Gaur arratsaldean Romaredan irabaziz gero, inoiz Lehen Mailan izandako boladarik onena egingo dute Aguirreren jokalariek. Inoiz ez dute bost garaipen jarraian lortu Lehen Mailan egindako 27 denboraldietan. Gaur arratsaldean, hasierako hamaikakoa ezohiko jokalariz josita egon arren, beste partida bat irabazi eta marka egiteko asmoz zelairatuko dira gorritxoak Romaredako zelaira. Eta azken boladan lortu duten konfiantza ikusita, ez harritu lortzen badute. Inoiz izandako markarik txarrena berdindu ostean (12 partida jarraian garaipenik lortu gabe), sasoi berean inoizko markarik onena egitea ez da erraza, baina horretan ari da Osasuna. «Irabazi egin nahi dut, bolada onean jarraitzea garrantzitsua da», esan zuen atzo Javier Aguirrek.Kopako finalerdiaren itzuliko partida jokatu baino lehen, bi Liga jardunaldi jokatu behar ditu Osasunak. Vicente Calderoneko partida erabakigarri horretara konfiantza ikaragarriarekin irits daiteke, gaur Zaragozan eta datorren larunbatean Mallorcaren aurka irabazten badu, argi dago. Amaieran denboraldia ontzat joko den ala ezerabakitzen ari da Osasuna, eta, UEFAko postuetara hurbiltzeko aukerarik izan ez arren, garrantzitsua da garaipenaren bidean jarraitzea.Gainera, Ligaren azken txanpan ondo ikusten du taldea Aguirrek: «Azken txanpan gaude, eta erregai gutxi samar dute jokalariek, baina denboraldi amaiera arte fisikoki eutsiko diogula uste dut, eta azken emaitzen ondotik taldea oso ondo ikusten dut, gainera».
«Sanzol eta beste hamar»
Nekea ekiditeko aukera da txandakatzeak egitea, eta Javier Aguirre horretan ari da aspaldi honetan, eta gaur ere bide beretik jarraituko du. «Sanzol eta beste hamar ariko dira Zaragozan», gaineratu zuen Aguirrek. Hasieratik zelairatuko duen hamaikakoaren inguruko arrastorik ez du eman Aguirrek, baina ostegunean Vila-real 3-2 mendean hartu zuen taldearekin zerikusi gutxi izango du gaur arratsaldean Zaragozan ariko den Osasunak. Aurrealdean Milosevic eta Aloisi izango direla ere baieztatu zuen gero Aguirrek, eta atezainaren eta aurrelarien tartean diren jokalarien artean ere aldaketa ugari izango direla.
-
HARMAILAK
Zaleen arteko ezinikusiak eragotzi nahi dituzte
Zaragozaren eta Osasunaren arteko lehiak beroak izaten dira normalean. Jokalariei ere berezia egiten zaie partida, baina gehienbat harmailetan berotzen da giroa. Arazorik ez gertatzeko, bi klubetako zuzendariak eta zale batzuk Zaragozan bildu ziren herenegun. Bi taldeen zaleak etengabe elkarri irainka aritzea saihestu nahi dute, eta historikoki Zaragoza eta Osasuna lagunak izan direla gogoratu zuten bertan bildutakoek. Besteak beste, Romareda futbol zelaia inauguratzeko Osasunaren aurkako partida antolatu zela gogoratu zuen bileran Miguel Angel Rotak, Zaragozako presidenteordeak. Osasunako peñen ordezkariak eta Zaragozako Ligallo Fondo Norte eta Colectivo 1932 taldeetako kideak ere izan ziren bileran, eta inor mutur joka hasi aurretik, hitzen biolentzia eta irainak neurtzen hastea komeni dela gogoratu zuten. Indargorri taldea ez zen bileran izan.