FUTBOLA. ATHLETIC. ERDIAK. ERDIAK

Aurton HOGEITA BEDERATZI jokalari entrenatu ditu Valverdek, ETA HORIETATIK hamalau DIRA athleticen BIZKARREZURRA osatzen duteNAK; gainerako JOKALARIEK oso gutxi jokatu dute

haritz gallastegi
2005eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Athletic txapela kentzeko moduko denboraldia egiten ari da. Hiru lehiaketatan bizirik jarraitzen duen talde bakarra da Valverderena, eta horretarako talde erdia bakarrik erabili du. Ohikoek 2.000 minututik gora jokatu dituzte. Gainerakoek, oso aukera gutxi izan dute eta gehienek ez dituzte aprobetxatu.



BIZKARREZURRA

2.000 minutu



Valverdek jokalari gutxiko taldeak ditu gustuko. Athleticeko entrenatzaile denetik argi eta garbi esan du ez duela 23 jokalari baino gehiagoko talderik gura. Arrazoi batzuk edo beste tarteko, futbolari gehiagorekin egin behar izan du lan bere gustuko ez diren zenbait jokalarik kontratua dute eta horren aurrean ezin izan du ezer egin. Lana bai, baina erabili ez. Hamabost jokalarirengan besterik ez du konfiantza gasteiztarrak, baina ezin izan ditu guztiak erabili. Javi Gonzalezek eta Lacruzek lesio luzeak izan dituzte, eta hamahiru jokalarirekin egin behar izan du aurrera entrenatzaileak.

Prietok, Gurpegik, Etxeberriak, Orbaizek eta Iraolak jokatu dute gehien. Azken bien lana nabarmentzekoa da oso. Belauneko lesioa atzean utzi eta taldeko erreferentzia bilakatu da erdilari nafarra. Defentsan laguntzen du, erasoko jokoa antola- tzen du eta azkenaldion golak sartzen ere hasi da.Iraola ere ez da atzean galditzen. Gorengo mailan jokatzen duen bigarren sasoian ahozabalik utzi ditu guztiak. Teknikoki zein taktikoki oso ona dela erakutsi du, eta fisikoki hartu dio neurria mailari. Zelai erdian zein atzean maila ikusgarria ematen ari da. Gurpegik ere merezi du aipamen berezia. Ipintzen duten lekuan ipinita nabarmendu egiten da. Bere positiboaren auziak ez diola eragin dirudi. Ikaragarria. Gehien jokatzen duten jokalariek ezaugarri komun bat dute gainera: taldearen aldeko lana euren distiraren gainetik dago.Del Hornok, Yestek, Ezquerrok eta Murillok apur bat gutxiago jokatu dute. Euren artetik atzelari donostiarra da denboraldion gehien hazi dena. Sekulako etorkizuna izan dezakeela erakutsi du. Ezquerrok, ostera, ohiko lanari gola gehitu dio aurten. Ezin zaio askoz gehiago eskatu. Ezker biek, kalitatea eta golak ematen dizkiote taldeari. Ezinbestekoak dira.Gutxiago jokatu arren, Tiko ere jokalari garrantzitsuen artean dago. Eskuin hankako orkatilak ez dio bere maila ematen utzi. Hala ere, oso garrantzitsua da Valverderentzat. «Ezinbestekoa da», adierazi zuen orain gutxi. Sasoia hartzen ari da.



URZAIZ ETA LLORENTE

Baten ordezkoa bestea



Atean ez du arazorik ikusten teknikariak. Aranzubiak jokatzen du Ligan, eta Lafuentek UEFAn eta Espainiako Kopan. Gehiago eman dezakete, biek.

