Javier Aguirrek, ordea, badaki ez dela erraza izango: «Giro nahasia eta hutsune garrantzitsuak izan arren, Morientes, Figo, Raul, Casillas, Roberto Carlos, Helguera edo Pavon eta Mejia jokalari handiak dira, eta Real Madrilen balizko krisiarekin ez naiz fidatzen», esan zuen atzo mexikarrak Taxoaren. Real Madril-Osasuna partida baten atarian «beti Real Madril hartu behar da faboritotzat», Aguirreren esanetan. Halere, garaipenaren bila zelairatuko direla argi utzi zuen Osasunako entrenatzaileak: «Jokalari handiak ditu Real Madrilek eta buru-belarri ariko dira egoera zailari buelta eman nahian, baina gogotsu gaude gu ere, motibazio handia dugu eta iragan sasoian 0-3 irabazi genuen Bernabeun gainera. Egun ere sailkapenaren goikaldean gaude, eta hor jarraitu nahi dugu, Real Madril berriro ezustean harrapatzea zaila izango dela badakigun arren», adierazi zuen entrenatzaile mexikarrak.Real Madrilen aurka aritzeko unerik aproposena izan ote daitekeen galdetuta, «Real Madrilen aurka aritzeko une onik inoiz ez dela», argitu zuen Aguirrek, baina aspaldian Osasuna talde handien zelaietan puntuak batzen ikustea ohikoa dela ere gogoratu zuen, badaezpada. «Gu ere ez gara aurkari erraza izango», azpimarratu zuen mexikarrak.
Hamaikakoa erabaki gabe
Gaur gauean hasieratik zelairatuko duen hamaikakoa argitzerik ez zuen izan atzo Javier Aguirrek. Gaur goizean azken entrenamendu saio arin bat egingo dute nafarrek Real Madrilen Kirol Hirian, eta bertan hartuko du Aguirrek azken erabakia. Carlos Cuellar zentralak gainkarga du eskuin zangoan, baina Aguirrek ez zuen hemeretzigarren gizon bat deialdian sartu, eta litekeena da zentral madrildarra jokatzeko moduan izatea. «Cuellar osatzen ez bada, Flaño izango da bere ordezkoa», baieztatu zuen atzo Aguirrek. Krutxaga min hartuta da, eta Miguel Flañok Betisen aurka jokatu zituen estreinako minutuak Lehen Mailan (Cuellarrek min hartu zuelako hain zuzen ere).Ametsa bete zuela esan zuen larunbatean, baina Santiago Bernabeun jokatzea ere amestuko zuen Flañok noizbait, seguru. Zentral bikoteaz gain, argitu beharreko beste zalantzak ere baditu Aguirrek, nolanahi. Expositok partida bikaina egin zuen Betisen aurka, eta Izquierdok zigorra bete duenez, bien artetik aukeratu beharko du Aguirrek eskuin hegaleko atzelaria. Eskuin hegal horretan zelai erdian nor ariko den ere ez zuen argitu Aguirrek: Valdo ala Ortiz. Ezkerrean ere Mohak adina aukera izan dezake Ludovic Delporte frantziarrak. «Zalantza asko ditut, hamaikakoa ez daukat erabakita», esan zuen entrenatzaile mexikarrak. Gaur goizeko entrenamenduan hartuko du erabakia.
-
Protagonistak
j. A. camacho (R. Madrileko entrenatzaile ohia)
«Taldearen errendimendua ez da behar bezalakoa, eta nirekin ez da hobetuko»
«Taldearen errendimendua ez da behar bezalakoa, eta ez du hobera egingo ni entrenatzaile karguan nagoela». Bere dimisioaren inguruko azalpen gutxi eman zituen Jose Antonio Camachok, baina esan zuen apur hori nahiko adierazgarria izan zen. «Izateko eta entrenatzeko era jakin bat daukat, eta horren isla ez dut zelai gainean ikusten. Horregatik erabaki dut alde egitea. Presidenteari esan diot ez naizela gai hau epe motzean aldatzeko. Zuzendaritzaren babesa izan dut, baina nire lanak ez du taldean islarik izan. Ezin diot taldeari etekin handiena atera», esan zuen. Camacho AEBetara joango da gaur, seme bati bisita egiteko, eta,bide batez, komunikabideen zurrunbiloari izkin egiteko.
m. garcia remon(R. Madrileko entrenatzailea)
«Egun tristea da, lagun batek egindako lan onak ez duelako zelaian saririk jaso»
«Niretzat egun tristea da,lagun batek egindako lanaren amaiera iritsi delako. Camachok ondo egin du lan, baina lan horrek ez du zelaian saririk jaso». Hala mintzatu zen Jose Antonio Camachoren lekukoa hartu behar duen gizona, Mariano Garcia Remon, alegia.«Bi arrazoirengatik nago egoera honetan: lehenengoa, eta garrantzitsuena, Camachok kargua hartzeko eskatu didalako; eta bigarrena, presidenteak ere horixe eskatu didalako. Nire ametsa ez zen kargura era honetan iristea, horregatik da egun tristea. Lasaitasun mezua bidali nahi diet bai zuzendaritzari bai zaletu guztiei. Honek aurrera egingo du, Real Madrilek titulu guztiak lortzeko borrokatuko du. Guztien laguntza behar dugu», adierazi zuen.
-
AURREKARIA
0-3koa gogoan
Oraindik ez da urte erdi bete Osasunak Real Madrilen zelaian azken aldiz jokatu zuenetik, eta osasunazale orok gogoan du oraindik iragan apirilaren 11n Santiago Bernabeun gertatutakoa. Real Madril Liga irabazteko hautagai nagusia zen orduan. Partida hasi eta berehala Valdok markagailuan aurretik jarri zuen Osasuna. Real Madrilek ez zuen minik egiten, eta Osasuna zelaian nagusi zen. Atsedenaldirako bi minuturen faltan Pablo Garcia uruguaitarrak 0-2koa lortu zuen Casillasen gainetik baloia dotore loratuta. Real Madrilen zaleak Osasuna txalotzen ari ziren olé artean. Sinestezina. 62. minutuanMoha txikiak hirugarrena egin zuen buruz, eta madrildarrek euren zaleen zapi zurien artean hartu zuten aldageletarako bidea. Real Madrilen gainbeheraren hasiera izan zen. Gaur ere, zapi zuriak prest izango dituzte zaleek.