FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. jantzi berria

asteazkeneko aurkari berberaren aurka, Osasunaren hamaikakoak zortzi aldaketa izango ditu

2005eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Atletico Madrili irabazi eta jaitsiera postuetan dauden hiru taldeek kale eginez gero, Osasuna matematikoki salbatuta egon daiteke asteburu honetako Liga jardunaldiaren amaieran. Hori kontuan hartuta, gaur arratsaldeko partidak berebiziko garrantzia duela dirudi, baina asteazkenean Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partida jokatu ostean, gorritxoen buruan Aguirre entrenatzailearen buruan ere bai lehentasuna Kopak duela gero eta argiago dago.

Asteazkenean Kopan aurkari izan zuten talde bera izango dute gorritxoek gaur ere aurrean. Orduan Ligan bi partida jarraian irabaztetik zetozen gizonen aldeko apustua egin zuen bezala, Aguirrek ezohikoei emango die txanda gaur. Cuellarrek, Puñalek eta Valdok soilik jarraitzen dute hasierako hamaikakoan. Aspaldian jokatzeko aukera askorik izan ez duten hainbat futbolari izango dituzte ondoan: Aloisi, Milosevic, Exposito, Corrales, Moha eta Sanzol atezaina, esaterako. Gainera, euskarri falta ikusita, Sota bigarren taldeko gazteak Lehen Mailan estreinako aldiz jokatzeko aukera ere izan dezake David Lopez hegaleko jokalaria erdian jartzea da beste aukera.«Taldea ondo ari da lanean entrenamenduetan, eta denek merezi dute jokatzeko aukera», esan zuen atzo Aguirrek aldaketak arrazoitzeko. Gainera, «zigortuta eta min hartuta dauden jokalariez gain, kontratuak jokatzea galarazten dion jokalaririk ere bada lehia honetarako», jarraitu zuen Aguirrek. Eta ez zioen gezurrik: Ortiz Atletico Madrilek utzita ari da Osasunan, eta kontratuak debekatu egiten dio bere jatorrizko taldearen aurka aritzea. Krutxaga eta Muñoz min hartuta daude, eta Pablo Garcia eta Josetxo zigortuta zigorraz gain, Josetxok tendinitisa du eskuin zangoan. Argi dago: zortzi aldaketa egitera derrigortuta ez zegoen Aguirre, baina hamaikakoa errepikatzea ezinezkoa zen.

«Ezohiko jokalariek grina berezia erakuts dezakete»

Gainera, ezohiko jokalariek grina berezia erakuts dezaketela uste du entrenatzaile mexikarrak: «Ligako helburua ez dugu oraindik ziurtatu, eta irabazi egin nahi dugu. Nire jokalariak gogo handiarekin ariko direla badakit, gutxienez. Futbol gosea dute berdeguneratuko ditudan futbolari guztiek, fresko daude eta gogotsu ere bai. Animikoki aitzakiarik ez da orain», esan zuen. Nolanahi, Aguirrek badaki Atletico Madril Europarako borrokan murgilduta dabilela Ligan ere, eta partida ez dela erraza izango ondorioztatu zuen atzo: «Ez dakit Kopan baino erasokorrago zelairatuko diren edo ez, baina Europarako lehian dabil Atletico eta irabazi egin nahiko du.

Asteazkeneko Kopako partidaren ondotik, Madrilgo komunikabide askok Osasunaren zakartasuna eta gogortasuna salatu dituzte. Atletico Madrilen porrota arrazoitzeko aitzakia merkea izan daitekeela jakingo du Aguirrek, baina mexikarrak ez zuen eztabaidarik eragin nahi izan atzo: «Besteen iritziak onartzen ditut, baina nire taldeak beti jarrera bera erakusten duela uste dut. Indar berarekin aritu ohi gara beti, Osasunaren ezaugarrietako bat da jokalari nafarren sena. Intentzio txarrarekin egindako sarrerarik ez zela izan uste dut nik, baina nolanahi epaileak epaitu behar du hori.Halere, Kopako itzuliko partidarako giro beroegia sortzeak ez du kezkatzen mexikarra. «Vicente Calderonen Sevillaren aurkako partidetan bezalako giroa sortzeak ez nau kezkatzen, inguruan aldeko giroa nahiz kontrakoa izan, berdin zelairatu ohi gara futbolean jokatzera».

-

ALDAKETA ATEAN



Bi hilabete eta gero, Ritxar Sanzol Osasunako hamaikakora itzuliko da gaur



Berritasunez josita dago gorritxoen hamaikakoa, baina aldaketarik esanguratsuenetako bat atean izango du. Azken hiru partidetan Juantxo Eliak ez du gol bakar bat jaso, baina, hala eta guztiz ere, gaur arratsaldean Ritxar Sanzolek izango du Osasunaren atea zaintzeko ardura. Sanzolek jokatutako azken partida Real Madrilen aurka Sadarren jokatu zuena izan zen. Hamalau partidatan Eliaren ordezkoa izan ostean, Aguirrek beste aukera bat eman zion Sanzoli Real Madrilen aurka. 1-0 irabazten ari ziren partida, nafarrek 1-2 galdu zuten, ordea, otsailaren 12an. Real Madril estu hartu zuten gorritxoek, baina Sanzol ez zen txukun aritu partidaren azken txanpan eta Osasunak galdu egin zuen. Gainera, atezainak min hartu zuen hilabete eta erdirako.

Sanzolek nahiagoko zuen asteazkenean Kopako finalerdia jokatu, baina azkenean Eliari eman zion erantzukizuna Aguirrek, eta ezohikoei Ligan jokatzeko aukera eman die. Atzo, Sanzolek ez zuen aitortu nahi izan Kopako hitzordua galtzeak eragin dion atsekabea: «Kopako partida iragana da jada, orain Ligan pentsatu behar dugu, Atletico Madrilen aurkako norgehiagoka garrantzitsua da. Taldea dinamika onean da, eta horrela jarraitu nahi dugu», esan zuen. Asteazken goizeko lan saio arinaren amaieran zuen aurpegiak hitzik ez zuen behar atsekabea adierazteko. Sanzolek Kopan jokatzeko ilusioa zuen, baina Aguirrek ez zion aukerarik eman. Ekainean kontratua amaitzen zaio Sanzoli, eta kontratu hori berritzeko denboraldi amaiera txukuna egin nahiko du. Gaur du lehen aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.