Aurrean Urzaiz izan da denboraldiko lehen zatiko jokalaririk onena. Valverdek gurago du aurrelari azkarrekin jokatzea, baina Tuterakoaren jokoak ez dio utzi. Zortzi gol sartu zituen txapelketaren lehen txanpan eta taldea une latzean zegoenean zulotik irteten lagundu zion. Hala ere, sasoiko unerik erabakigarrienean, Liejan, aulkian utzi zuen entrenatzaileak. Joko sistema aldatu eta bere gustuko jokalariak zelairatu zituen. «Egungo futbolean ezinbestekoa da azkarra izatea», aipatzen du sarri askotan teknikariak. Etxeberriak eta Ezquerrok dute abiadura hori. Defentsako beharra indartu eta kontraerasoa baliatu du Athleticek etxetik kanpo puntuak irabazteko. Ondorioz, Urzaizek protagonismoa galdu du. Hori gutxi balitz, orkatilan min hartu ostean ez zuen bere burua jokatzeko moduan ikusi, nahiz eta sendagileen baimena izan. Teknikarien artean haserrea eragin omen zuen bere jarrerak.Llorente gazteak ez zuen aukera pasatzen laga. Lan saio bakarra egin eta Espanyolen aurka hasieratik jokatzeko aukera eta ardura eman zioten. Errioxarrak ez zuen huts egin. Gazte askok dute kalitatea Athleticen jokatzeko, baina gutxi dira lehen minututik erakusten dutenak. Llorentek egin du. Badirudi Urzaizek baduela ordezkoa Azkorra ere ezin da ahaztu, Bigarren Mailan golak sartzen hasi baita.



JAVI CASAS

Aukera baliatu duen bakarra



Taldearen bizkarrezurra zein den argi dauka Valverdek. Hala ere, urtea luzea da eta beharrezkoak dira jokalari gehiago. Lesioak, zigorrak, sasoi txarrak edo eta nekea tarteko beste batzuek ere jokatzeko aukera izaten dute.

Euretatik Javi Casas izan da mailara ondoen egokitu den jokalaria. Asier Del Hornok kalitate handia dauka, baina sarri hartzen du min, fisikoki arazoak izaten ditu eta defendatzea kostatu egiten zaio. Horren aurrean, Casasek jakin beharko luke aukera dezente izango dituela. Ez dio hamaikakoan lekua kenduko, baina asko jokatzeko parada izango du. Fisikoki indartsua da oso eta defentsako lanean ondo moldatzen denez Valverderen konfidantza irabazi du. Gainerakoek ez dute horrelakorik lortu. Arriagak, Jonanek, Bordasek, Azkorrak, Angulok eta Solabarrietak, alegia. Lehenengo biek aukera asko izan dituzte, baina ez dituzte aprobetxatu. Gero eta gutxiago jokatzen dute Arriagari kontratua amaitzen zaio eta ez dago argi bere etorkizuna. Athleticen ez daude pozik bere ekarpenarekin. Bordasek, berriz, ez du aurreko biek adina aukera izan. Utzita joango da Azkorra eta Angulo joan diren antzera. Egun ez daude klubean, baina etorkizunean lehen taldean joka dezaketela uste dute entrenatzaileek.Solabarrietak ere gura du lehen taldean jarraitzea. Bordasen aurretik dago dagoeneko eta hasi da minutuak jokatzen. Deportivoren aurka egindako lanak aukera gehiago emango dizkio.



GAINONTZEKOAK

Aldagelan laguntzeko



Beteranoen artean, Karanka izan da aukera gehien izan duena. Baloia jokatzeko orduan ezker hanka bikaina du oraindik, baina abiadura galdu du. Aurkariak ere ohartu dira eta bere bila joaten dira. Ez dago Lehen Mailan jokatzeko.

Guerrerok eta Cesarrek ere oso gutxi jokatu dute. Kapitainak lanean jarraitzen du eta aukera gutxi izan arren, Jonani eta Arriagari aurrea hartzea lortu du Valverderen asmoetan. Cesarrek, berriz, Iraola, Murillo eta Javi Gonzalez ditu aurretik. Valesen eta Feliperen antzera, kontratua duelako jarraitzen du klubean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.