Osasunak eta Vila-realek gaur iluntzean Sadarren jokatuko duten norgehiagoka martxoaren 20an jokatzekoa zen, 29. jardunaldian. Vila-realek, ordea, egun batzuk lehenago, UEFA Kopan Bukaresteko Steauaren aurka jokatu behar zuen partida atzeratu beharra izan zuen, Errumanian zegoen eguraldi kaskarraren erruz. Ondorioz Osasunaren aurkako partida atzeratzea beste aukerarik ez zuen izan, asteburu horretan UEFA jokatzeko. Azkenean, gaur jokatuko da nafarren eta valentziarren arteko lehia eta gauza bat argi dago: martxoaren 20an baino bolada hobean da Osasuna orain.
Gorritxoek 11 partida jarraian garaipenik lortu gabe jokatu berri zituzten martxoaren 20aren aurretik. Orain bolada hobean da: azken hiru Liga jardunaldietan garaipena lortu du, eta Kopan ere Atletico Madril mendean hartu zuen iragan astean. Vila-real ligako talderik sendoenetako bat izan da sasoi honetan, eta Manuel Pellegrini entrenatzailearen eskutik Riquelme eta enparauak futbol ikusgarria egiten ari dira, gainera. Ez da aurkari samurra izango, baina gorritxoek orain duten adoreak eta konfiantzak ez du zerikusirik orain hilabete zutenarekin. Gaur ere zaila izango dute irabaztea, baina partida zegokion egunean jokatu izan balitz ez zen samurragoa izango, ez horixe.«Oraindik gogoan daukat Madrigalen lehen itzulian eman ziguten errepasoa, futbolean bikain jokatzen duen taldea da Vila-real eta talde sendoa dute. Halere, gu bolada onean gaude orain, eta hala jarraitu nahi dugu aurrerantzean», adierazi zuen atzo Javier Aguirrek. Entrenatzaileak badaki Ligan zuten helburu nagusia ia ziurtatu dutela, baina halere matematikoki ez dutela ezer erabaki gogoratu zien atzo bere jokalariei: «Salbazioa gertu dagoela entzun eta entzun ari naiz, eta egia da, baina mailari eusteko behar adina puntu ez dugu oraindik, kontuak eginez gero matematikoki ez gaude salbatuta eta lehenbailehen batu behar ditugu puntuak».Aguirrek, gainera, ez zuen hasieratik zelairatuko duen hamaikakoaren arrastorik eman. «Atezaina Elia izango da», esan zuen eskainitako argibide bakarrean. Hori bai, Vila-realen aurka galdu edo irabazi, igandean Zaragozan aldaketa ugari egingo dituela aurreratu zuen entrenatzaileak.
Cuellar zigortuta; Riquelme eta Arruabarrena, ez
Ezker zangoko iskiotibialetan duen zuntz hausturak hilabetean atseden hartzera behartuko du Valdo, eta Javier Aguirre kezkatuta azaldu zen atzo erdilariaren lesioa jakin ostean. Nolanahi, beste gorritxorik ez dago medikuen partean eta gaurko partidarako Cuellar eta Valdorenak izango dira hutsune bakarrak. Cuellarrek partida bateko zigorra bete beharko du txartel pilaketaren ondorioz, gaur iluntzeko lehia zegokion egunean jokatu izan balitz, txartelekin arazorik izango ez zuen arren.
Hain zuzen ere, Vila-realek helegitea aurkeztu du aste honetan Riquelme eta Arruabarrena jokalarien kasuan. Vila-realeko bi argentinarrak ere Cuellarren egoera berean dira, baina atzeratutako norgehiagoka bat izanik, agintari valentziarrek gogoratu dute martxoaren 20an Riquelmek eta Arruabarrenak ez zutela partida bateko zigorra bete beharrik. Lehiaketa batzordeak iragan larunbatean (33. jardunaldian) Real Madrilen aurka biek ikusi zituzten txartel horiak baieztatu ditu, baina zigorra asteburuko jardunaldian beteko dute (34. jardunaldian) Vila-realeko jokalariek.Quique Alvarezek, ordea, gorria ikusi zuen Real Madrilen zelaian, eta ezingo du inola ere Sadarren jokatu. «Hamahiru lagunen aurka jokatzeak haserretu egingo ninduen, baina hamaikaren aurka ariko gara, eta Riquelmek jokatzen badu, baimena eman diotelako izango da. Aspalditik ezagutzen dut Riquelme, jokalari itzela da eta jokalari onenak berdegunean izatea ona da», esan zuen atzo Javier Aguirre entrenatzaileak, ika-miketatik ihesi.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. BERE GARAIAN BAINO HOBETO
martxoaren 20an jokatu beharreko partida jokatuko dute gaur osasunak eta vila-realek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu