FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. FUTBOLA

ESPAINIAKO LIGA. Erasoan gehixeago. Erasoan ere ondo molda daitekeela erakutsi eta lehen garaipena lortu nahi du Realak gaur Anoetan

Xabier Lopetegi.
2006ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Erasoan ere ondo molda daitekeela erakutsi eta lehen garaipena lortu nahi du Realak gaur AnoetanXABIER LOPETEGI

Donostia

Realak bere atera aurkariarenera baino gehiago begiratzen ez ote dun galdetu zioten herenegun Jose Mari Bakerori. Erantzuna, hauxe: «Gure areatik hamabost-hogei metrora defenditzen dugu eta! Beste gauza bat da ordena izatea. Hori dagoeneko ondo barneratuta daukagu. Orain baloiarekin daukagun kalitatea erakusteko garaia da. Ondo entrenatzen ari gara, eta uste dut Recreativoren aurka emaitzak ikusiko ditugula». Hori espero dute zaleek. Orain arte ondo egindakoari eustea, eta gaizki egindakoa, hau da, erasoa, hobetzea. Gaur baino aukera aproposagoak ez ditu asko izango, aldez aurretik, behintzat: etxean, eta Lehen Mailako aurrekonturik eskasena daukan taldearen kontra -15 milioi euro-.

Sevillak eta Real Madrilek bere aurka egin bezala, bera ere pronostikoak betetzeko gauza dela erakutsi behar du Realak. Liga hasiera ez da ona izan, hiru partidatan puntu bakarra lortzea uzta eskasa delako. Baikorrek sendotasuna azpimarratu dute, eta egutegi gogorra aipatu. Gogoratu beharra dago, hala ere, batez beste bi gol jaso dituela Realak -kopuru handiegia- eta, batez ere, gorriak ikusi dituela gora iristeko. Irabazten ari zela abantailari eutsi ezina izan zen iragan denboraldian Realak izandako arazo nagusia. Hori gaindituta daukan ikusteko modurik ez da izan aurten, sekulan ez baita markagailuan aurretik jarri. Defentsan izandako balizko hobekuntza horri nekez aterako dio etekinik erasoan gehixeago ez baldin badu egiten.

Ildo horretan, gaurko partida argigarria izan daiteke. Real Madrilek eta Sevillak ez zioten eroso jokatzen utzi, bakoitza bere erara. Zuriak baloiaz jabetu ziren Bernabeun, eta galdutakoan berehala moztu zuten presioarekin eta faltekin txuri-urdinen jokoa. Sevilla, berriz, inor baino iaioagoa da kontrarioari jokoa galarazten. Pentsatzekoa da gaur desberdina izango dela partida. Recreativok ziurrenik horrenbeste ez du estutuko eta ekimena hartu beharko du Realak. Hor izango du orain arte baino zerbait gehiago erakusteko aukera. Aukera, edota bere miseriak agerian geratzeko arriskua.

Izan ere, baloiarekin izan dituzte lanak txuri-urdinek orain arte. Gerardo eta Rivasek osatutako euskarri bikoitzari nekez eskatu ahal izango zaio jokoa sortzea. Sevillak, adibidez, baloia ateratzeko metro asko utzi zien, horretaz jakitun. Alonsori ez zaio punta erdi petoaren trazik hartzen eta Aranburu eta Novo ez daude oraindik fin. Stevanovicek, berriz, minutu bat ere ez du jokatu. Hegaletatik ere minik ez du egin taldeak, Urangak, lan duina egin arren, gutxi desorekatzen duelako, Rekarte gutxi igotzen ari delako, eta jokalaririk erabakigarriena, Prieto, iragan denboraldikoaren antzik ez duelako oraingoz. Horiek horrela, Kovacevicek Sevillaren aurka izandakoaz gain ez du errematerako aukera garbirik izan eta baloi luzeetan borrokatzera mugatu behar izan du.

Bakerok behin eta berriz adierazi du taldeak badituela jokalari onak, baina arazoa ez da atzo goizekoa. Iazko denboraldi amaieran ere gauza bera gertatu zitzaion, eta orduan Mark Gonzalez eta Nihat zeuzkan. Denboraldi honetan, arrazoia edozein dela ere, erasoan erantzukizuna hartu behar dutenek ez daude mailarik onenean. Gaurko partidan, gainera, Felicio eta Aranburu ezingo ditu zelairatu Bakerok. Portugaldarrak min hartu du ezker belaunean entrenamendu batean, eta azpeitiarrak partida bateko zigorra bete beharko du. Xabi Prietok orkatila bihurritu zuen atzoko entrenamenduan eta jokatuko duen ere ez da erabat ziurra. Hemeretzi jokalari sartu ditu deialdian entrenatzaileak, zalantza argitzeko zain.. Skoubo taldekideekin entrenatzen hasi da, baina oraingoz ez dute deialdian sartuko.

Ikusi beharko da entrenatzaileak nola lotzen dituen geratzen zitzaizkion piezak. Askok bi aurrelarirekin jokatzea eskatzen ari badira ere, ez dirudi kasu egingo dienik. Bi aurrelari soilik dauzka une honetan jokatzeko moduan, eta Diaz Zerio area jokalaria da, gol ehiztaria, lerro artean min egin dezakeen jokalari azkarra baino gehiago. «Talde hau zelai erdiko jokalariak gora iritsi daitezen eta protagonismo handia izan dezaten dago diseinatuta. Inportanteena ez da bi aurrelari izatea, baizik eta atzetik hiru edo lau jokalari iristea, gutxienez». Hori ez da praktikan ikusi, baina daukan taldearekin pozik dago Bakero: «Johnson hemen izatea nahi nuen bere garaian, jokalari desberdina zelako, baina faltan ez dut ezer sumatzen». Zerbait gehiago erakutsi beharko du Realak derrigor, taldeari zerbait falta zaiola pentsatzeko tentazioa dutenei arrazoirik ez emateko.

Recreativo: eskarmentu faltan, ilusioa

Gutxi iraun zuen Recreativoren azken abentura Lehen Mailan. Denboraldi bakarra baino ez. 2002-2003ko sasoia izan zen, Reala bigarren izan zenean, hain zuzen. Orain, ordea, ilusio berrituarekin ekin dio ibilbideari. Talde txukuna osatu du, eta Liga hasi ere halatsu egin du. Lehen Mailan finkatutako jokalaririk ez da ageri hamaikakoan: Lopez Vallejo eta Cazorla dira 50 partida baino gehiago jokatu dituzten bakarrak. Eskarmentu falta hori ilusioarekin ordezkatzen dute. Viqueira erdilaria arduratzen da taldea mugitzeaz. Baloi sakonetan primeran moldatzen da, eta fisikoki ere dohain handiko jokalaria da Deportivoren harrobitik ateratakoa. Vila-realetik bi jokalari on ekarri ditu zuzendaritzak: Arzo erdiko atzelaria eta Cazorla eskuin hegalekoa. Etorkizun handiko jokalaria da Arzo, garaia, sendoa, eta baloia ondo ateratzen duena. Cazorlak, berriz, hegaletik barneratzeko erraztasun handia dauka. Aurrealdean, azkenik, litekeena da Sinama Pongollek betetzea Uche izarraren tokia. Aurrelari txikia, azkarra eta bat-bikoetan trebea da frantziarra. Bere izena Realak fitxatzeko hautagaien artean agertu zen udan, beste askorekin batera. Rosu beteranoarekin osatuko du bikotea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.