Talde zuri-gorriak beste itxura bat eman beharko du gaur San Mamesen, baldin eta kanporaketa gainditu nahi badu. Horretarako, Jose Luis Mendilibarrek aldaketak egingo ditu hasierako hamaikoan. Ibon Gutierrez aulkian utziko du, eta Lizoainek beteko du haren lekua. Litekeena da Javi Gonzalezek Pablo Paredes jokalari gaztearen lekua hartzea.
Joaneko partidan bezala, talde gaztea zelairatuko du Mendilibarek. Askok lehenengoz jokatuko dute San Mamesen talde zuri-gorriaren lehen taldearekin. Mendilibarrek berak ere lehen partida izango du Katedralean.
Fernando Lamikiz partidaren inguruan mintzatu da aste barruan: «Kanporaketa gainditzea espero dut; baina, bestela, ez da hondamendia izango. Gainera, gazteentzat esperientzia ahaztezina izango da hau».
Iñaki Lafuente atezain titularrak ere iritzia eman du: «Taldea kanporaketa gainditzeko gai ikusten dut. Hala ere, hobetu egin beharko dugu». Taldearen gaztetasunari buruz ere aritu zen: «Oso ezberdina da bigarren taldeko atzelariekin jokatzea; gazteak dira eta, kalitatea duten arren, zerbait falta zaie».
Felipe ez da osatu
Angulo eta Casas lesioetatik osatu dira. Atzo, taldearekin normal-normal entrenatu ziren. Casasek kolpe bat zuen, eta Angulok, pubiseko arazo batzuk.
Beraz, jokalari bat bakarrik ez da prest egongo, Felipe Gurendez gasteiztarra.
ATHLETIC-ECOMAX CLUJ
Athletic: Lafuente; Ormazabal, Eder, Amorebieta, Casas; Solabarrieta, De Paula, Javi Gonzalez, Guerrero; Arriaga eta Lizoain.
Ecomax Cluj: Turcas; Panin, Jula, Milosevicic; Oncica, Marginean, Munteanu, Vasaie; Turcu; Anca eta Tilinca.
Epailea: Joaquim Paulo Paraty da Silva (Portugal).
Lekua eta Ordua: San Mames. 21:00 (ETB1).