FUTBOLA. BIGARREN MAILA. Urte hasieran jarritako asmoen bila joango dira Alaves eta Eibar

Jon Rejado.
2005eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bigarren Mailako euskal taldeek urte hasierarekin batera finkatutako helburuak gauzatzeko partida garrantzitsuak dituzte gaur arratsaldean. Alavesek, adibidez, azken lau partidetan jokoan zeuden puntu guztiak lortu ondoren, bide berari eusten saiatuko da Mendizorrotzan (17:00etan). Ez zaie batere erraza gertatuko Chuchi Cosen jokalariei hiru puntuak eskuratzea, bolada bikainean dagoen talde bat izango baitute aurrean: Tarragonako Gimnastic.

Aurtengo denboraldian igo den arren, Alavesen gaurko aurkariak aurkitu du Bigarren Mailari eusteko egin behar duen jokoa. Azken zazpi jardunaldietan hemezortzi puntu gehitu ditu, eta ez du partida bakar bat ere galdu. Azpimarragarria da Gimnasticek egiten duen defentsa, bertan oinarritzen baitu jokoa, erasoan geldikako jokaldiak bilatuz.

Jokatzeko modu horri aurre egiteko Alaves ohiko hamaikakoarekin zelairatuko da. Bodipok parte hartuko ote duen garbi egon ez den arren, orkatilako bihurritua osatu zaio aurrelariari, eta jokatzeko moduan egongo da.

Eibar bolada eskasa amaitzeko prest

Eibarri dagokionez, azken bost partidetako emaitza eskasen bolada aldatzen saiatuko da, Murtziaren zelaian (17:00etan) hiru puntuak lortzeko. Alavesen kontra irabazi zuenetik gorabehera batzuk izan ditu jokoan, eta urte hasierarekin bolada hori amaitu nahi du, bi helbururekin: denboraldi hasierako helburua lortzea eta mailari eustea, sailkapenaren goiko postuei eutsi ahal izateko, oraindik lehian sartuta baitago bete-betean.

Mendilibarrek Llorente, talde armeroaren golegilerik onena, zelairatzeko aukera izango du berriro ere, partida bateko zigorra bete baitu. Burgueña ere jokora itzuli da, lesiotik sendatu baita. Eibarreko teknikariak onartu du taldea egoera fisiko onean dagoela, nahiz eta gaur burua argi izatea indarra bezain garrantzitsua izango zaien eibartarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.