thleticen, ezker hegala eta erasoa uztartuz gero, Estanis Argoteren izena etorriko zaie burura talde zuri-gorriko zale gehienei. Nagusiak direnek beste jokalari batzuk ere izango dituzte gogoan. Gazteak direnek, berriz, ez dute erreferentziarik izango. Talde zuri-gorriak ez du berezko ezker hegalekorik izan azken hamabost urteotan: Garitano, AlkizaÉ Saiatu ziren, baina beste postu baten jokatzeko dohain egokiagoak zituzten. Mendigurenek, berriz, ez zuen jarraikortasun handirik izan eta, oñatiarraren antzera, beste hainbat jokalarik ere ez. Azken sasoietan Santi Ezquerrok jokatu du gehien ezkerrean. Behartuta hartutako erabakia izan da. Aurrealdeko postuak ondo beteta zeudenez, bera ipini dute hegalean Heynckesek eta Valverdek. Errioxarrak Athletic uztea erabakiz gero, areagotu egingo da arazoa. Ez dago non aukeratu.
-Yeste: Basauritarrak ezker hanka bikaina du. Erdiraketak egiten maisua da, berak gura duen lekuan kokatzen du baloia. Teknikoki oso ona da eta min handia egin dezake banakako jokaldietan. Abiadura aldetik, berriz, ez da oso azkarra, baina motela ere ez. Athleticek egun duen futbolarien artean ezkerrean jokatzeko dohain gehien duena da. Arazo bi daude, ordea. Bata, erdian askoz ere hobeto jokatzen duela. Jokoa antolatzeko erraztasun handia dauka, erraz jokatzen du futbolean. Bestea, hegalean ez dela eroso sentitzen. Ondorioz, jokoan gutxi parte hartzen duenean zelaian dagoela ahazten zaio. Erdian jokatu behar du, taldearen erreferentzia da.
-Etxeberria: Valverdek sarri askotan erabili du denboraldion ezker hegalean, baina ez da haren lekua. Eskuinean abiadura galdu du eta, batez ere, aurrean askoz hobeto moldatzen da. Lanerako prest agertzen da beti. Beraz, entrenatzaileak eskatzen dion lekuan jokatuko du eta barruan daraman guztia emango du. Hala ere, ezin da ezker hegalerako lehen aukera izan.
-Del Horno:Gallartakoak ere behin baino gehiagotan jokatu du zelai erdian. Etxetik kanpoko partidetan erabili du Valverdek. Defentsako lanean lagundu dezake eta erdiraketa onak egiteko gai da, baina ez du sakontasunik. Burua, gainera, ez du aurrean. «Une zehatzetan jokatzeko bai, baina bestela ez dut neure burua zelai erdian ikusten», adierazi du gallartarrak. Atzetik etorrita askoz ere arriskutsuagoa da. Gainera, une honetan inork ezin dezake esan datorren denboraldian Athleticen jarraituko duenik.
-Arriaga: Bigarren aurrelari gisa jokatu du ermuarrak beheko mailetan, baina lehen taldera igo zutenetik hegaletan erabili dute. Eskuin hegalean ez du gauza handirik erakutsi. Ezkerretik jokatu duenean, berriz, arriskua sortzeko gai dela erakutsi du. Heynckesek, neukertak pizteko erabiltzen zuen jokalari txikia, eta emaitza ona eman zion. Hala ere, ez da ezker hegaleko jokalaria. Ezquerroren erabakiak eragin zuzena izan dezake bere etorkizunean.
-Angulo: Athleticek duen ezker hegaleko bakarra. Postu horretan zituen gabeziak behartuta, Lehen Mailan jokatzeko aukera eman zion Valverdek ezker finari. Hala ere, ez zituen aukerak aprobetxatu eta neguko merkatuan Bigarren Mailara joan zen utzita, Gimnasticera. Ona dateknikoki, azkarra, eta erdiraketa onak egiteko gai da. «Talde zuri-gorrian dauden zenbait jokalarik ez zuten Lehen Mailan jokatuko euskal herritarrak ez balira. Angulo, ostera, oso ona da», esan zuen behin Sevillak Espainia iparraldean eta Hego Euskal Herrian duen begiraleak. Athleticeko teknikariek ere asko eman dezakeela uste dute, baina zelai barruan erakutsi behar du. Alde txarra, hotzegia dela.
-Barkero: Merkatuak ere ez du aukera handirik ematen. Realean Barkero eta Gabilondo aritzen dira eta ez dute beti jokatzen. Aurten, aretxabaletarra fitxatzen saiatu da talde zuri-gorria. Blas Ziarretak ondo ezagutzen du Eibarren entrenatu zuenetik. Entrenatzaile bizkaitarrarekin eman zuen mailarik onena gipuzkoarrak. Azkenean ezin izan zuten fitxatu, ordea. Gainerako euskal taldeek ez dute Athleticek fitxatu dezakeen ezker jokalari interesgarririk.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Ezquerro eta ezkerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu