. Orduan nora joan ginela uste duzue?»
Parrandarekin edo parrandarik gabe, baina adituen eta zaleen arabera Brasil da txapelketa irabazteko faborito bakarra. Aita Gurea ondo errezatu eta eta lauki magikoa argitzen hasi nahi dute Ronaldinhok eta enparauek.
Brasil
Estrainekoak. Brasilek Munduko Kopako lehen partida irabazten du normalean. Halaxe egin du azken sei ekitaldietan
Jarraian. Behin bakarrik izan da gai, bi Munduko Kopa segidan irabazteko: 1958an eta 1962an
Talentua. Ronaldinho, Adriano, Ronaldo eta Kakak osatzen dute lauki magikoa. Jokalari denek dute, baina, erasorako joera.
Kroazia
Zuhurrak. Igor Tudor erdilariaren esanetan, txapeldunen kontra berdintzea «aparteko emaitza» lortzea litzateke.
Arriskua. Prso eta Klasnic aurrelariak kontuan hartzeko jokalariak dira.
Estatistika. Bi selekzioak behin bakarrik aritu dira elkarren kontra. Iragan abuztuan jokatutako lehia bana amaitu zen.
Frantzia
Estatistika. Sailkapen fasean elkarren kontra aritu ziren, eta bi partidak berdindu zituzten.
Aldaketak aurrean. Dirudienez, Trezeguet aulkian geldituko da. Wiltord zein Malouda arituko dira hegaletan.
Susperraldia. Azkeneko Munduko Kopan zein Europako Txapelketan kale egin ondoren, gora begira jarri nahi du berriro.
Suitza
Belaunaldiak. Horiek uztartzen asmatu du Jakon Khun hautatzaileak.
Defentsa. Senderos eta Djourou erdiko gazteek Arsenalen jokatzen dute, eta eurak arduratuko dira Henry zaintzeaz.
Frei. Aurrelari bikaina da. Bere golei eta taldearen lanari esker, final-zortzirenetara igaro nahi du Suitzako selekzioak.
Hego-Korea
Presiopean. 2002ko ekitaldian laugarren izan zen. Oraingoan, ordea, lanak izango ditu balentria hori errepikatzeko.
Eskarmentua. Selekzioko jokalari dezente aurreko Munduko Kopan aritu ziren.
Lana. Fisikoki selekzio indartsua da. Gainera, langileak dira denak. Talentu gehiegi izan ez arren, erraz egiten dute aurrera.
Togo
Giro txarra. Otto Pfister hautatzaileak dimisioa eman du. Jokalariek jaso beharreko diru-pizgarriak eragin du erabaki hori.
Eskarmentu falta. Estrainekoz arituko da Munduko Kopa batean.
Adebayor. Aurrelari fina da, goleatzailea. Monakon fin aritu ondoren, Arsenalen jokatzen du gaur egun.
FUTBOLA. Aita Gurea errezatzeko beharrik gabe
Brasilgo selekzioak Munduko Kopa irabazteko hautagai nagusia eta bakarra dela erakutsi nahi du gaur, Kroaziaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu