Haatik, edertasun gaiztoa dena, gaiztakeria ederra bilaka daiteke partida amaieran. Iaz, azken jardunaldian jokatu zuten bi taldeek Anoetan. Realak salbazioa ziurtatuta zeukan aspaldidanik, eta Bartzelonak ere, Liga eskuan, etxeko lanak eginda. Hori dela eta, gozatzera joan ziren jarraitzaileak, patxada ederrean. Gaurkoa, ordea, oso bestelakoa izango da. Izan ere, txuri-urdinentzat, ezinbestekoa da gutxienez punturen bat lortzea, jaitsiera postuak oso gertu dauzkalako, bi puntura. Deportivoren aurkako garaipenak eragin lasaigarria izan du jokalariengan eta giroarengan, baina, gaur galduz gero, lehengora itzuliko da dena. Bartzelonak ere ez du ezer oparituko, ezin dielako aurkariei itxaropenik eman. Gaurkoa ez da lagunarteko partida. Polita, agian, bai. Baina, 20:00etatik aurrera, oso litekeena da edertasunak eta ilusioak sufrimenduari uztea tokia. Hori baita Realaren patua. Sufritzea. Gonzalo Arkonadak atzo adierazitakoaren arabera, oker dabil Realak Bartzelonari hanka batekin irabaziko diola pentsatzen duenak. Iragan larunbatean lortutako hiru puntuek, garrantzitsuak izanagatik, ez diote bizitza konpondu. Egia da itxura hobea eman zuela alor askotan, baina ez dezagun engainatu geure burua, beste munduko jokorik ez zuen egin, lehia osoki hartuta. Ziurrenik, gehiago egin beharko du Bartzelona mendean hartzeko. Bai erasoan, baita defentsan ere, lehen zatian gorriak ikusi zituelako Riazorren.Aspaldian ez bezala, Arkonadak jokalari guztiak dauzka jokatzeko moduan, Brechet, Aranburu eta Kovacevic izan ezik. Azken jardunaldiko hamaikakoa errepikatuko duen edo ez da zalantza. Albertok atean jarraituko duela, hori izan zen atzo aurreratu zuen gauza bakarra. Bitxia da atezain irundarrarekin gertatutakoa: bere garaian kritiko andana izan zuen, baina, orain, nahikoa izan du norgehiagoka bat hamaika lore jaso eta lehen kritiko zirenak txora-txora eginda uzteko. Realaren inguruan zuritik beltzera igarotzeko dagoen joeraren beste adibide bat da. Denboraldi bikaina egin arren, Riesgok horrenbeste egur jasotzea ere ez da ulerterraza.Atzealdean ere, ez da ustekaberik espero. Riazorren jokatu zutenek jokatuko dute, ziurrenik. Zelai erdian daude zalantzak: Novo deialdira itzuli da, eta litekeena da berak edo Prietok Stevanovicen tokian hartzea eskuin hegalean. Ezkerrean, Uranga eta Mark Gonzalez dira hautagaiak, eta punta erdia eta aurrealdea Nihat eta Skouborentzat izango dira: bi horiek gogor egin beharko dute lan Bartzelonako atzelariek baloia lasai ateratzeko aukera izan ez dezaten. Hori izan daiteke gakoetako bat. Arkonadak bost jokalari utzi behar izan ditu zerrendatik kanpo: Larrea, De Paula, Barkero, Gabilondo eta Ansotegi. Berriatuako atzelari gazteak Reala Brekin jokatuko du, Diaz Zeriok bezala.
Bartzelona nola gelditu?
Hori da Reala erantzuten ahaleginduko den galdera. Osasunak estu hartu zuen bere presioarekin Rijkaarden taldea, ez zion baloia eroso mugitzen utzi, baina Sadar Anoeta baino estuagoa da, eta Osasuna, Reala baino iaioagoa suntsipen lanetan. Nolanahi ere, Realak goian egin beharko du presioa, eta, baloia hanketan duela, toki arriskutsuetan ez galtzen ahalegindu. Garitano eta Alonsoren lana ere funtsezkoa izango da defentsa laguntzetan. Horrekin batera, borrokarekin, jarrerarekin eta gogortasunarekin, kalitatean dagoen aldea orekatu beharko du talde txuri-urdinak. Aurpegia eman, bederen, besterik ez dagoelako. Hori bai, Eto'o, Ronaldinho, Giuly eta enparauak egun ona eduki eta ohiko gaiztakeri ederrak egiten hasten badira, ia ezinezkoa izango da amaiera Real zaleentzat ederra izatea.
ANOETA
Jai giroa izango da estadioan eta estadiotik kanpo
Ikusmin handia sortu du Realaren eta Bartzelonaren arteko norgehiagokak. Giro ederra egongo da Anoeta inguruetan, zuzendaritzak hainbat ekimen prestatu baititu. Hala, musika eta beste zenbait jarduera eskainiko dituzten karpak paratuko dituzte, besteak beste. Bestalde, dohaineko autobusak jarriko dituzte asteazkenean, Osasunaren aurkako partida ikusteko. Karpetan lortzen den dirua, autobusak ordaintzeko erabiliko da, hain justu. Klubeko egun erdia izanagatik, denboraldi honetan aurreneko aldiz, 25.000 jarraitzaile baino gehiago bilduko dira Anoetan, sarrera asko saldu baitira atzo eguerdian 2.000 inguru gelditzen ziren soilik. Batez besteko ikusle kopurua jaitsi da aurten, eta bazirudien abonuen garestitzeak areagotu egingo zuela joera hori, baina, oraingoz, ez da aldaketarik sumatu. Anoeta gotorleku bihurtzeko, zuzendaritzak neurri gehiago hartu ditu: etxean jokatzeke geldituko diren lau partidetatik batean Malaga, Racing, Sevilla eta Celta, bazkideek bi sarrera eskuratu ahal izango dituzte, dohainik.