FUTBOLA. Beste borroka bat

Alkizak eta Riesgok ez dute jokatuko gaur; sailkapeneko zuloan dago Malaga, nahiko gaizki

Xabier Lopetegi.
2004ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Getaferen kontrako partidak askori irekiko zizkion begiak. Kontrarioaren maila apala eta etxean jokatzen zuela kontutan hartuta, irabazi beharrekoa zela zirudien, baina Realak ez zuen irabazi. Datu esanguratsu bat: behin bakarrik lortu du garaipena bi gol edo alde handiagorekin, Numantziaren kontra: 2-0. Hori da kanpoan irabazi duen norgehiagoka bakarra.

Ez da topiko hutsa: inoiz baino orekatuagoa da Liga aurten. Pagotxak desagertu dira, eta majo sufritu behar da puntuak biltzeko. Realak urteko azken borroka izango du, gaur, Malagaren kontra eta, ikusitakoak ikusita, ez diogu eskatuko indartsuenaren legea inposatzea. Hortzak estutzearekin nahiko.Ibilbide bitxia egiten ari da talde txuriurdina, jira-biraka etengabe. Okerren egon denean, zulotik atera eta postu lasaietara ailegatzeko indarra izan du. Behin hori lortuta, eta gora begira hasteko aukera edukita, kale egin du partida erabakigarrietan. Bitan gertatu zaio hori. Atletico Madrili eta Numantziari jarraian irabazi ostean, huts egin zuen, etxean, Espanyolen kontra. Igandean ere aukera zuen Gabonak lasaiak izateko, baina ez zuen aprobetxatu; orduan galdutako puntuak Malagan bilatuko beharko ditu gaur, etxetik urrun. Galduz gero, jaitsieraren mehatxua gertuegi duela jango du turroia. Berrikuntza nagusia atean egongo da gaur. Riesgok zigorra bete behar du igandeko txartel gorriagatik, eta Alberto beteranoak hartuko du bere tokia. Denboraldi honetan hasieratik lehen aldiz jokatzen duen partida da.Lan gaiztoa da berea, baina berme handiko jokalaria da, profesional zintzoa, eta bikain gorde du atea aukera izan duenean, nahiz eta Realeko zale askok berengan konfiantza gehiegi ez eduki. 35 urte ditu, eta Ligan 338. partida izango du gaurkoa. Jokatzeko prest ikusten du bere burua. Riesgoren zigorra dela-eta, Eñaut Zubikarai Reala Bko atezaina aulkian eseriko da estrainekoz.

Alkiza, deialditik kanpo

Hamaikakoari dagokionez, ez da ezusteko handirik espero. Rekartek, Luiz Albertok, eta Albertok berak arazo fisiko arinak izan dituzte, baina hasieratik arituko dira azken biak. Alkiza, aldiz, deialditik kanpo geratu da, gerrialdea minberatuta baitauka. Mikel Alonsok hartuko du bere tokia hamaikakoan (bera eta Aranburu dira deialdiko euskarri bakarrak, Arteta lesionatuta dagoelako, oraindik).

Zalantza bakarra zelai erdiko eskuin hegalean dago. Getaferen kontra Xabi Prieto zelairatu zuen Amorrortuk, Karpin jokatzeko moduan bazegoen ere.Erabaki horrekustekabean harrapatu zuela aitortu zuen errusiarrak, herenegun. Entrenatzaileak garrantzia kendu zien bere adierazpenei, eta ez zuen aurreratu bietatik nor izango den hamaikakoan. Halere, litekeena da Karpin hautatzea, Prieto baino erregularragoa delako eta defentsan eskarmentu handiagoa daukalako.Amorrortuk ez du uste Getaferen kontrako berdinketa atzerapausoa izan denik. «Maila onean jarraitzen du taldeak», azpimarratu zuen. «Denok nahi dugu goiko postuetatik gertu egon, baina zaila da, oreka handia dago. Bizpahiru talde izan ezik, maila beretsuan ari dira gainontzekoak. Gu, halere, oso ondo ari gara jokatzen kanpoan azken partidetan, eta Malagan aukera izango dugu, ziur». Deustuarraren iritziz, bi dira Malagaren indargune nagusiak: estrategia jokaldiak eta hasierako erritmoa. Horiei aurre egiteko, Realak «oso kontzentratuta» egon beharko duela ohartarazi zuen.

-

realaren aurkaria



Malaga, gainbehera sakonean



Liga hasiera ona egin zuen Malagak, baina apurka-apurka behera egin du, eta denboraldiko unerik txarrenean dago orain, jaitsiera postuetan sailkatuta. Lehen mailan seigarren denboraldia du hau, eta gutxitan ibili da orain bezain larri. Rosaledako ikusleak oso zorrotzak dira, zorrotzegiak agian, taldearen maila eta jatorria aintzat hartuta, eta presiopean aritzera ohituta daude jokalariak. Hori dela eta, garrantzi handia izango du gaur markagailuan aurreratzeak, zaleen urduritasunari etekina ateratzeko. Malagak, gainera, lanak ditu golak sartzeko: 11 besterik ez ditu egin, aurrealdean sona handiko bi jokalari dituen arren: Marcio Amoroso eta Paulo Wanchope. Horiek ere Liga hasiera distiratsua egin zuten, baina golik sartu ezinik dabiltza azkenaldian. Arazo fisiko dezente izaten ari dira biak ala biak. Oro har, erasoan inspirazio gutxiko taldea da Gregorio Manzanorena. Eraginkortasuna du gustuko entrenatzaileak, eta bere taldeak erosoago sentitzen dira defentsa lanetan baloia hanketan dutenean baino. Halakoxea da Malaga ere. Ez dauka zelai erdian irudimen handiko jokalaririk, eta nahiago du ekimena aurkariari utzi. Ikusi beharko da Reala erantzukizun hori hartzeko gai den, jokoa sortzerakoan antzu samar dabilelako azken partidetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.