sasunaren historiako jokalaririk garestienari asko kostatu zaio taldean tokia egitea, baina azken jardunaldietan Richard Morales izan da gorritxoen jokalari garrantzitsuena. Realaren aurkako derbian (1-0) nahi gabe belaunarekin denboraldiko bere lehen gola sartu zuenetik, aurrelari uruguaiar erraldoiak ez du etenik izan: Santanderren gola sartu zuen (1-1), Sevillaren aurka Sadarren ere bai (4-1), eta iragan jardunaldian Atletico Madrilen zelaian ere beste gol bat sartu zuen, nahiz eta golak puntu bat eskuratzeko ere ez zuen balio izan (3-2).
Espainiako Ligan baloi horia erabiltzen hasi zirenetik (Racingen aurkako partidan lehendabiziko aldiz), jardunaldi guztietan gola sartu du Moralesek, eta hiru golak buruz lortu ditu. Zaragozaren aurka gola sartzen badu, Osasunaren historiaren liburuan orritxo bat izateko ohorea irabaziko du Chengue-k, Osasunako jokalari bakar batek ez baitu inoiz gola egin bost partidatan jarraian. Aurrez, behin bakarrik lortu zuen Osasunako jokalari batek lau partidatan jarraian gola sartzea. 1980ko hamarkadaren hasieran lortu zuen Patxi Irigibelek balentria hori. 20 urte geroago, Moralesek marka berria ezar dezake.Richard Moralesen aurpegian nabaria da poza azken boladan: «Beti egon izan naiz pozik, nahiz eta askotan barrutik izorratuta egon. Golak dira aurrelarion alaitasunaren arrazoi nagusia, eta alde horretatik kexarik ez dut une honetan. Konfiantza, lasaitasuna eta motibazioa ematen dute golek, eta orain pozik nago». Patxi Irigibelen marka berdindu ostean, marka berria ezartzeko aukeraren inguruan ere galdetu zioten Moralesi. «Errekorra lor dezakedala gogoratu didate, bai, baina argi daukat garrantzitsuena hiru puntuak lortzea dela. Golak nork sartzen dituen berdin da, irabaztea da garrantzitsuena», erantzun zuen aurrelari gorritxoak, bere bolada onari garrantzia kendu nahirik. Apal mintzatu arren, merezi du saria Moralesek.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. OSASUNA. Fitxaketarik garestienaren etekina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu