Huts egin behar ez denean huts egin du Eibarrek. Gipuzkoako taldeak 3-2 galdu zuen atzo Gimnasticen aurka. Igoera postuak nola urrutiratzen diren ikusten ari dira Mendilibarren mutilak azken jardunaldietan. Eibarrek, halere, ez dauka etsitzerik, oraindik bost partida gelditzen baitira Liga amaitzeko.
Pinillak azken minutuan sartutako gol batek erabaki zuen lehia. Ordurako jokalari bat gutxiagorekin ari zen Eibar. Horrek bere eragina izan zuen Nou Estadi zelaian jokatutako partida eroan.Neurketari gaizki ekin zioten Mendilibarrenek. Diego Torresek bere taldea aurretik jarri zuen segituan. Ezin, beraz, atzera egin, eta aurrera begira jarri zen Eibar. Hartara, partidari buelta eman zion Gipuzkoako taldeak 38. eta 40. minutuetan lortutako golei esker. Lehenbizikoa Alberto Suarezek sartu zuen, falta jaurtiketa bikain bati esker. Bigarrena, berriz, Garitano kapitainak. Bigarren zatian, baina, Gimnasticek lehia berdindu zuen penalti bidez. Jokaldi horretan Fagoaga kaleratu zuen Perez Lima epaileak. Ordutik aurrera nahi eta ezin. Azkenean, Pinilla mozorrotu zen borreroz.
Alavesek aldeak handitzeko parada du gaur
Alavesek Ejidoren aurka jokatuko du gaur Mendizorrotzan (18:00). Irabaziz gero, puntu bakar batera izango lukete Cosenek Celta liderra. Galiziako taldeak 0-1 galdu zuen, atzo, Murtzia Hiriaren aurka. Bide batez, atzetik dituzten taldeekiko Cadiz, Eibar eta Recreativo aldea handituko lukete.
FUTBOLA. EIBAR. Eibarrek Gimnasticen aurka galdu du eta igoera postuetatik urrundu da (3-2)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu