Ez dago gehiago kale egiterik Osasunarentzat. 2005a hasiz gerotik, Ligari neurria hartu ezinda dabil taldea, eta, larritzen hasi aurretik, Getaferi irabazi eta arnasa pixka bat hartu nahi du gaur. Osasuna mendean hartuz gero, nafarrek adina puntu izango du Getafek. Hori saihestera zelairatuko dira gorritxoak.
Lehen Mailan estreinako denboraldia du Getafek 2004-2005ekoa. Jaisteko postuetan egoteko hautagai sendoa zela zirudien arren, Gica Craioveanu eta enparauak sasoi txukuna egiten ari dira. «Talde honek ez du zerikusirik lehen itzulian Sadarren aritu zenarekin. Getafek asko egin du hobera tarte honetan, eta ez da norgehiagoka samurra izango», adierazi zuen atzo Javier Aguirrek, badaezpada. Hori bai, partidaren gakoa non egon daitekeen badaki entrenatzaile mexikarrak: defentsan. «Aste osoan defentsa lana hobetzeko entrenamenduak egin ditugu; markatzean izaten ari garen akats inozoak errepikatzerik ez dut nahi, eta behingoz ateari hutsean eustea izango da helburua, golik ez jasotzea da gakoa», esan zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak. Ondorio horretara iristeko buruhauste askorik ez zuen izango Aguirrek, dena den: Espainiako Ligan gol gehien jaso duen taldea da Osasuna, eta azken hiru irteeretan hamaika gol egin dizkiote Espanyol, Athletic eta Betisek.Gainera, urtarrilean Getaferen aurka ere neurtu zituzten indarrak gorritxoek, Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Osasunak gainditu zuen kanporaketa, baina joaneko partidan Sadarren lortutako 2-0ekoari esker soilik, itzuliko partidan asko sufritu baitzuten Aguirreren mutilek Alfonso Perez zelaian; Getafek hiru gol sartu zizkien.Getafen hasieratik zelairatuko duen hamaikakoaren inguruko arrastorik ez du eman Aguirrek aste honetan. Halere, gutxienez bi aldaketa egingo ditu entrenatzaile mexikarrak, Ritxar Sanzol atezaina eta Pierre Webo aurrelaria min hartuta baititu. Atean Elia ariko dela baieztatu zuen atzo Aguirrek komunikabideen aurrean egindako agerraldian, baina aurrealdean Moralesen bikotekide nor izango den ez dauka hain argi mexikarrak: «Milosevic eta Aloisiren arteko hautua egin beharko dut», esan zuen atzo nafarren entrenatzaileak. Deialdian sartu duen beste aurrelaria Ivan Rosado da.Halere, deialdiko aldaketa nagusia Gonzalo Eraso izan da. Bigarren taldeko atezainarentzat Lehen Mailako partida bat ordezkoen artetik jarraitzea ere gauza handia da, eta amets hori gutxienez beteko du gaur Getafen. 23 urte ditu Erasok, eta, lehen taldearekin sarritan entrenatu izan bada ere, estreinako aldiz sartu zen atzo deialdi batean. Sanzol min hartuta dagoenez, ez da azkena izango.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Irabazteko ordua da
Sailkapenean larri ibili aurretik, 2005 urteko lehen garaipena lortu nahi du Osasunak Getafen; gaurko aurkariak Osasunak baino hiru puntu gutxiago ditu soilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu