FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. «Irabaziz gero, doan da amets egitea»

haritz gallastegi
2005eko apirilaren 24a
00:00
Entzun


Aurten egin duen jokoarekin eta taldearen ibilbidearekin gustura dago Andosillako jokalaria. Pena bat ere badauka, ordea: aurkariek behin eta berriz erabiltzen dutela bere positiboa Athletici eta jokalariari min emateko. Pena baino, amorrua sentitzen du. Hala ere, kontu mingarriak alde batera utzi eta talde zuri-gorriarekin zerua ukitzea gura du erdilari indartsuak.

Ruiz de Lopera futbol zelaian egindako partidaren ondoren moralez gainezka egongo zarete.

Bai, baina kontu handiz aritu behar gara. Hutsean berdindu genuen eta Betisek Ligan erakutsi zuen, San Mamesen, gol asko sartzeko gai dela etxetik kanpo.

Kopa alde batera utziko dugu oraingoz. Beste partida gaitz bat daukazue. Sevillak bisitatuko du San Mames.

Neurketa oso garrantzitsua da. Sevillak guk baino bost puntu gehiago ditu. Irabaziz gero, asko gerturatuko gara eta sasoi amaierara arte Europan sartzeko borrokan egongo gara.

Aste barruan partida daukazuenean hurrengoan ez duzuela zuen onena ematen esaten du Valverdek. Ados al zaude?

Kasu honetan asko daukagu jokoan. San Mamesen jokatzen dugu eta ezin dugu huts egin. Ea nekea ez den asko nabaritzen.

Sevilla taldetik zer edo zein nabarmenduko zenuke?

Talde indartsua da, gogorra. Marti, Baptista eta aurrelariak nabarmenduko nituzke.

Ociok, Alfarok eta Javi Navarro Sevillako jokalariek ez dute jokatuko. Nabarituko ote du taldeak hiru zentralen hutsunea?

Aprobetxatu egin behar dugu. Erritmo gogorra ezarri behar dugu hasieratik. Nekea nabaritzen badugu, aldaketa eskatu besterik ez dugu egin behar taldekide bati lekua lagatzeko.

Athleticen inguruan zuritik beltzera azkar pasatzen da. Oraingoan baikortasuna da nagusi. Beraz, Sevilla mendean hartuz gero, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko bidean jarriko zaretela pentsatuko dute zaleek.

Sevillaren aurka irabaziz gero asko gerturatuko ginateke. Gertu dago eta amets egitea debalde da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.