FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Derbiz derbi

Bi derbi jokatuko dira Espainiako Ligako lehen bi jardunaldietan: Athletic-Reala eta Reala-Alaves

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hasiera beroa izango du Espainiako Ligak. Atzo egin zuten zozketa, eta bi derbi jokatuko dira lehenengo bi jardunaldietan (Athletic-Reala eta Reala-Alaves). San Mamesen izango da lehen derbia. Partida horrek esangura berezia izango du, azken egunetan Zubiaurreren kasuak sortu duen zalaparta dela eta. Emozioz eta tentsioz betetako partida, beraz.

Osasunak, berriz, Sadarren jokatuko du, Vila-realen aurka. Iaz, onenetako bat izan zen Vila-real. Aurten, berriz, ikusi beharko nolako denboraldia egiten duen. Aldaketa gutxi egin ditu, eta iazko arrakastaren erantzule nagusiek (Juan Roman Riquelme eta Diego Forlan) taldean jarraitzen dute.Alaveseko zaleak ezingo dira kexatu, Lehen Mailako lehen partidan Ronaldinho, Etoo, Deco eta abar ikusteko aukera izango baitute; Bartzelona txapelduna izango da Gasteizen. Partida zaila da, baina ilusio eta motibazio handiz hartuko dute Pitermanen mutilek.Talde guztiek azpimarratzen dute Liga ondo hastearen garrantzia, helburuak finkatzeko. Beraz, gogor lan egingo beharko dute denboraldi-aurre honetan, aurkari izango dituzten lehen taldeak ez baitira samurrak. Denboraldia abuztuaren 28an hasi, eta maiatzaren 14an amaituko da, ohi baino lehenago, Munduko Futbol Txapelketagatik.

Eibar etxean hasiko da

Eibarrek Ipuruan hasiko du 2005-2006 denboraldia. Lehen Mailara igotzeko zorian egon arren, aurtengo helburua mailari eustea izango da berriz ere. Eibarrek Bigarren Mailako aurrekonturik txikienetakoa du, eta urtero taldea goitik behera aldatu behar izaten du. Iaz bezala, Eibarrek Ferrolen aurka amaituko du txapelketa. Aurrekoan, amaiera gazi-gozoa izan zuen. Ea aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.