Unai Expositok ez du zalantzarik: «Athletic eta Realaren artekoa da euskal derbi nagusia». Osasunakoak eta Alavesekoak haserretuko dira, agian, baina arrazoirik ez du falta Athleticeko eskuin hegalekoak. Osasunako jokalari ohia da, eta berak jakingo du zergatik esan duen. Kontua ez da zein talde den euskaldunagoa edo hobea. Eztabaidaezina da derbi klasikoena zuri-gorrien eta txuri-urdinen artekoa dela. Athleticek eta Realak Espainiako Ligako lehen jardunaldian, 1929. urtean, jokatu zuten elkarren aurka, eta zenbait derbitan txapeldun atera dira. Handitasuna eman die horrek derbiei.
Pena da, ordea, derbia lehen jardunaldian jokatzea. Indarra kentzen dio. Lehen jardunaldiak izaten du berez, bestela ere, nahikoa interes; bihar horri derbiak izango duen morboa gehituko zaio. Amorrortu Realaren aulkian eseri zenean, maisua eta ikaslea aurrez aurre egongo zirela idatzi nuen derbiaren atarian. Harreman ona zuten biek, baita zelaitik kanpo ere. Mendilibarrekin, ordea, harremanik ez dago. Athleticeko entrenatzaileak garbi utzi zuen elkarrizketa batean teknikari asko dagoela Lezaman eta zaila dela lan egitea. Amorrortu Lezamako koordinatzaile zen garaitik dator bien arteko ika-mika; Mendilibar, bigarren taldeko entrenatzailea zen. Athletic B-tik lehen taldera pasa behar ziren jokalariak zehazterakoan ez ziren ondo konpontzen. Orduan, ordea, inork ez zuen pentsatzen Amorrortu Realeko entrenatzaile izango zenik, eta Mendilibar, Athleticekoa. Adierazpenetan garbi mintzatu dira biak aste honetan. Seriotasuna eskertzekoa da beti. Amorrortuk horretaz hitzegitea ez duela atsegin esan du. Mendilibarrerri, berriz, ez dio axola, gezurrik esaten ez den bitartean.Luis Fernandezekin konpontzen zen oso ondo Athleticeko entrenatzailea Lezamako beheko taldeetan lan egiten zuenean. Bikoteak adierazgarriak dira: Amorrortu-Valverde eta Mendilibar-Fernandez. Lankide bat eta ni ados gaude: Realak Amorrorturen estiloko entrenatzailea behar du; Athleticek, Mendilibarren tankerakoa.
FUTBOLA. Derbiklasikoena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu