Ez Athletic, ez Real Madril ez daude sasoi onean. Halere, Athleticeko zuzendariek jakin badakite zein den zaleek gustukoen duten aurkaria: Real Madril. Talentua eta gorrotoa uztartzen ditu!. Inork ez du zalantzan jartzenduen maila. Munduan ezagunak diren jokalariak ditu. Teknikoki bikainak dira eta gehienek irabazle sen aparta dute. Athleticeko zale gehienen artean miresmena pizten duten arrazoi horiek berberak dituzte Real Madril gorrotatzeko. Indartsuaren aurrean irabaztea ederragoa da beti. Halaber, Athletic txapelketak irabazteko borrokan egon den bakoitzean Real Madril ez da urrun egon. Beraz, lehia gogorrak izan dituzte euren artean. Athleticek irabazi egin du batzuetan, eta galdu beste askotan. Horrek ere areagotu egin du talde bien arteko lehia. Egoera politikoak ere izango du eragina.Beraz, nahiz eta urte hasiera izan, neurketa oso berandu jokatu(gaueko 22:00etan hasiko da partida), bitaldeak sasoi onean ez egon, oraindik final zortzirenetako joanekoa izan, eta bazkideek sarrera ordaindu behar izan, San Mameseko harmailek itxura ona izango dute. Ez da beteko, baina hiru laurdenak inguru beteta egotea aurreikusten dute klubeko ordezkariek. Giroa ere beroa izango da oso, ziur.Espainiako Kopa lehiaketa erakargarria da Athleticentzat. Clementek ere makina bat oroitzapen on izango ditu. Halere, entrenatzaileak ez du ahaztu Athleticek Ligan duen egoera. Zulotik irten ezinda dabil eta ezin ditu burutik kendu hurrengo partidak. Ondorioz, zenbait jokalari Ligarako gordeko ditu. Gaurko partidarako deialditik kanpo utzi du Urzaiz eta litekeena da Yestek aulkitik ikustea partida hasiera.Nobedade dezente eta garrantzitsuak aurreikusten dira gaurko hamaikakoan. Amorebieta gaztea izan daiteke erdiko atzelaria Lacruzekin batera. Expositok hegala aldatu eta ezkerrean joka dezake. Tarantino eta Casas deialditik kanpo utzi ditu Clementek. Adierazgarria oso.
Aurrean ere ez da berritasunik faltako. Guerrerok hartuko du Yesteren lekua. Portugaletekoa dezente ari da jokatzen Clementerekin. Tikori aurrea hartu dio entrenatzailearen lehentasunen artean. Adurizek ere lehen aukera izango du.
-
FERNANDO AMOREBIETA
Heynckesek oso gustuko zuen jokalari taldeko bigarrena
Javier Clementek ohikoak ez diren zenbait jokalariri egingo die lekua gaur hamaikakoan, Real Madrilen aurka. Halere, gainerako jokalariek baino arreta handiagoa piztu du batek: Fernando Amorebietak. Jokatzen badu, laster ezagutuko dute Athleticeko jarraitzaileek. Iurretakoa da, gaztea, ilehoria eta ezkerrarekin jokatzen du oso ondo erabiltzen omen du baloia. Ezaugarri horien berri emanda beharbada askok ez dute ezagutuko. Bere ezaugarri fisikoengatik ezagutuko dute. Garaia da, 1,91 metro da luze. Sekulako gorputza dauka, gainera. Athleticen atzeko lerroak une honetan ez duen garaiera eta gorputz sendotasuna eman diezazkioke.
Athleticen etorkizunaren zutabe nagusietako bat izango dela uste dute Lezamako teknikariek. Jupp Heynckes entrenatzaile ohiak oso gustuko zituen jokalari taldearen kideetako bat da. Talde hartatik Fernando Llorente igo zen lehenengo. Amorebieta da bigarrena. Hirugarrena Joseba Garmendia izan daiteke; lehen taldera igotzeko azken urratsa ematetik gertu dagoela diote adituek. Gaztea, indartsua eta teknikoki ona da Amorebieta. Erdiko atzelari zein ezker hegalean joka dezake. Izaera gogorra ere ba omen dauka oraintsu lau partida egon da zigortuta Athletic Bren partida baten aurkari batekin izandako ika-mikaren ondorioz. Elastiko zuri-gorriarekin partida asko jokatzeko behar den guztia dauka. Halere, ez da komeni bi gauza ahaztea. Gazteekin pazientzia behar dela jakin behar dute zale zuri-gorriek. Partida bitan ez dela izar bat izango. Jokalariak, ostera, ezin du pasatzen utzi eman dioten aukera. Ustez izarrak ziren asko geratu dira bidean.