Ailegatu da eguna. Athleticeko zale, zuzendari, teknikari eta jokalari guztiek horrenbeste denboran itxaron duten eguna, alegia. Talde zuri-gorria Sevillan da, Betisi aurre egin eta bi hamarkada geroago Espainiako Kopako finalerako txartela eskuratzeko prest.
Azken pausoa eman aurretik zailtasunak izango ditu talde zuri-gorriak. Aurkariaren maila ez da nolanahikoa Serra Ferrer entrenatzaileak gora eraman du berriro Andaluziako taldea; Ruiz de Loperan izango duten harrera ere ez da norberaren etxean egiten dena izango. Kanporaketa berotu guran Sevillako hedabideek eurek gura izan duten moduan erabili dituzte Espainiako Futbol Federazioko presidente Angel Maria Villarrek Athleticen inguruan egindako adierazpenak eta Carlos Gurpegiren auzia. Egia edo gezurra izan, helburua lortu dute: Betiseko zaleak berotzea. «Ongietorri ona egingo digute, etxean bezala egon gaitezen. Hala ere, futbol zelaian ez dagoen inork ezin digu golik sartu», esan zuen atzo Ernesto Valverdek.Nekea ere hor dago. Zorionez, 2004-2005 denboraldia nekagarria izan da Athleticentzat. Liga ez eze, UEFA Kopan eta Espainiako Kopan ere makina bat partida jokatzeko aukera izan du taldeak. Euretako asko erantzukizun handikoak izan dira. Beraz, nekea bikoitza izan da. Ahalegin fisikoa ez eze, presiopean jokatzeak eragindako nekea dute jokalariek.Gauza asko dira, baina ezin dira aitzakia gisa erabili. Final bat jokatzeko aukerak gainditu egin behar ditu oztopo guztiak. Eskerrak, Valverdek ez duen zalantzarik. «Jokalari zein teknikariok bizi guztia ematen dugu gisa horretako norgehiagokak jokatzeko prestatzen. Gizasemeak gara eta akatsak egingo ditugu, baina ezin dugu partida txarrik jokatu».Erronkari aurre egiteko sasoia da, beraz. Athleticek urte asko daramatza aukeraren zain eta ezin du nolanahi bota. Athleticek azken titulua irabazi zuenetik denbora asko pasatu da. Jarraitzaile gazteenek ez dakite zer den euren taldea kopa bat altxatzen ikustea. Are gehiago, ordutik gozatzeko baino sufritzeko arrazoi gehiago eman ditu taldeak. Tarteka-marteka harro sentitzeko moduko lorpenak eskuratu ditu. Hala nola, Txapeldunen Ligarako txartela, Real Madrilen aurkako finalaurrekoa Jupp Heynckesen jokalariek ezin izan zuten ezer egin, sekula baino galaktikoagoak izen ziren jokalarien aurka... baina gauza handirik ez.Orain arteko neurketa garrantzitsuenari aurre egiteko hutsune nabariak izango ditu Valverdek. Atzealdean, batez ere. Prietok eta Murillok, zentral titularrek, ezin izan zuten Racingen aurka jokatu. Biak gaurko osatzeko esperantza zuen Valverdek, baina Murillo bakarrik hobetu da Betisen aurka jokatzeko moduan. Prietok Sevillaren aurkako Ligako partida ere ez du jokatuko, asteburukoa.Hutsune garrantzitsua izanik, teknikariarengan kezka gehien eragin duena Andoni Iraolaren lesioa izan da. Ezker hankako bikian gainkarga dauka eta etxean utzi behar izan du. Zelai erdian zein atzean joka dezake eskuin hegalekoak. Aukera asko ematen dizkio Valverderi eta hori oso kontuan hartzen du entrenatzaileak. Iraolaren jokoa ez eze, jokalariaren izaera ere botako du faltan. «Jokalari ona izateaz gain, oso kontzentratuta zelairatzen da partida guztietan. Horrelako partidak oso ondo jokatzen ditu». Gaurko emaitzak laguntzen ez badu, zeresan handia emango du Iraolaren lesioak. Entrenatzaileak hobetu zaindu beharko lukeela pentsatzen duenik badago. Zain egongo da.
Lafuente izango da atezaina
Gaur jokatuko duen atezainaren gainean hedabideok asmatutako eztabaida ere argitu zuen Valverdek atzo. Iñaki Lafuentek jokatuko du gaur Athleticen atean. Barakaldarra izan da titular Espainiako Kopan orain arte eta entrenatzaileak ez dauka gaur atezainez aldatzeko asmorik. Lafuentek UEFAko azken partidan egindako hutsak, Aranzubiaren sasoi onak eta errioxarrak bere adierazpenekin sortutako zalantzak ez dute balio izan.
FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPAKO FINALERDIAK. ATHLETIC. Agortu arte
Athleticek azken indarrak akitu beharko ditu Kopako finalerdian; Iraola eta Prieto ez dira osatu, eta ez dute gaur Betisen aurkako jokatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu