FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Ostegunean Zaragoza Kopan, baina, gaur, Tenerife Ligan

Espainiako Kopako beste finalerdia Real Madril-Sevilla izango da, baina Melek alde batera utzi nahi du txapelketa hori «helburua Liga delako»

Jon Rejado.
2004ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Astero bi partidako erritmoa mantentzen du Alavesek Espainiako Liga eta Kopako norgehiagoken artean. Gaur arratsaldean Teneriferen kontra jokatuko du Gasteizko taldeak (18:30ean, ETB1), eta ostegunean Kopako finalerdietako lehen partidari aurre egingo dio Zaragozaren kontra. Atzo egin zen zozketa. Datorren astean jokatuko da joaneko partida Gasteizen, eta hurrengoan itzulikoa Zaragozan. Beste finalerdia Real Madril-Sevilla izango da.

Pepe Mel Alaveseko teknikoak, ordea, alde batera utzi nahi du Kopa: «Ligako emaitzei dagokienez ez digu bat ere lagundu, partida bakarra irabazi baitugu Kopako partidak jokatu ondorengo jardunaldian», azpimarratu du madrildarrak. Gorakako bideari berriz eusteko gasteiztarren lehen helburua denboraldi hasieran Mendizorrotzak izan zuen gotorleku irudia berreskuratzea da. Helburu horretan taldearen ehuneko ehuna eskatzeaz gain, Pepe Melek zaleei laguntza eskatu zien Teneriferi aurre egiteko: «Hemen nagoenetik ez dut ezer eskatu, zaleei gauzak eskaintzeko helburua izan baitut; gaurkoan, ordea, haien laguntza beharko du taldeak partida aurrera ateratzeko», adierazi zuen. Harmailaren bultzadarekin bizitasuna eta jarrera erasokorra berreskuratu nahi du Alavesek, sasoi betean ez dagoen talde bati, Teneriferi, lehen minututik inolako aukerarik ez emateko.Bestalde, datorren ostegunean Mendizorrotzan hasiko den Kopako finalerdietako kanporaketa orekatua dagoela azpimarratu zuen. Orain arte erabili duen taldea mantenduz Kopako finalera heltzeko ahaleginak egingo dituela nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.