Datorren ekainaren 11n Osasuna eta Betis Vicente Calderon futbol zelaira ateratzen direnean konturatuko dira benetan Athleticeko jokalariak Espainiako Kopatik kanpo daudela. Ametsa bukatu da, eta, beraz, esnatu eta aurrera egin behar dute jokalari zein teknikariek.
Argi eta garbi dago ez dela samurra izango. Aukera paregabea galdu zutela pentsatzen dute, baina ezin da atzera egin. Bidea egiten jarraitu behar dute, eta sasoi amaierako azken bi partidak gurutze bidea izan ez daitezen, Son Moixen irabazi egin behar du Athleticek.UEFArako txartela eskuratzea ez da final bat jokatzea bezain polita izango, baina sari ederra da, eta asko dago jokoan. Datorren denboraldian aurten sortu duten ilusioa sortzea, besteak beste.Horretarako, Liga amaitzeko falta diren hiru partidak irabazi behar ditu talde zuri-gorriak. Lehenengo hiru puntuak Son Moixen egongo dira jokoan. Arrazoi askogatik, ez dirudi zelai aproposena denik: azken denboraldietako emaitzak ez dira onak izan, Hector Cuperrek zuzentzen dituen taldeen aurka etxetik kanpo jokatu dituen bost partidak galdu ditu talde bizkaitarrakÉ eta beharbada garrantzitsuena, Mallorcaren motibazioa izango da. Teorian, sailkapenean askoz gorago egoteko taldea dauka Cuperrek. Halere, denboraldia hasi zenetik beheko postuetan egon da, eta ezin izan du aurrera egin. Azken txanpan erreakzionatu du, guztia galduta ikusi dutenean, eta itxaropen apurrari eutsi gura diote azken jardunaldia arte. Horretarako, Levantek ere egin du bere ekarpena. Salbazioa lortzeko arazorik ez zuela izango zirudienean, behera egin du nabarmen, eta hala zuzendaritzako kideak nola taldekoak urduritu egin dira . Horrenbestez, matematikoki aukerak dituen bitartean, borrokatzeko prest dago irletako taldea. Athletici ez zaio txarto etorriko Mallorcaren garaipen premia. «Oso motibatuta zelairatuko dira, baina estutasuna ere izango dute. Bi taldeok irabazi egin behar dugunez, partida irekia izango da. Nire taldea ondo badago, irabazi egingo dugu», adierazi zuen Valverdek.
Arazoak eskuin hegalean
Mallorcaren estutasunari aurre egiteko joko sistema aldatu lezake teknikari zuri-gorriak. 4-4-2kora itzuli eta kontraerasoaren aldeko apustua egin dezake Athleticek. Cuperrek zuzentzen dituen jokalariak itsu-itsuan zelairatzen badira, zulo asko utziko dituzte zelai erditik atzera, eta Mallorcako zentralak oso azkarrak ez direla kontuan hartuta, arrisku handia sortzeko aukera bat baino gehiago izan dezake Athleticek.
Jokalariei dagokienez, bi zalantza ditu Valverdek: Del Horno eta Iraola. Ezker hegalekoak kolpea dauka bizkarrean atzo bere ordezkariarekin batera Lezaman egon zen, beraz, Chelseatik oso gertu egon daiteke, eta Iraolak belauneko atzeko aldea minduta du. Usurbildarrak aukera gutxi ditu jokatzeko, eta Joseba Etxeberria ere min hartuta dagoela kontuan hartuta, eskuin hegala osatzeko arazoak izan ditzake Valverdek. Atzealderako, Murillo eta Cesar dira hautagaiak, eta zelai erdian Solabarrietak edo Tikok jokatuko dute aspaldi eskuin hegalean jokatu barik egon ostean, Kopan hegalean jokatu zuen Tikok Etxeberria lesionatu zenetik. Jardunaldi askotan deialditik kanpo egon den Arriagak ere izan dezake aukeraren bat. Casasek ordezkatuko du Del Horno ezker hegalean.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Hiru puntu, ahazteko
Kopako kolpeari aurre egiteko gaitasuna duen erakusteko aukera du gaur Athleticek San Moixen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu