FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. hotza berotzeko

urte amaierako bolada onari eutsi gura dio athleticek gaur numanciaren aurka; yesteren hutsuneak zuri-gorrien jokatzeko era baldintzatuko du

haritz gallastegi
2005eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
2004 amaitu zuen era berdintsuan hasi gura du urtea Athleticek: joko onarekin eta emaitza bikainekin. Etxetik kanpo irabazteko bidea aurkitu guran hiru hilabete aritu ondoren, Zaragozaraino joan behar izan zuen talde zuri-gorriak sekretuaren bila Liejan eman zioten edabe magikoa.

San Mames gotorleku bihurtuta, etxetik kanpoko partidetan maila ematea besterik ez zuen falta Athleticek. Nekatuta, baina garaipenek ematen duten indar, alaitasun eta lasaitasunarekin hartu zituen oporrak.Urte berriarekin batera, Ligako bigarren zatian metatuko zaien lanean pentsatzen hasi dira jokalariak. Erronka gogorra dute aurrean, eta bidea nekagarria eta gogorra izan ez dadin, garaipenek ematen duten indarra beharko du Bizkaiko taldeak.Espainiako Ligako azken sailkatuaren etxera hiru puntuen bila joan da. Hasiera batean, aurkari aproposa dirudi bolada onarekin jarraitzeko. Gainera, Los Pajaritoseko harmailen zati handi bat zale zuri-gorriz beteta egongo da. Ondorioz, jokalarien gogo eta gaitasunari jarraitzaileen laguntza gehituz gero, garaipena gertu egon daiteke. Ez da horren samurra izango, ordea. Jakina da Espainiako Ligan ez dagoela aurkari errazik. Gainera, nonbait indarra badu, etxean da indartsua Numancia. Irabazi dituen puntu guztiak zaleen aurrean eskuratu ditu. Halaber, ez da ahaztu behar Athleticek joko negargarria egin duela talde apalen aurka Getafe eta Albacete tartean eta ez duela inolako bermerik eskaintzen.Soriako partidarako baja garrantzitsu bat izango du Valverdek. Txartelak tarteko, Yestek partida bateko zigorra bete beharko du. Basauritarra goi mailako jokalaria da, eta, Athleticek ezker hegalean dituen gabeziak aintzat hartuta, are eta garrantzitsuagoa da. Kanpoan irabazi dituen bi partidak aurrelari azkarrekin eta hegalak indartu ondoren eskuratu ditu Valverderen taldeak.Yeste ez dagoenez, ikusi egin beharko da zein erabaki hartzen duen entrenatzaileak. 4-4-2koarekin jarraituz gero, Casas zelairatu eta Del Horno aurreratzea izan daiteke irtenbideetako bat. Bestea, Yesteren ordez erdi puntan Tiko zelairatzea da, euskarrian Gurpegi eta Orbaizi eutsiz. San Mameseko joko sistema berberarekin ere joka dezake Athleticek. Etxean jokatu arren, aurkariari itxaron egiten dio Numanciak, eta gaitza da kontraerasoa baliatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.