FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. DERBIAK

SAILKAPENEKO ATZEKO POSTUETATIK ATERATZEA IZANGO DUTE HELBURU REALAK ETA ATHLETICEK GAUR, TENTSIOZ BETERIKO DERBIAN, ANOETAN

XABIER LOPETEGI - BILBO/HARITZ GALLASTEG
2004ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Realaren eta Athleticen arteko derbiak berez dira erakargarriak, badute gainerako euskal derbiek ez duten xarma berezia, Donostiak eta Bilbok duten harreman berezitik sortua. Gaurko norgehiagokak, ordea, aurrekoek izan ez duten osagaia dauka: bi taldeen duten puntu premia. Betiko aurkariari irabazteak ematen duen harrotasunazgain, sekulako garrantzia duten hiru puntu izango dira jokoan. Gatzik ere ez da faltako. Fernando Lamikizek derbi aurreko giroa suspertu duten adierazpenak egin zituen herenegun, Athleticeko erdilariak Xabi Alonso baino hobeak direla, eta Euskal Herriko jokalari onenak Athleticen daudela esanez. Falta ziren horrelakoak, derbia ez delako gauza bera inork ez badu aurkaria apur bat zirikatzen.

Realak gehiago du jokoan Athleticek baino. Atzerago dago sailkapenean, etxean jokatzen du, eta porrot egin du azken hiru partidetan. Espainiako Liga besterik ez zaio geratzen. Gaurko lehiak plebiszitu kutsua dauka talde txuri-urdinarentzat, Anoetako zaleak ez baitaude batere gustura ikusten ari direnarekin. Derbia aukera ezin hobea da zerumugan ageri diren trumoi-lainoak aldentzeko, hurrengo igandea arte, bederen. Hasieran jai izango dena, ordea, tragedia bilaka daiteke Realarentzat, bere maila ematen ez badu. Jokatzeko partida polita dela esan dute behin eta berriro jokalariek zein entrenatzaileak. Halere, aldez aurretik, behintzat, politagoa da Athleticentzat, Realarentzat baino. Realak baitu presioa.

Arteta, hasieratik?

Azkenaldian ez bezala, badirudi Amorrortuk aldaketaren bat egingo duela hasierako hamaikakoan. Taldeak ateak itxita egin zuen entrenamendua ostegunean, eta entrenatzaileak egin dituen adierazpenetan ez du ukatu berritasunik egongo denik. Sekretupean gorde ditu bere asmoak, nolanahi ere. Artetaren izena entzun da gehien. Litekeena da ezker hegalean jokatzea, Rossatoren tokia hartuta. Oro har, hobeto aritu da toki horretan euskarri postuan baino. Ezkerra ez den arren, gogor jotzen du hegaletik, batez ere erdialdera mugitzen denean, bere abiadurari esker. Kontuan hartu behar da, gainera, Rossato ez dela ari jokatzen hasierako partidetan bezain ondo.

Amorrortuk badu beste aukera bat, eskema aldatzea eta Arteta punta erdian ipintzea. Hala erabakitzen badu, Nihat geratuko litzateke hamaikakotik kanpo. Turkiarra, dena den, arazo fisikorik gabe itzuli da selekzioarekin jokatu zuen partidatik, eta ustekabe handia izango litzateke aulkian geratzea. Deialdiari dagokionez, berritasun bakarra dago. Xabi Prietok mina du eztarrian, eta harmailetatik ikusiko du derbia. Gabilondok hartuko du haren tokia.Realeko entrenatzaileak ondo baino hobeto ezagutzen du Athletic, eta hori baliatzea espero du. «Nahiko argi daukat Valverdek zein estrategia eta zein hamaikako erabiliko duen. Baina gehiegizkoa da guztia dakidala esatea. Ez dakit hori abantaila izango den, horrek ez dizulako garaipena ziurtatzen, baina abiapuntua da».Realekoen antzera, Athleticekoek ere uste dute egoerari buelta emateko ez dagoela derbia baino neurketa aproposagorik. Kanpoan ez omen dira San Mamesen adina motibatzen, eta, ondorioz, emaitzak jokoaren araberakoak izan dira: txarrak. Anoetan irabaziz gero, etxetik kanpoko aurreneko garaipena eskuratzeaz gain, aurkari zuzen bat atzean laga eta sailkapeneko zulotik irteteak ematen duen indarra irabaziko lituzke Athleticek. Beraz, asko dauka jokoan eta asko irabazteko. Horrela aitortu zuen Valverdek atzo.Realari aurre egiteko bi jokalari garrantzitsu falta izango ditu: Murillo eta Orbaiz. Zentralak min dauka eskuin hankako orkatilan, eta beste astebete itxaron beharko du taldera bueltatu aurretik. Sasoi hasiera ona egiten ari da, eta Athleticek sumatuko du haren falta. Batez ere, ez duelako ordezkorik. Gurpegik zelai erdira itzuli beharko du, eta Karanka bere gabezia guztiak ari da erakusten denboraldi hasieran. Ez dabil fin gasteiztarra. Athleticen onerako, Luis Prieto taldera itzuliko da, partida bateko zigorra bete ostean.Orbaizek utziko duen hutsunea betetzea gaitzagoa da. Belauneko minak ahaztu ondoren, goi mailako sasoi hasiera egin du. Defentsako lanean indartsu ari da, eta baloia hanketan duenean jokoa antolatzeko gaitasuna duela erakutsi du. Tikok hartu beharko du Orbaiz ordezkatzeko ardura. Hau ere jokalari garrantzitsua da Athleticen, derbietan ere sarri askotan izan da protagonista, baina luzaroan jokatu barik egon da. Orkatila bete-betean ez du oraindik Tikok, eta zailtasunak izango ditu Orbaizek taldeari egiten dion ekarpena berdintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.