Zaleek bihurtu dute txapeldunordea txapeldun. Espainiako Kopako finala galduta, atzo arratsaldean itzuli zen Euskal Herrira Athletic, eta 300 zale inguru zain izan zituen Loiuko aireportuko atarian bertan (Bizkaia), finala galdu arren zaleentzat irabazle baita Athletic. Ez zieten atzo jokalariei alferrik oihukatu txapeldun direla. Barça entzun, Athletic txapeldun! oihukatuz hartu zituzten jarraitzaileek jokalari eta entrenatzaileak, burumakur azaldu baitziren.
19:00etan zen iristekoa Valentziatik (Herrialde Katalanak) Athletic zekartzan hegazkina. Ordubete lehenagotik hasia zen jendea biltzen iritsiera gunean. 18:30erako izango ziren 200 bat lagun atean zain. Aurre-aurrean, 15 urte inguruko neska koadrilak; erdialdean, gurasoak, haurrak lepagainean zituztela; eta atzealdean, gazteak, pankarta eta guzti. Une gutxitan egon ziren isilean. Aurrean hasten ziren oihu apalenak, eta atzekoak hasitakoan leher egiten zuten. Festa ikusita, bidaiaren batetik bueltan zetozenak ere hasi ziren multzoan sartzen, maleta eskuan zutela.
19:00ak gerturatu ahala, estutzen joan zen ate ingurua. Athletic, beti zurekin zioten. 19:15 aurretik, bozgorailu bidez hasi ziren eskatzen jokalariak pasatzeko lekua egiteko. Laster azaldu ziren ertzainak ere. 19:22an atera zen Fernando Llorente, bakarrik, burumakur. Lehenengo argazkiak eta garrasiak bat izan ziren. Hura autobusera sartu, eta ez zen inor gehiagorik azaldu alditxo batean.
19:30ean puntuan atera zen talde osoa. Lehertu zen festa. Bozgorailuek eta ertzainek eskatutako bidea galdua zen. Guztiak estu-estuan, jokalariren bat ukitzea nork lortuko. Inor izatekotan, Gaizka Toquero zen atzo ukitzeko jokalari preziatua. Kopako finalean Athleticek sartutako gol bakarra hark sartu zuen; itxaropenaren gola, partidako lehen ordu erdiko pozaldia eragin zuena. Herenegun gauaz geroztik, makina bat aldiz oihukatu izango dute Bilbon Ari ari ari, Toquero lehendakari! Atzo ere hala aritu zitzaizkion, eta ertzainak ere saiatu ziren lehendakaria bereziki babesten. Beste inork ez bezala, ertzain bat atzean izan zuen, harik eta jende multzo handiena igaro zuen arte. Ez zen gutxiagorako.
Autobusera sartuta ere, ez zuten etenik izan oihuek. Autobusa aldez alde inguratu zuten zaleek, eta ertzainek lan izan zuten berriz bidea zabaltzen. Burumakur egonagatik ere, jokalariek eskertu zieten emandako babesa zaleei, eta elkar txaloka agurtu zuten.
Harrera ofiziala, gaur
Ongietorri ofiziala gaur izango dute Athleticeko kideek, Bilbon, nahiz eta ezin izango duten gabarra atera. Bilboko itsasadarrean ez, kaleetan barna ibiliko da Espainiako Kopan txapeldunorde geratu den taldea, estalkirik gabeko autobusean. Gabarra atera ezinik, ibilbide osoan lagun izango dituzte orain 25 urteko garaipenak eta ontziko ibilaldia kontatzen dituzten kantuak.
18:00etan abiatuko dute erromesaldia, San Anton Zubian. Erriberatik eta Areatzatik igaro ondoren, udaletxera joango dira. Han izango dute lehenengo harrera ofiziala. Bilboko udalbatzak hartuko ditu, Iñaki Azkuna alkatea buru dutela. 19:15ean dute ordua udaletxean. Alkatearekin eta zinegotziekin egon ondoren, udaletxeko balkoira aterata agurtuko dituzte bilbotarrak. Pentsatzekoa da jendez lepo egongo direla ordurako Areatza eta udaletxeko zubia.
Bilbotarrei ez ezik, bizkaitarrei ere emango dizkie eskerrak Athleticek, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara ere joango dira. Udaletxetik harainoko bidea ere autobusean egingo dute, Areatzako zubia, Nafarroa kalea eta Kale Nagusia igarota. 20:45ean egingo die harrera Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak, eta Diputazioan ere balkoira aterako dira jokalariak.
Hiru ordu pasatxoko prozesio ofiziala izango da gaur arratsaldekoa. Iluntzetik aurrera, bestelako erromesaldia hasiko dute festazaleek.
FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPAKO FINALAREN ONDORENA. Etxean txapeldun
Jendetza handia batu da Loiuko aireportuan, Espainiako Kopako finala jokatzetik bueltan Athleticeko jokalariei ongietorria egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu