Makina bat derbi jokatu du Lorenek, Realeko bigarren entrenatzaileak. Realeko eta Athleticeko jokalari izandakoa denez, bereziak dira berarentzat. Duela hiru urte utzi zuen futbola, eta partidak aulkitik ikustera ohitu da. Erretiroa gainditu duela dio. Derbiak iristean, ordea, jokalariek inbidia ematen diote: «Gauza ederra da halako partidak barrutik bizitzea. Parekorik ez du». Haren pronostikoa: 1-2.
Nolako partida espero duzu bihar?
Parekatua eta giro onekoa, derbi guztiak bezala. Aurkari zaila da Athletic.
Nola ikusi duzu orain arte?
Sasoi zaila izan dute, hiru lehiaketa jokatu behar izan dituztelako, eta horrek errendimenduan eragin die. Ahalegin itzela egindute, eta normala da fisikoki txakalaldiren bat izatea. Baina oso denboraldi ona egiten ari dira.
Zein da Athleticen arrisku nagusia?
Ahalmen handia dute erasoan, etxean batez ere. Partidan zenbaitetan, kontrarioa zanpatzen dute, ez dizute uzten arnasarik hartzen, zaleek lagunduta. Oso arriskutsuak dira baloia aurrelariek dutela. Egoera horiek kontrolpean izatea da gure kezka.
Nolako oroitzapenak dauzkazu derbiez?
Urteko partida berezienak dira, jokatzeko politenak. Jokalariari bestelako motibazioa pizten dio derbiak. Aurreko asteko giroa, zaleen ikusmina... horretaz guztiaz kutsatzen da. Taldea zaleen isla bilakatzen da. Grina berberarekin bizi dira derbiak Donostian zein Bilbon.
Ba al dago gogoan bereziki gordetzen duzun derbirik?
Asko. Adibidez, San Mamesen 0-4 irabazi genuena, Begiristain, Bakero eta enparauen garaian. Anoetako 5-0ekoa ere gogoratzeko modukoa da. Eta Atotxan Athleticekin jokatu nuena; erdiko atzelari postuan jokatzen nuen lehen partida izan zen, Clemente entrenatzailea zelarik. Aldridge zaindu behar izan nuen, eta 0-1 irabazi genuen.
Athleticek zu fitxatu izana hautsak harrotu zituen.
Bai. Beti pentsatu izan dut oihartzun handiegia izan zuela horrek. Halere, polemika handia sortu arren, oroitzapen onak dauzkat. Oso ondo tratatu ninduten Bilbon. Baina egia da oso gaztea nintzela eta egoera hori gehiegizkoa izan zela niretzat.
Derbietako giroak behera egin duela uste dute batzuek.
Ez dut uste. Denetarik egon da, garaian garaiko entrenatzaileen, fitxaketen eta zaleen eta zuzendaritzen arteko harremanen araberakoa. Oso beroa batzuetan, hotzagoa besteetan. Orain harremanak oso onak dira, eta leunago dator derbia, nolabait esateko. Baina partida hastean, bakoitzak eginahalak egingo ditu irabazteko. Hori da politena, eta ez da ezertan aldatu. Hiru puntu baino gehiago dira.
Pizgarria al da Athletic taulan aurreratzeko aukera izatea?
Bai. Oso denboraldi ona egiten ari da, eta gure buruarekin konfiantza izateko garrantzitsua litzateke irabaztea eta aurrea hartzea.
Lehen urtea duzu bigarren entrenatzaile gisa. Zein da zure lana?
Amorrortu laguntzea, batez ere, eta bigarren iritzia ematea. Iritzi hori askotan desberdina da, eta bien artekotik beste bat ateratzen da, osoagoa. Hori da helburua. Horretaz gain, kluba eta jokalari asko ondo ezagutzen ditut, nirekin jokatu dutelako, eta saiatu naiz Amorrorturi azaltzen zer den Reala, eta nolakoak diren jokalariak.
Zer-nolako harremana duzue?
Oso ona, hasieratik. Irekia. Oso zaila da berarekin gaizki konpontzea. Beti prest dago iritzi desberdinak entzuteko. Ez bakarrik nireak, baita jokalarienak, medikuenak eta prestatzaileenak ere. Erabakiak bereak dira, baina erabaki baino lehen informazioa biltzen du beti.
Zer-nolako esperientzia da zuretzat?
Asko ikasten ari naiz. Oztopo asko gainditu behar izan ditugu. Halere, zure pentsaerarekin leial izan behar duzu, eta ontzat daukazun bidetik ez atera.
Jendea ez da ados jartzen: nolako denboraldia egiten ari da Reala?
Oso ona. Zortzi partida gelditzen dira. Taldeak gehiago emango du, eta, izan dituen zailtasunak aintzat hartuta, meritu handiko postua eskuratuko du. Gazte askorentzat estreinako urtea da. Horrek beti gehiago balio du.
Zailtasunez ari zarela, zeintzuk izan dira gogorragoak, kirol arlokoak ala hortik kanpokoak?
Kirol arloan, jokalari gazteei Lehen Mailan lehiatzeko gai zirela sinetsaraztea izan da zailena. Taldeari lehiakorra zela buruan sartzea eta gazteei hor egotea merezi zutela. Izan dugun giro ezkorrak lan hori areago zaildu du, zalantzak sortu ditu.
Garai txarrak al dira harrobiarentzat?
Jendeak lehen pazientzia handiagoa zuen etxeko jokalariekin. Baina guk apustu sendoa egin dugu haien alde, eta ziur gaude garai onak datozela.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. «Derbietan, taldeak zaleen isla bihurtzen dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu